Albistea entzun

Miresten zuen artistaren etxean

Phyllida Barlow artista ingelesaren obra biltzen duen erakusketa ireki dute Txillida Leku museoan. Hogeita hamar piezatik gora jaso dituzte Zabalaga baserrian. Urriaren 22ra arte egongo da ikusgai
Phyllida Barlow artista ingelesaren obra bat, Hernaniko Txillida Leku museoan ireki duten erakusketan.
Phyllida Barlow artista ingelesaren obra bat, Hernaniko Txillida Leku museoan ireki duten erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko maiatzak 24 - Hernani

Txillida Lekuko Zabalaga baserriko atea gurutzatu, eta eskultura erraldoi bat dago aretoaren erdi-erdian. Metalez, poliuretano aparrez, kotoiez, arpillerazko oihalez eta zementuz osatuta dagoen «dorre» bat da; Phyllida Barlow (Newcastle, Ingalaterra, 1944 - Londres, 2023) artistak egina. Obrak duen altuera garaiak gora begira jarri ditu bisitariak. «Zazpi metroko luzera du», argitu du museoko lanen arduradun Estela Solanak. Propio egin zituen halako pieza handiak; izan ere, miresten zuen Txillida, eta haren etxearekin konektatu nahi zituen artelanak. Aurten hil da artista, baina aurretik, 30etik gora lan egin zituen, beren-beregi, Txillida Leku museorako (Hernani, Gipuzkoa) eta espazio horretara egokitu zuen lagin hori. Gaurtik urriaren 22ra bitartean ikusgai egongo da erakusketa.

Irakaslea zen ikasketaz Barlow. Hogei urte baino gehiago aritu zen irakasle lanetan, eta, aldi berean, lotura estua zuen artearekin. Are, Arte Ederretako irakasle emeritu izendatu zuten 2009an. Jarraitu zuen sortzen, gainera, eta munduko hainbat lekutan jarri zuen ikusgai bere lana. Alemaniako Niedersachsische Sparkassenstiftung fundazioaren Kurt Schwitters saria jaso zuen iaz.

«Ariketa intimo gisa hartzen zuen artea», kontatu du Txillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguek. «Zortea izan zuen halere, ezagutzera eman baitzuen bere ariketa intimo hori. Guk ere, nola ez, merezitako tokia eskaini nahi genien hari eta haren lanari».

Txillida Lekun izan zen Barlow iazko udazkenean; besteak beste, espazioari tamaina hartzeko. Museoko zuzendariaren hitzetan, «liluratuta» gelditu zen artista espazioarekin, eta artelanak lantzeari ekin zion orduan. Hilabete gutxiren buruan hil zen, baina. Nolanahi ere, haren lana gorde, eta erakusketa zabaltzea erabaki dute. Museoak ohoretzat du artistaren obra bertan jaso ahal izatea bera. Hala adierazi du zuzendariak: «Barlowren borondateari jarraituz, baserriaren inguru paregabean elkarrizketa eta ikuspegi berriak sortuko ditu publikoarekin. Bizirik dago haren lana. Haren ikuspegiari eta obrari omenaldi justu bat egiten dio erakusketa honek».

Zabalaga ingurua bete du artistaren obrak; kanpo zein barru. Ikusgarriak dira pieza denak: handiak eta koloretsuak. Lehen solairuan, hainbat garaitako obrak ageri dira. Sarreran kokatutako eskultura handiak barruan zer aurkituko duten aurreratzen dio ikusleari. Eraztun itxurako forma erraldoi inperfektu batzuk dira, eta margotutako taula pilatu batzuen gainean sakabanatuta daude. «Baserriaren barruan, berriz, bisitarien eta objektuen protagonismoa duen antzerki agertoki batean murgilduko dira bisitariak, obrek gidatuta», gaineratu du zuzendariak.

Besteak beste, kartoiarekin, oihalarekin, egur kontratxapatuarekin, zementuarekin eta halako material heterogeneoekin lan egiteagatik egin zen ezagun Barlow. Gainera, zuzendariaren hitzetan, haren eskultura «antimonumentalek» badute Eduardo Txillidaren obrarekin «ustekabeko» loturarik. «Txillidaren obraren kontzeptu batzuekin bat egiten dute Barlowren lanek; hala nola grabitatearekin, masarekin eta materialtasunarekin».

Haren obrak, baina, badu bereizgarri nagusi bat: sortze prozesua erakusteko, begi bistan jartzen ditu pistak. «Hartara, bere filmeko aktore egiten ditu ikusleak», azaldu du zuzendariak. Haren ustez, «nahiko tradizionala» zen artista obren eraikuntzetan: «Behin-behinekotasunak, hauskortasunak edo material arruntek eta horiek espazioarekin duten erlazioak garrantzi handia dute haren konposizioetan».

Artistak izendatu gabe utzi zituen artelanok, eta hala mantendu ditu museoak. Massague: «Ez zituen bere obrak izendatzen. Ez zuen nahi izaten izenburuak obraren funtsa aurreratzerik; hartara, publikoaren esku utzi nahi izaten zuen lan bakoitzaren gaineko interpretazioa».

«Bizirik» dagoen obra

Barlowk miresten zuen Txillidaren lana, eta eskultorearen seme Luisek «ilusio handiz» bizi du, hargatik, bi artisten obrak parez pare jarri izana: «Orain batera daude bi artistak eta haien obrak, guretzat hain berezia den leku honetan: Phyllida eta aita».

Barlowren familiarekin «zeharo eskertuta» dagoela gaineratu du. Izan ere, azaldu du haiei esker lortu dutela artistarengandik jaso ezin izan zuten informazioa. «Nik ere badakit zer den senitarteko baten obra ikustea behin joana denean. Artistak joan egiten dira, baina haien lanek bizirik irauten dute».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zetak taldea, azkeneko Herri Urratsen ©Patxi Belzaitz

Zetak, Krav Boca, FM Belfast eta J Martina batu dira EHZ jaialdiaren programaziora

Mikel Lizarralde

Aurretik iragarritako artistez gain, honako hauek ere izango dira Euskal Herria Zuzenean festibalean: Billie Brelok, Daudane, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D. Modu horretan, itxita utzi dute ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo den jaialdiaren egitaraua.

Uxue Razkin Ereineko editorea eta Jon Alonso idazle, itzultzaile eta liburuko hitzaurrearen autorea. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

'Hamabost egun Urgainen' nobela beltza argitaratu dute berriro

Iraia Vieira Gil

Gaur egungo irakurleek uler dezaten kaleratu dute Jose Antonio Loidiren lanaren bertsio berria. Jon Alonsok idatzi du hitzaurrea

Ezker-eskuin, Oriol Roch, Robert Treviño eta Bingen Zupiria, atzo, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitza nagusian. ©JON URBE / FOKU

Artea, gizakia eraldatzeko tresna

Miren Mujika Telleria

«Sona handiko» zuzendariak izango dira Euskadiko Orkestraren 2023-2024ko denboraldian. Denera, 50 kontzertu emango ditu Euskal Herrian. 2024ko otsailean, kontzertu bira bat egingo dute Austrian
Getxoko hiru espaziotan daude ikusgai erakusketak. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxophoto jaialdiak etena aldarrikatuko du, gaurtik hilaren 25era bitartean

Erredakzioa

Hainbat herrialdetako 22 sortzailek beren lanak erakutsiko dituzte beste horrenbeste erakusketatan. Aire zabalean ikusi ahalko dira gehienak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.