Albistea entzun

Itzalekoak, argitara

Axular Egunaren «misterioa» argitu nahi izan du Altonagak bere azken liburuan: 'Axularren gerizapean'. Itzalean geratutako idazleei buruzko datuak bildu ditu
Kepa Altonaga, atzo, <em>Axularren gerizapean</em> liburuaren aurkezpenean.
Kepa Altonaga, atzo, Axularren gerizapean liburuaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko abenduak 1 - Donostia

Ibilbide luzea du literaturan Kepa Altonagak, eta beste ale bat gehitu du bere uztara: Axularren gerizapean saiakera. Pamiela etxearekin atera duen seigarren liburua da. 1925eko irailaren 17an Saran (Lapurdi) ospatu zuten Axularren Egunetik egin du tira, eta itzalean, ahanzturan eta ezkutuan geratutako hainbat idazleren inguruko datu eta jazoerak bildu ditu. Hala, bilkuraren «misterioa» argitu nahi izan du.

Azaldu du liburua ez dela Axularri buruzkoa. «Axularren Egunean, kroniken arabera, Sarara bildu ziren 'Eskual-Herriko idazle maitatuenak', Iparraldekoak zein Hegoaldekoak. Esan liteke Axular zaharraren konjuruak erakarri zituela, lehen aldia baitzen horrelako ekitaldi batean mugaz alde bietako idazleak batzen zirela», azpimarratu du Altonagak. Haren arabera, badago hor misterio bat: nola iritsi ziren Axularren Eguna ospatzera. Eta hori deskubritu nahi izan du, gauzak ez zirelako «mirakuluz» suertatu. «Bigarren kapituluan ikusiko dugu zer izan zen eta norainoko garrantzia eduki zuen, eta bosgarren eta seigarren kapituluetan zulatuko dugu egun gogoangarri horren antolaketaren misterioa».

Bi mugarri aipatu ditu; batetik, 1914ko urrian Zornotzan (Bizkaia) egindako bazkaria: «32 idazle bildu ziren, denak gizonezkoak». Tartean zeuden, besteak beste, Ebaristo Bustintza Kirikiño, Ixaka Lopez Mendizabal eta Jose Eizagirre —liburuan jasota dago orduko argazkia—. Eta, bestetik, zazpi urte geroago, 1921ean, Oiartzunen (Gipuzkoa) egindakoa. «Bilkura horretan 57 lagun elkarretaratu ziren, eta tartean zeuden andrazko bat eta Iparraldeko idazle bi».

Horiek horrela, Sarako egunaren jiran hainbat joan-etorri eta meandro daude liburuan, kontakizun nagusia «ñabartu eta substantziatuko» dutenak: «14ko Gerla Handiaren su lerroetara joango gara, Mexikoko San Luis Potosi estatuko zilar meatzetan aberastera, edota Portugaleteko (Bizkaia) zubi eskegia ikusiko dugu eraikitzen, eta, gero, 36ko gerlan dinamitatzen».

Liburua irakurtzen joan ahala, hainbat idazle esanguratsurekin egingo du topo irakurleak, gehienak «ahaztuak eta ezkutukoak» izan direnak, eta horien inguruko datuak bildu ditu Altonagak. Batzuk aipatu ditu: Tene Mujika, Kirikiño, Jule Gabilondo, Maddi Ariztia, Edmond Blazy, Jean Etxepare, Miguel Unamuno... «Tene Mujika bekaren gerizapean makina bat idazle gazte atera da, baina inork ez daki ezer hari buruz; besteak beste, ez delako erraza Teneren testurik ezagutzea. Hari ere eman diot protagonismoa, eta mamia substantziatu».

Liburua garaiko argazkiez osatuta dago, eta hori ere nabarmendu du idazleak. «Ahalegindu naiz protagonistak potreta banarekin aurkezten; aurpegiek badute beren munta». Azaleko argazkian egin du azpimarra; Unamuno ageri da Sarako Axularren Egunean. «Argazki ineditoa da; bueno, hobeto argazki ezezaguna esatea, La Baskonia agerkari argentinarrak argitaratu baitzuen 1926an». Beste hainbat argazki «inedito» ere badaudela azaldu du, azalera eramateko moduak. «Garrantzi handia eman diot alde grafikoari».

Emakume idazleen lehen argazkia ere jaso du liburuan, gerraurrekoa. «168. orrian, hor dago. Hamaika idazle daude, denak emakumezkoak, eta testura bazoaz, ikusten duzu zelan egin zen, nortzuk joan ziren, nortzuk ez ziren joan, zergatik, menua zein izan zen...». Liburuak perspektiba bat ematen duela iritzi du: «Ez da erudizio kontua, transmisio kontu bat da».

Liburuaren abiapuntua

Liburuak 1925eko irailean ospatu zen Axularren Eguna ere badu ardatz; ez zen hori hasierako asmoa. Maurice Souberbielle Uztaritzeko medikuaren inguruan idaztea zen Altonagaren hasierako nahia, eta hura izan zen proiektuaren abiapuntua: «Haren inguruko dokumentazioa bereziki nekeza suertatu zitzaidan, eta liburuak, gerora, beste norabide bat hartu zuen». Souberbielleri buruzkoa da lehen kapitulua, eta haren inguruko informazioa arakatzen aurkitu zituen gauzekin joan zen lana forma hartuz.

Idazlearen arabera, kronologia pertsonal batetik abiatzen da; eta ideiak haren kolkoan joan dira garatuz eta egosiz. «Uste dut horrek pilpira bat damaiola testuari, bizitasun bat, errealago bihurtzen du, egiazko, berosimilago, hurbilagoko egiten du diskurtsoa, eta esango nuke erraztu egiten duela konplizitatea irakurlearekin». Istorioak irakurleak «harrapatzea» eta testuan inplikatzea da haren nahia.

Pamiela etxeko editore Jose Anjel Irigarairen arabera, itzalean dauden idazleak deskubritzeko aukera dago liburuan, eta dokumentazio lan handia dago horren atzean. Gainera, idazle horien eta gaur egungoen arteko loturak, joerak eta eraginak aztertzen ditu. Liburuak egungo memoria aktiboa aberasten duela uste du. «Goi mailako hizkuntza eta idazketa darabil, baina, aldi berean, ulerterraza eta erakargarria dena». Liburua ilustratiboa dela azaldu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.