Albistea entzun

Belaunaldi baten uzta

Bost urteotan Donostiako Tabakaleran egonaldia egin duten zenbait artistaren obrak ikusgai jarri dituzte zentroan, aurreneko aldiz, 'Estudiotik at' erakusketan
Askotariko lanak bildu dituzte erakusketan. Irudian, Marianna Christofides artistaren <em>It Exhausts my Elbow</em> proiektuko (2018) zenbait diapositiba.
Askotariko lanak bildu dituzte erakusketan. Irudian, Marianna Christofides artistaren It Exhausts my Elbow proiektuko (2018) zenbait diapositiba. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko otsailak 26

Bisitarientzat ezezaguna den espazio zabal bat dago Donostiako Tabakalerako hirugarren solairuan. Sortzaile askok, baina, ongi ezagutzen dute toki hori: aldi baterako lantoki, sorgune eta topaleku izan dute azken bost urteotan. Baita etxe ere. Gune horretan sortutako obren aukeraketa bat publikoaren aurrean ikusgai jarri du orain, lehen aldiz, Tabakalerak, zentroko erakusketa areto nagusian. Estudiotik at. Bost urtetako sorkuntza izenburupean, «gaur eta hemen sortzen ari den artearen panoramika bat» ematen du bildumak, zentroko kultur zuzendari Clara Monteroren esanetan. Eta artista belaunaldi baten erakusketa dela gehitu du, hain zuzen ere, «Tabakalera belaunaldia» deitu duenarena.

Lanerako guneak ez ezik, askotariko baliabideak ere sortzaileen eskura jartzen ditu hirugarren solairuko Artisten Guneak. Bost urteotan, ehun sortzaile inguru igaro dira bertatik, Tabakalerak aldiro egiten dituen egonaldi programetakoren batean parte hartzeko hautatuak izan ostean. Horietako batzuen obrak eraman dituzte aretora, 35 lan denera. Monteroren hitzetan, egungo artistek baliatzen dituzten askotariko formatu eta tekniken erakusgarri da bilduma; hala, argazkiak, margolanak, marrazkiak, instalazioak, eskulturak, soinu lanak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte. Halaber, artista belaunaldi hori kezkatzen duten gaiak zein diren ere antzeman daiteke bilduman, hala nola identitatearen eraikuntza, gorputza, genero indarkeria eta ingurunearekiko harremanak.

Manu Muniategiandikoetxea artista eta Laura Maioz arkitektoa arduratu dira erakusketa diseinatzeaz. Egonaldia egin zuten haiek ere, elkarlanean, eta halako egitasmoak sortzaileen arteko sareak sortzeko garrantzitsuak direla nabarmendu du Muniategiandikoetxeak. Ildo horretan, uste du erakusketako obrak, prozesu pertsonalen emaitza ez ezik, elkarreragin horien fruitu ere badirela. «Badute etxe honen ukitu bat».

Egonaldiek sortzaileei eskaintzen dieten bultzada nabarmendu dute, halaber, lanak ikusgai jarri dituzten hainbat artistak. Izaro Ieregirentzat, adibidez, «oso aberasgarria» izan zen 2018an Tabakaleran egin zuen egonaldia. Orduan landu zuen erakusketan jarri duen instalazioa: performance baten bideo proiekzioak eta egitura tubular batzuek osatzen dutena. Handik gertu dago Javier Rodriguez Perez-Curielek iazko egonaldian Stasis egitasmoaren barruan sortu zituen piezetako bat.

Bakarka egin zuten lan hainbat artistak, eta beste batekin elkarlanean aritu ziren egonaldian beste hainbat. Bikote artistiko horien emaitzen adibideak ikus daitezke aretoan aurrera egin ahala. Egile bakoitzaren obrak bereiz daitezke zenbait kasutan: 2018an elkarrekin landutako argitalpen bat jarri dute ikusgai Natalia Suarezek eta Gomez Selvak, baina baita lehenaren marrazkiak eta bigarrenaren argazkiak ere. Beste kasu batzuetan, berriz, «egiletzak urtu» egiten dira, Ainara LeGardonen hitzetan; hala gertatzen da, haren ustez, Ignacio Cordobarekin sortu zuen soinu piezan, bi bafletatik entzungai dagoena.

Erakusketan bildutako askotariko tekniken eta formatuen erakusgarri da, halaber, Angela Millanoren eta Julian Pacomioren obra. 2018an, film batetik abiatuta, performance bat landu zuten, eta haren «arrastoak» diren objektuak eraman dituzte orain aretora. Areto beraren bukaeran, Sahatsa Jauregiren eta Julia Panadesen arteko elkarlanaren emaitza ikus daiteke: Mecheros de gasolina instalazioa (2019). Eta bi obra horien artean, beste hainbat daude: Gabriel Garcilazoren eta Mirari Etxabarriren marrazkiak, Claudia Lorenzoren oliozko margolanak eta zelozko eskulturak, Susana Camara Lereten grabazioak, eta Nadia Barkate eta Ignacio Garciaren zianotipiak eta obra grafikoak, besteak beste.

Ildo berri baten hasiera

Estudiotik at bildumarekin, erakusketa ildo berri bat abian jarri du Tabakalerak, Artisten Gunean gauzatzen diren sormen prozesuak jendaurrera eramatea helburu duena, eta datozen urteetan jarraipena izango duena.

Asmo berari erantzuten diote Lantegi Irekiak izeneko jardunaldiek ere, urtean bitan antolatzen dituztenak. Jardunaldiotan, artisten espazioen ateak publikoarentzat zabaltzen dituzte, bien arteko harremanak sustatu, eta sortzaileen obrak eta lan prozesuak ezagutarazteko. Halaxe egingo dute orain ere, erakusketari lotutako jarduera paraleloei hasiera emateko. Gaur arratsaldean eta bihar goizean estudioetara bisita egiteko aukera izango da, orain bertan lanean ari diren artisten proiektuak ezagutzeko. Halaber, eta erakusketak iraun artean —maiatzaren 9ra bitarte—, hitzaldiak, tailerrak, performanceak, proiekzioak eta bestelako jarduerak izango dira Tabakaleran.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Dom Campistron ilustratzailea, gaur goizean, Donostian. ©Jon Urbe / Foku

'Bekatorosak' lan grafikoa eman du Dom Campistronek

Itziar Ugarte Irizar

Aldudeko eta Nafarroa Behereko beste zenbait herrixketako lesbiana, queer zein gayen zazpi testigantzatan oinarritu du liburua. Elkarrek argitaratu du.

Saltxitxa batzuen barrutik igaroko da erakusketako bisitaria. Barruko hormetako azukre kotoiek Glauze eta Kreonte irudikatzen dituzte. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Medearen ekintzak, enpatiaz

Amaia Igartua Aristondo

Antoni Hervasen 'Sausages' erakusketak Euripidesen 'Medea' tragedian pertsonaia mitologiko horrek duen bilakaera islatzen du. Okela sormen lantegian ikus daiteke, ostiralera bitarte

Mendibururen 'Txori libreentzako kaiola' eskultura, berriki zaharberritutakoa ©Monika del Valle/ Foku

Remigio Mendibururen 120 artelan bildu ditu Arte Ederren Museoak

Amaia Igartua Aristondo

Artista hondarribiarraren hiru hamarkadako ibilbidea islatu dute ‘Mendiburu. Materia eta memoria’ atzera begirakoan. Irailaren 5era bitarte bisitatu ahalko da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna