Isiltasunaren mugan

Erramun Mendibelanda artistak 1989tik gaur egunera arte sortutako ia 50 lan jarri dituzte Bilboko Juan Manuel Lumbreras galerian, urriaren 15era arte

Erramun Mendibelanda artista, Bilboko Lumbreras galerian ireki duen erakusketako margolanetako baten aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
«Nahi nituzke hizkuntza guztiak ahaztu».Erramun Mendibelanda artistaren koadroak (Gernika, Bizkaia, 1958) isiltasun piktorikoaren ertzeraino bertaraino heltzen direla dirudi maiz: salbuespen gutxi batzuk gorabehera, ia-ia lerro bertikalak eta lerro horizontalak baino ez ditu topatuko bisitariak Bilboko Juan Manuel Lumbreras galerian; kolore deigarriegirik ez, eta giza gorputzaren pare bat erreferentzia bakarrik aretoaren bi solairuak betetzen dituzten ia 50 piezetan. Grabatuak eta margolanak dira gehien-gehienak, eta badira hiru autore kutxa ere. «Arteak ez du komunikazioa bilatzen, jakintza bilatzen du». 1989tik 2021era bitarte sortutako lanen hautaketa da erakusketa, eta San Joan Gurutzekoa poetaren XVI. mendeko bertso lerro bat darama titulutzat: Volé tan alto tan alto… que le di a la caza alcance (Hegan egin nuen hain altu hain altu... ehiza bera bainuen harrapatu). Dioenez, margolanei ekitean, ez du sorkuntzarako programa jakinik izaten buruan, baina, erakusketako ateak ireki aurretik, ordu erdiz, isiltasun moduko horren erdian, bata bestearen atzetik utzi ditu grabagailuarentzat erortzen artelan horien atzean dagoen introspekzio lanari eta transzendentzia asmoari buruzko gogoetak, ia etenik eta galderentzako tarterik gabe, tantaz tanta isurtzen den arteari buruzko aforismo jario pertsonal moduko batean.

LAN PROZESUAZ

«Gakoa da galtzea, etengabe galtzea, behin eta berriro. Tailerrera joan eta negar egin arratsalde oso batez, musikarekin. Gainera, tailerrean zaude goizean euforiko, zoragarri; hiruretan dantza egiten duzu zuk bakarrik; lauretan, zalantza; bostetan, zuzenketa; seietan, damua; zazpietan, alferrekoa... Egun bakar batean egoera horiek guztiak bizi ditzakezu. Errealitate mingarri eta triste horretan ibiltzeak eramaten zaitu, une batean, zuretzat ez ziren gauzak ulertzera. Galtzen duzun heinean, bakartzen zaren heinean, baztertzen zaren heinean, hegan hasten zara, eta, erakusketaren tituluak dioen bezala, hegan egite horretan ehiza harrapatzera heltzen zara, ulertzera, iluminaziora».

BESTETASUNAZ

«Askotan daukat sentipena koadroak beste batek pintatu dituela. Nik esan ahal dizut pintatzen dudala horrela eta hala, eta ahal dudan zentzu guztietan. Handik bi astera, ikusten dut egin dudana, buelta ematen diot, eta pentsatzen dut norbaitek erabili egin nauela, tonto bat banintz bezala, hori egiteko. Instrumentu bat izan naiz. Teorian, nik jakin egin behar nuke momenturen batean nola noan hurbilduz nire ni inteligente horretara, baina gero, askotan gertatzen zait hori gerora, buelta ematen diodanean lanari, edo beste batekin harremaneanjartzen dudanean. Azken momentu hori identifikatzeko gaitasuna da eskertzen dudana».

ITSAS LERROAZ

«Koadroetan badago niretzat funtsezkoa den Ea aurreko itsas marra (Bizkaia). Itsasoaren marra zuzena hor zegoen duela 25.000 urte, eta 25.000 edo 45.000 urte barru ere hor egongo da, orain daukan esanahi berberarekin. Itsas marrarekin hitz egin behar dugu, ze hori da betikoa. Eta arteak ematen dit baimena transzendentea den gauza batekin kontaktatzeko, ze artea inhumanoa da, ez dago gure neurrira eginda, ez egilearenera, ez ikuslearenera. Hortik kanpokoa ez da artea; irudia da, funtzioa da. Eta erakusketa honetan ez duzu ikusiko sentipen horren nahia baino».

IKUSPEGIAZ

«Koadroaren lerroak ez dira sartzen logika batean, ez da gehiketa bat eta ezta konpentsazio bat ere, inoiz ez. Bertikala edo horizontala, berdin da, ze bekatua gurea da, beti kokapen berberarekin. Etzaten bagara, itsasoa bertikala bihurtzen da. Pintura hauek ez diete erantzuten irudiaren espektatibei».

HAURTZAROAZ

«Urteak daramatzat hau lantzen. Txikitan ere bai, jakin gabe. Nire bila joan behar zuten egunero, 'non dago Erramun afaltzeko?', edo 'non dago eguneroko injekzioa hartzeko?', ze ni beti gaixo egoten nintzen, eta ni, han, harriak botatzen itsasoan».

HELDUEZINAZ

«Literaturan, euskal kulturgintzan, ikusi dut letraren menpe daudela, eta ez, beste harreman bat behar da harekin. Letraren azpian egon behar dugu. Ezin dugu letra erabili. Guk dena ipintzen dugu gure zerbitzura; bada, alderantziz: zure gainean izan dadila egun horretan esaldi hori: hori da artea. Lotuegi gaude. Ez etorri hona irudien espektatibara, ezta literaturaren espektatibara ere. Literatura da bere menpe ipintzeko. Musika, bere menpe ipintzeko. Ze behar ditugun hizkuntzak, guk ulertzen ditugu barruan ditugulako. Hori da nire esperientzia. Ni olioaren menpe nabil, bertikalaren menpe, itsas lerroaren menpe. Eta ez dut bilatzen: agertu egiten da. Hori ere ez dago nire neurrira, nire zerbitzura; alderantziz, ni galdu egin behar naiz hor, eta ikasi».

ARTEAREN ARRISKUAZ

«Errenazimentuan, egiturak egiten zituzten, eta gero estali, jantzi: berdin gabiltza orain. XX. mendean biluztu egin zuten hori guztia, egia behar zutelako. Horregatik, Txillida estruktura bat da, Oteiza estrukturaren beste irakurketa bat da, babesleku bat. Eta, orain, gizartean nagusi dira zenbakiak, zenbat jende, publizitatea, zenbakiak... Artea alternatiba da, beste aldea da, eta horregatik da arriskutsua».

KOADRO HAUTAKETAZ

«Aretoa bi aldiz betetzeko adina koadro ekarri ditut. Denak kristal onarekin jarrita zeuden markoetan. Nola hautatu ditudan? Benetan, nahiago nuke esan haiek aukeratu nautela ni. Berbadunak dira. Hauek [koadro pare bati begira] denborak aukeratu ditu, eta hori [beste koadro bati keinu eginez] gehiago, hori 1996koa da».

ERAKUSKETAZ

«Problematika handia da, niretzat, erakusketa hau. Nire desio bakarra da ea hemen sostengatzen den hau dena, eta ez den bihurtzen irudia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.