Beltzaren kolore, argi eta ilunak

Miel A. Elustondok 'Kezko bola batek itoak birikak' eman du argitara. Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko sortu zen (H)ilbeltza bekaren laguntzaz idatzi du bere lehen eleberria

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Zerk eraman zuen Helena Guatemalako herri txiki hartara? Nor zen Ñaña? Eta nolatan bukatu zuten Helenak eta Ñañak Iruñean? Zer galdu zitzaion Garbiñeri Dakotan, Pine Ridge lakoten erreserban? Galdera horien eta beste zenbaitzuen erantzunak Kezko bola batek itoak birikak eleberrian jaso ditu Miel A. Elustondok. (H)ilbeltza bekaren bultzadarekin idatzi du bere lehen nobela, eta Txalaparta argitaletxearekin plazaratu berri du. Garazi Arrula editorearen hitzetan, «beltza hainbat koloreren nahasketa izan badela eta beltzak argi-itzal ugari dituela erakusten du Elustondoren eleberriak; beltza Baztango euskalkian mintzatu daitekeela, eta, era berean, Lakota herrikoen erreserbaren barruan euskaraz beltz ere mintzatu ahal dela. Zergatik eta nola, hori beste kontu bat da».

Kazetaritzan ibilbide luzea du Miel A. Elustondok; argazkilaria ere bada, baita irakaskuntzan eta gidoigintzan aritua ere. Orain artean hainbat lan eman ditu argitara. Jim Thompson idazle eta gidoilari estatubatuarraren hiru lan euskarara ekarriak ditu: Hiltzailea nire baitan (2006), Amorruaren ume (2009) eta Litxarreroak (2013) —Igela argitaletxeak plazaratu zituen hirurak—. Horiez gain, Western Basque Festival (Susa, 2007) eta William A. Douglass, Mr. Basque (Pamiela, 2011) liburuak idatzi ditu. Lehen nobela du plazaratu berria, eta, egilearen ustez, bai Thompsonen eta bai Igelaren sail beltzeko lanak irakurri izanak zerikusia izan du berak istorio hori idazteko —idazle haren aitzakian izan zen lehen aldiz (H)ilbeltza Baztango (Nafarroa) nobela beltzaren astean—. Baita Lolita Chavez kitxe herrien kontseiluko liderra elkarrizketatu izanak ere. «Haren bidez, Guatemala barruraino sartu zitzaidan, eta liburura ekarri nuen».

Bi dira nobelako protagonistak, idazlearen azalpenaren arabera: «Asmatu dut besteren aginduz ari den emakume bat Guatemalara joan dela, sikario bila. Eta ekarri ere egin duela, Nafarroara, lan narrasen bat modu garbian egitera. Emakume horrek eta sikario horrek markatzen dute nobelaren hari nagusia, eta tartean beste zenbait istorio ere badira». Helena du izena andreak, eta Ñaña sikarioak. «Uste dut gehienbat bien artean josi dutela nobela», gehitu du. «Hilketa bat asmatu behar izan dut, nobelari kolore beltza emate aldera beharbada, eta beste zenbait ankerkeria, beltz hori are ilunagotzeko».

Elustondok azaldu duenez, lagunek animatuta aurkeztu zuen testua bekara, eta haren «hariei tiraka» idatzi du lana; prozesuak buruhauste dezente eman dizkiola ere aitortu du. «Baztango mintzora» jo du idazteko, eta «(H)ilbeltzako kideei aditutako euskara batu eder bizi zernahitarako horixe» izan du eredu.

Arrularen hitzetan, Latinoamerika oro har eta Guatemala zehazki Nafarroarekin lotzen dira eleberrian, Baztango ibarrarekin zehazki. «Dirua, boterea, ohorea galtzen dira eleberrian, baita senideak eta iparra ere baten batek. Azken urteotan Nafarroa astindu duten ustelkeria eta gertakari ilun ugari agertzen dira eleberri honetan, fikziozko garai eta istorioari erreferentzia errealak eta identifikagarriak lotuz». Hala, besteak beste, Aroztegiaren eta CANen inguruko auziak agertuko zaizkie pertsonaiei eta, ondorioz, irakurleei. «Testuinguru sozialak sorkuntzan eragina duela agerikoa da, agerikoagoa beharbada literatura beltzean, eta are gehiago krisi garaietan». Daniel Chavarriaren aipu bat ekarri du gogora editoreak: literatura beltza patologia sozialetik eratorritako dramak azaleratzeko genero aproposena zela pentsatzen zuen idazleak.

Hirugarren deialdia

Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltza bekaren lehen deialdian hautatu zuten Elustondoren nobela egitasmoa. Baztango Udalak eta Txalapartak elkarlanean antolatzen dute beka, eta euskal nobela beltzaren astea antolatzen duen elkarteak sustatu. Bigarren deialdia itzulpen lan bat laguntzeko izan zen; Josu Barambonesek irabazi zuen, eta Patricia Highsmithen The Blunderer lana ari da euskaratzen.

Arrulak gogorarazi du martxan dela hirugarren deialdia, eta narratiba lan bat sortzen laguntzeko beka izanen dela oraingoan ere. Hala, «literatura beltzaren zale eta idazle diren horiek parte hartzera» animatu ditu. Maiatzaren 10era arte izanen dute aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.