'Antigone edo ezetzaren beharra'-k irabazi du Donostia antzerki saria

Epaimahaiaren esanetan, arrazoi askorengatik hautatu dute antzezlana: «Proposamen ausarta da». Antzerkiaren Nazioarteko Egunean jasoko du saria Horman Poster konpainiak, martxoaren 27an

Sariketaren antzolatzaileak eta obrako ordezkariak, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanak irabazi du 22. Donostia antzerki saria, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatzen dutena. Atzo jakinarazi zutenez, Horman Poster kolektiboaren antzezlana saritu du epaimahaiak, joan den urtean Donostian helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena izan dela iritzita. Antigona tragedia klasikoaren bertsio garaikidea da obra, Xanti Agirrezabalak, Maite Aizpuruak, Matxalen de Pedrok eta Jon Ander Urrestik antzeztua, Igor de Quadraren zuzendaritzapean. Ez dira gutxi izan klasiko greziarra egokitu dutenak; euskaraz, baina, oholtza gainean interpretatu den lehen lana da. Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo dute saria banatzeko ekitaldia, martxoaren 27an, Viktoria Eugenia antzokian, eta bertan taularatuko dute berriro obra. Horman Poster konpainiak, sari gisa, 12.000 euro eta Oaia Peruarenaren artelan bat jasoko ditu.

Epaimahaiaren esanetan, arrazoi askorengatik hautatu dute antzezlana. «Proposamen ausarta da lan hau. Klasiko bat oso moderno egitea lortu dute, estetika izugarriarekin, eta, gainera, lehen aldiz euskaraz. Sorkuntzatik asko du». Era berean, kontakizun eta bertsio «freskoa» dela diote. «Aktoreen lana ona, erradikala eta librea da, umorea eta drama ongi uztartuz. Elementu gutxirekin, obrak bere helburuak lortzen ditu». Konpainiak egindako «lan bikaina» saritu nahi izan dute.

Gustura eta eskertuta agertu ziren konpainiako kideak: «Gu bezalako konpainia txiki edo ertainek horrelako errekonozimendu bat jasotzea ez da egunero gertatzen. Bultzada itzela izan daiteke». Onartu dute lanak programatzea ez dela erraza: «Antigone-ren ibilbidea nahi baino xumeagoa izan da. Ezin izan ditugu saio asko egin; itundutako zirkuituetatik kanpo egon gara. Guregan sinesten genuen, emanaldi bakoitzak harrera ona zeukan, baina asko borrokatuta lortu dugu emanaldi bakoitza». Aurrera segitzeko «hauspoa eta gogoa» eman die sariak. Halaber, Antigone egiten jarraitzeko gogoz daudela adierazi zuten.

Kolektiboaren esanetan, Sofoklesen Antigona testutik eta beste bertsio garaikide batzuetatikJean Anouilh, Beltrolt Brecht, Maria Zambrano, Judith Butler, Slavoj Zizek, Jokin Zaitegi... abiatuta sortutako proiektua da Antigone edo ezetzaren beharra. Lana modu «kolektiboan» egin dutela aitortu zuten: «Elkarrizketa luze eta sakonetatik datorren antzezlan bat da». Boterearen inguruko galderak, kezkak eta hausnarketak eguneratu eta biltzen ditu, eta ariketa egin ikuslea gogoeta horietara bultzatzeko. Obraren estreinaldia 2020ko azaroan egin zuten, Bilboko Arriaga antzokian. Ez da izan antzezlana saritu duten aurreneko aldia: Azpeitiko Antzerki Topaketetan publikoaren saria irabazi zuen 2020an.

Antzezlanean gizartea zeharkatzen duten eta iraunkorrak diren gatazka etiko eta politikoak lantzen dituzte, «tragedia grekoaren eta mitoen gaurkotzeko gaitasunaz baliatuta». Hala azaldu zuten: «Feminismoaren eta pentsamendu desobedientearen mito politikoa berrikusi nahi izan dugu, obedientzia eta desobedientziaren arteko tarte laburra eta kontraesanak taularatuz». Boterea, obedientzia eta desobedientzia ditu ardatz obrak, beraz. Beharrezkotzat jo zuten prozesua euskaraz egitea.

Horman Posterrekoak dira Antigona euskaraz taularatzen lehenak, baina obra euskaraz irakurtzeko aukera bazen aurretik. Jokin Zaitegik Sofoklesen testua grekotik itzuli zuen 1946an, eta Mexikon argitaratu zuen, Antigone izenburuarekin. Bilboko antzerki konpainiako kideek haren bideari segitu diote, eta haiek ere Antigone hitza erabili dute, Antigona erabili beharrean. Tituluaren bigarren zatiarekin, «bertsio bat dela erakutsi» nahi izan dute. Antzezlanean askotariko hizkuntza eta elementu eszenikoak erabiltzen dituzte.

2021ean, helduentzako euskarazko hogei antzezlan eskaini zituzten Donostian, eta 45 emanaldi egin —hogei obra horietatik hemezortzik betetzen zituzten sariketan parte hartzeko baldintzak—. Denera 6.609 ikusle joan ziren. Aitortu dute ikusle kopurua aurreikusi baino apalagoa izan dela, baina, hala ere, gustura agertu dira izandako harrerarekin. «Esan dezakegu Donostian euskarazko antzerkiaren eskaintza sendo eta indartsu dagoela, eta publikoak oso ondo erantzuten duela». Pandemiaren ondorioak nabarmendu dituzte, edukiera mugek eragina izan dutelako.

Proiektu berriak

Esku artean duten proiektu berria ere aurreratu zuten Horman Poster kolektiboko kideek: Souvenir, komedia extralurtarra antzezlana. Azaroaren 10ean estreinatuko dute obra, Bilboko Arriaga antzokian. Azaldu zuten kolonialismo estralurtarraren eta turismo espazialaren inguruko hausnarketa bat egiten duela: «Tragediatik komediara egingo dugu salto. Planeta honetatik alde egiteko aprobetxatuko dugu, eta bidaia estralurtar eta espazial bati ekingo diogu. Gai hori aitzakiatzat hartuta, turismo espazialaren inguruan eta horrek dakarren kolonialismo prozesuaren inguruan arituko gara». Espiritu «kritikoa» mantenduko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.