Kultura, berrogeialdian

Bilboko Loraldia jaialdiak bertan behera utzi ditu bere seigarren aldiko ekitaldi guztiak. Hainbat areto eta museok itxi dituzte ateak, eta kultur ekintza ugari atzeratu edo ezeztatu dituzte

Antolatzaileek Bilboko Loraldia jaialdia etetea erabaki dute. Ekitaldi ugari egin behar zituzten datozen asteetan, euskal kultura ardatz hartuta. M.RAMIREZ./ FOKU.
mikel lizarralde
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Egunetik egunera handituz doa koronabirusaren eragina Euskal Herrian, eta kultura arloan ere ondorio nabarmenak izaten ari da. Herenegun hasi ziren erortzen kultur agendako ekitaldi ugari, eta atzo tantaka-tantaka eta etenik gabe iritsi ziren bertan behera gelditu diren ekitaldien eta ateak itxi dituzten kultur azpiegituren jakinarazpenak. Erortzen azkenetakoa Bilboko Loraldia izan da. Atzo arratsaldean bilera egin zuten antolatzaileek, eta jarraian ohar bidez eman zuten erabakiaren berri: «Agintariek martxan jarri dituzten neurriak kontuan harturik eta areto, egoitza eta artistek hartutako erabakiek eraginda, Loraldia Festibalaren 6. edizioa bertan behera uztea erabaki behar izan dugu». Jaialdia asteartean hasi zen, eta bi ekitaldi besterik ez ditu eman ahal izan.

Bizkaian, herenegun jakinarazi zuten MAZ Basauri jaialdia bertan behera gelditu dela —aste honetan eta hurrengoan egin behar zuten—, eta atzo jakinarazi zuten beste hainbat ekitaldi ez direla egingo eta hainbat kultur azpiegiturak ateak itxiko dituztela. Hala, Bilbon, Arriaga antzokiak itxi egingo du datozen hamabost egunetan, eta ez du ekitaldirik emango. Erabaki bera hartu dute Basauri, Zornotza, Elorrio, Galdakao, Durango eta Gernikako antzokiek ere. Halaber, atzo erabaki zuten Durango Arte eta Historia Museoak eta Gernikako Bakearen Museoak ixtea.

Atzeratu egingo dute, halaber, Gatibu taldea hilaren 28an Bilboko Miribilla kiroldegian hogeigarren urteurrena ospatzeko ematekoa zen kontzertua ere; urriaren 31ra pasatuko da. Gernikako Lekuek jaialdia ere eten egin dute, eta bertan behera geratu da Jabier Muguruzak Geltokiak izarretara aurkezteko larunbatean Bilboko Bidebarrietan eman behar zuen kontzertua ere. Break On Stage Bilboko kultura urbanoaren jaialdia martxoaren 21ean zen hastekoa, baina ekainaren 13tik aurrera egingo dute, programazio berarekin. Bilbao Poesia jaialdia bertan behera utzi dute, baita Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo emanaldiak ere.

Gasteiz izan da orain arte koronabirus kasuen arretagune nagusia, eta areto ugari itxi zituzten han atzo bertan: Jimmy Jazz, Hell Dorado, Urban Concept, Kubik eta Mitika. Ruper Ordorikak atzo Principal antzokian eman behar zuen kontzertua ere bertan behera utzi zuten. Bertsolaritzari dagokionez, Arabako Bertso Kuadrilla Artekoak hirugarren finalaurrekoa zuen jokatzekoa larunbatean, baina Arabako Bertsozale Elkarteak atzeratzea erabaki du, baita hilaren 28an Murgian egitekoa zen finala ere. Hain zuzen ere, gaur Murgian zuen Amek ez dute nobelaz hitz egiteko hitzordua Katixa Agirre idazleak, baina azkenean ez da egingo.

Donostian, Kristinaeneako Ingurumen Baliabideen Etxea itxiko dute gaurtik aurrera, eta Gipuzkoako hainbat herritan ere berdin gertatuko da. Azpeitian, Kulturaz kooperatibak bertan behera utzi ditu datozen bi asteetarako antolatuta zituen saio guztiak. Ekitaldiei dagokienez, Arrasateko gaztetxean ostegunero egiten da kontzertua Kooltur Ostegunak programaren barruan, eta atzo Skakeitan taldeak eman behar zuena bertan behera utzi zuten antolatzaileek. Eta Kaxilda liburu dendan Joseba Zulaika antropologoak hilaren 18an eman behar zuen hitzaldia ere ez da egingo.

Gaurtik hasita eta igandera arte, Herri Musikaren 19. Jardunaldiak egin behar zituzten Donostian, Errenterian eta Oiartzunen,Soinuenea Herri Musikaren Txokoak, Musikenek eta Eresbilek antolatuta, baina azkenean ez dira egingo, koronabirusagatik. Antolatzaileek adierazi dutenez, beren asmoa da topaketak oraindik erabaki ez duten data batera atzeratzea. Legorretako Legoreggae festibala ere ez dutela egingo iragarri dute antolatzaileek. Martxoaren 28an zen egitekoa.

Nafarroan, herenegun jakinarazi zuten Iruña Rock jaialdia ez dutela aurten egingo. Laugarren aldia zuen aurten, baina oraingoz ez da egingo, Nafarroako Osasun Publikoko eta Laneko Institutuak bertan behera utzi baitu, koronabirusagatik. Hiru egunez egin behar zuten, hilaren 19tik 21era, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta 27.000 ikus-entzule biltzea espero zuten. Jaialdian, besteak beste, Su Ta Gar, La Polla Records, Kase.O, Boikot, El Drogas, Koma, Los Chikos del Maiz eta Aphonnic ziren parte hartzekoak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak, bestalde, atzo jakinarazi zuen asteburuan Goizuetan eta Jaunsaratsen (Basaburua) jokatu behar ziren Bardoak txapelketako bi finalaurrekoak atzeratu egin dituztela. Bi herri horietako udalekin adostuta hartu du erabakia elkarteak, eta astelehenean erabakiko du, berriz, zer egin finalarekin. Berez, hilaren 28an da egitekoa Lizarran.

Hain zuzen ere, Lizarrako eta Berako udalek bertan behera utzi dituzte ekintza gehienak hamabost egunerako.

Euskadiko orkestra, geldi

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak herenegun jakinarazi zuen datorren astean Gasteizen ematekoa zen abonu denboraldiko kontzertua ez duela egingo, eta atzo, berriz, iragarri zuen Bilbo, Donostia eta Iruñeko emanaldiak ere gelditu direla bertan behera hilaren 21era arte. Egun horretako Miramongo Matineea ere ezeztatu du orkestrak. Donostiako Orfeoiak ere bi ekitaldi zituen programatuak datozen asteetarako —EHU-Donostiako Orfeoia sariaren entrega ekitaldia hilaren 23an, eta kontzertu bat Madrilen apirilaren 2an—, baina biak gelditu dira bertan behera.

Euskal Herrian ez ezik, beste herrialde batzuetan ere eragina izaten ari da koronabirusa, etahainbat museok ateak itxi dituzte. Madrilgo Prado museoa atzo itxi zuten, eta New Yorkeko Metropolitanera ez da sartzeko aukera izango gaurtik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.