Sei poetaren antologia

80ko urteetan jaiotako sei poeta bildu dituzte Jon Kortazarrek eta Paloma Rodriguez Miñambresek 'Bidea eta zauria' liburuan. Balea Zuriak argitaratu du

Jon Kortazar, Peru Magdalena eta Paloma Rodriguez Miñambres, atzo, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko atari aldamenean. JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Estiloz, gaiez eta nortasunez ezberdinak diren sei poeta elkartu dituzte Bidea eta zauria antologian: Peru Magdalena (Berriz, Bizkaia, 1980), Jon Benito (Zarautz, Gipuzkoa, 1981), Hasier Larretxea (Arraioz, Nafarroa, 1982), Ione Gorostarzu (Berastegi, Gipuzkoa, 1984), Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) eta Beatriz Txibite (Iruñea, 1991).

Badajozen (Espainia) argitaratzen den Suroeste aldizkariko Antonio Saez Delgadok 2020an egindako eskari bati erantzuteko hasi ziren lanean Paloma Rodriguez Miñambres eta Jon Kortazar EHUko irakasleak.

Aldizkariak Revista de Literaturas Ibéricas dauka izenpean, eta katalanez, portugesez, galizieraz, asturieraz eta euskaraz egindako literaturaz ere arduratzen dira aldian behin, gaztelaniara itzultzeko. 1980ko hamarkadan jaiotako bost euskal poetaren bosna poema eskatu zituen aldizkari hark. «Orain arte gutxi aztertuak izan diren poeten lanak hautatzeko bidea eman digu horrek»; hala iruditzen zaio Kortazarri. «Aukera eman digu, baita ere, 2001etik aurrerako poesiaren bideak euskal sistema literarioan behatzeko».

Badajozko argitalpenaren ondoren, Bidea eta zauria bilduma osatzea erabaki dute orain, poema gehiagorekin, eta, bide batez, Hasier Larretxea idazlea ere erantsirik. Orotara, sei poetaren 57 poema ekarri dituzte, 2000. eta 2019. urte bitartean argitaratuak: Magdalenaren 11 olerki, Benitorenak zazpi, Larretxearenak bederatzi (horietatik hiru argitaragabeak), Gorostarzurenak hamar, Astizenak bederatzi eta Txibiterenak 11. Balea Zuria etxeak plazaratu berri du liburua.

Idazlearen espiritu kritikoaz

Kortazar eta Rodriguez Miñambres irakasleek idatzi dute liburuaren sarrera. Rodriguez Miñambresen arabera, Bidea eta zauria izenburuak erreferentzia metaforikoa egiten die idazketaren prozesuari aurrena, eta ondoren saminari, denbora joanari eta orekatua ez den munduari.

Felipe Juaristi idazleak erantsi dio epilogoa liburuari. Azken lerroetan honela azaldu du: «Gizatasunaren barrenetik idatzitako poesia da aurkezten duguna. Gizatasuna zer den ulertzeko espiritu kritikoa behar da; garaian bizirik, garaiaren aurka joan beharra dago, eta garaiaren alde ere bai, dakartzan mesedeak eskertuz. Idazleak kritikoa izan behar du, bere buruarekin lehendabizi, gainerakoekin gero, eta dena bere izaeraren betaurrekoekin begiratu behar du, besteen nagusipean deus ere uzteke».

Antologiek izaten dituzten hiru baldintzez mintzatu da Juaristi aurkezpen ekitaldian: «Garrantzitsuena da antologia horrek zer adierazi behar duen; bigarrena da norentzat den antologia; eta hirugarrena, berriz, denbora». Juaristiren aburuz, «antologia honek une jakin bati erantzuten dio», gazte garaiari; 40 urte arte «bizi izandakoa adierazten du». Berehala zehaztu du: «Poesian, denbora da epailerik zorrotzena. Denborak esango du gazte hauen poesia zahartu egin den, kaskartzeraino, edo gazte irauten duen, eder eta sendo, amaieraraino». Eta bukatu du: «Beste garai batzuk etorriko dira; idazleek antologia esku artean hartuko dute, eta haiek hor geratuko dira, argazki batean bezala. Antologia bat argazki bat da, azken batean».

Poetak banan-banan

Rodriguez Miñambresen arabera,zaurgarritasuna eta gaurkotasuna dira sei poeta hauen ezaugarri komunak. «Felipe Juaristik esan duen arren denborak juzgatuko dituela, antologiaren egileak izan garenok uste dugu poeta hauek iraun egingo dutela». Magdalenaren gai unibertsalak aipatu ditu: «Hor ditugu maitasuna, niaren subjektibotasuna eta denboraren igaroa». Benitoren argitasunaz mintzatu da ondoren: «Gaietan eta idazkeran Gabriel Arestiren arrastoak antzematen zaizkio». Larretxearen poesiaren ibilbidea «oparoa da, surrealismoaren ukituekin». Uste du Gorostarzurengan feminismoaren ahotsa aurkituko duela irakurleak, «ahalduntze prozesuak, eta maitasun harremanen eta amatasunaren ikuspegi berriak». Astizen poesia erak deskribatzeko «erreferentzia kulturalak eta intertestualitatea» nabarmendu ditu, baina baita «ironiaren baliabide ugariak eta munduaren askotariko interpretazioa» ere. Eta solasaldia amaitu du Txibiteri buruz mintzatuz: «Ekialdeko poesia maite du, haikuen egitura, eta poema hauetan igarriko dugu urruneko kulturen doinua euskarara xarmaz moldatzen». Rodriguez Miñambresentzat, mende honetako kontu sozialei buruzko kezkak agerikoak dira sei poetengan.

Kortazar irakaslearen aburuz, poesia atzeraldian dagoen generoa da literaturaren sisteman. «Argitaletxe nagusiek poesia liburuen kopuru txikia plazaratzen dute. Neurtua dute poesiaren agerpena. Gehienetan, bi edo hiru liburu urtero». Gaurko panorama zenbakitan agertzen saiatu da, taulen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.