Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Tragedia iragarrezina

Tuva Novotny zinemagilearen 'Blind Spot' filmarekin bukatu da Sail Ofizialeko lehia. Suizidioari buruzko drama gogor bat ondu du zuzendariak bere lehen lan luzean

Tuva Novotny zuzendaria, Pia Tjelta aktorea eta Jonas Alarik argazki zuzendaria, atzo, Donostian, Blind Spot filma aurkeztu berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Sail Ofizialeko azken filma gaur emango dute Kursaalean —Drew Goddarden Bad Times at the El Royale—, baina, ohi bezala, lehiaz kanpo erakutsiko dute klausurako filma. Urrezko Maskorra irabazteko hautagai diren lanetatik azkena atzo aurkeztu zuten. Tuva Novotny zinemagile suediarrak Blind Spot ekoizpen norvegiarra ekarri zuen Donostiara, eta, istorio dramatiko eta gogor baten bidez, suizidioaren problema jarri zuen mahai gainean.

Novotnyk hainbat film eta telesailetan aktore gisa parte hartu du orain arte, eta zenbait telesailetako atalak ere gidatu ditu. Zuzendari gisa lehen film luzea du Blind Spot, eta suizidioaren auzia hartu du hizpide. Ahalik eta ikuspuntu errealistena eman nahian, plano sekuentzia bakar batean erakutsi du istorioa. Modu horretan, ikusleak denbora errealean, minutuz minutu jarraituko du nerabe baten suizidioaren aurrean familia batek bizi duen larrimina.

«Gizartearen angelu itsuei buruz hitz egiteko beharra sentitzen nuen», azaldu zuen zuzendariak, lanaren izenburuari erreferentzia eginez. «Badago gazte belaunaldi bat hezten ari direna inor baino hobeak, azkarragoak eta gogorragoak izateko. Uste dut nik neuk ere badudala angelu itsurik. Gizartean gure aurpegi irribarretsu bat erakusten dugu, baina egia da barruan arazo asko dituela jendeak, eta ez duela lengoaia bat nola sentitzen den komunikatzeko». Gizartean zoriontasunari buruz nagusi den ideia ez dela zuzena iritzi zion, eta, beste hainbat gairi buruz baino gehiago, elkarri zer moduz sentitzen garen galdetu beharko geniokeela. Lana prestatzeko, aditu ugarirekin egon zen zuzendaria. «Denek aipatu zuten komunikazioa dela buruko gaitzen isolamendua hausteko abiapunturik onena». Hitz egitearen eta albokoari bakarrik ez dagoela sentiaraztearen garrantzia nabarmendu zuen, eta filma horretaz ohartarazteko egin duela gehitu zuen.

Adituek zinemagileari azaldu ziotenez, inork bere buruaz beste egiten duenean, normalean ingurukoek ez zuten inolaz ere pentsatzen halakorik gerta zitekeenik. «Horregatik, filmaren xedeetako bat zen erakustea errua alde batera utzi behar dela, denok saiatzen baikara guraso edo lagun onenak izaten, eta arreta komunikazioan jarri beharko genukeela».

Hiru saio, jarraian grabatuta

Filma hirutan grabatu zuten, hasieratik amaierara segidan, eta hirugarren harraldia ageri da filmean. Gaia «tentu handiz, dramatizatu gabe» landu nahi zuelako hartu zuen erabaki hori zuzendariak: «Gidoia idazten hasi nintzenetik nekien denbora errealean kontatu nahi nuela». Istorioari ahalik eta errealismo handiena eman nahian, ospitale bateko benetako mediku eta erizainak hautatu zituen aktore profesionalekin batera lan egiteko. «Haiek bazekiten zer esan behar zuten, baina dramatismoan ez erortzea zen niretzat garrantzitsuena, eta uste dut beren eguneroko lana egin behar izateak lagundu ziela hain urduri ez egoten. Aktoreentzat ere lagungarria izan zen dena benetako egoera batean jartzea».

Hiru eguneko grabazioaren ostean «emozionalki ahituta» bukatu zuela aitortu zuen Pia Tjelta aktoreak —gaztearen amaren rolean aritu da—. Bera ere bildu zen adituekin eta elkarteekin, halako egoera bat bizitzeak nolako erreakzioak sortzen dituen ikertzeko. «Denbora errealean grabatzeak kezka piztu zidan hasieran, baina, aldi berean, aukera eman zidan horrelako prozesu baten, shockaren eta minaren faseak bizitzeko eta dinamika horiek agertzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.