Musika plastikoak

Wire post-punk taldearen '154' diskoaren inguruko erakusketa paratu du Booktegik Bilbo Arten. Hamahiru kanturen interpretazio plastikoak biltzen ditu
Juana Garcia-Pozuelok <em>A Mutual Friend</em> kantua izan du abiapuntu bere bi olioak egiteko.
Juana Garcia-Pozuelok A Mutual Friend kantua izan du abiapuntu bere bi olioak egiteko. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Julen Azpitarte -

2019ko maiatzak 21
Wire musika taldeak 1979an argitaratu zuen 154, bere hirugarren diskoa, eta lan horretan oinarritutako erakusketa bat jarri du ikusgai Booktegik Bilbo Arten. Egitasmoa Booktegiren ekimenez sortu da, eta Ainhoa Sanz Lopez de Heredia komisarioak koordinatu du erakusketa. Parte hartu duten hamahiru artistak askotariko teknikez baliatu dira Wireren doinuak artelan bihurtzerakoan. Proiektuan ondoko sortzaileek parte hartu dute: lssie Ansareo, Alberto Albor, Oier Ituarte, Igor Popov, Andrew Gangoiti, Isma Iglesias, Travis Flint, Juana Garcia Palacios, Jorge Rubio, Carlos Garcia Peleez, Daniel Oppenheimer, David Civico eta Ramon Zabalegi. Horiekin batera, Harkaitz Cano idazlea eta Ismael Manterola Artearen Historiako irakaslea ere aritu dira. Lehenengoak hitzen itzulpenetan parte hartu du; bigarrenak, berriz, testu bat egin du propio erakusketarako. Ostegunera arte egongo da ikusgai.

Egitasmoaren abiapuntua, hain justu, hitzen itzulpenean dago, Booktegiko arduradun Aritz Brantonek 154 diskoan jasotako kantuen hitzak itzuli baitzituen Booktegiren plataforman argitaratu eta partekatzeko asmoz. Itzulpen horiek orrazteko, Canorengana jo zuen Brantonek. Booktegiren asmoa euskarazko literatura sustatzea da, baina literatura zentzu zabalean hartuta, eta hor kantuen hitzak ere sartzen dira.

154 diskoaren izaera kolektiboa funtsezkoa izan da hamahiru sortzaile biltzen dituen erakusketa hau abiatzerakoan. Brantonen aburuz, «154 diskoan koherentzia handia dago. Talde baten lana da, baina pluraltasun handia ere bada; taldekideen artean hiru artista zeuden, eta hiruren ekarpenak nabaritzen dira diskoaren alderdi guztietan. Hala, bururatu zitzaidan erakusketa kolektibo bat egitea aukera polita izan zitekeela».

Colin Newman (ahotsa, gitarra), Graham Lewis (baxua, ahotsa) eta Bruce Gilbert (gitarra) dira Brantonek aipatzen dituen musikariak, eta hirurek idatzi zituzten 154 grabazioko hamahiru abestiak.

Wire post-punk edo art-punk estiloaren ordezkari nagusia da, eta Britainia Handian 1970eko hamarkadaren amaieran loratutako punk-rock azkar, motz eta zehatza minimalismoaren bidetik esparru abstraktu eta etereoetara eramaten aitzindaria izan zen. Jarrera ausart, ipurterre eta arty hori tarteko, taldearen lehenengo hiru lanek trilogia aparta osatzen dute: Pink Flag (1977), Chairs Missing (1978) eta 154 (1979). Bada, zehaztasunetik anbiguotasunerako soinu bidaia hirukoitz horren itzala infinitua da; esaterako, Minor Threat hardcore taldeak 12XU kantua jaso zuen bere azken grabazioan; erreferentea da AEBetako pop eta rock independentearen barruan, eta, esaterako, Bilboko Vulk taldean eragin nabarmena izan du.

Pink Flag da hiru diskoetan ezagunena, baina 154-ren eragina sakonagoa da. «Colin Newman taldekideak esan ohi du gehien estimatzen den Wireren diskoa Pink Flag dela, baina Wireren zaleek gehien estimatzen dutena 154 dela. Nik ere gehien maite dudana da, baina hirurak dira ikaragarriak». Erakusketa Brantonen «apeta» ere bada. «40 urte daramatzat disko hau entzuten, eta gutxienez hilean behin entzuten dut». Booktegiren sustatzaileak, gainera, taldearen baimena lortu du egitasmoa gauzatzeko: Donostian izan zen taldearekin oraintsu, eta «erabat txundituta» agertu ziren britainiarrak. «Isma Manterolak erakusketaren harira eginiko liburuaren hitzatzean azaldu duenez, askotan egin da arte plastikoa musika oinarri edukita, eta egiten da, baina ez da hain ohikoa rock album bateko kantuen interpretazio bisualak egitea. Eta, nire ustez, 154 diskoak entzule gehiago behar ditu, eta entzuleek musika hori entzutea merezi dute». Liburu hori Booktegin da eskuragarri, kantuen itzulpenekin eta artistek egindako obren irudiekin osatua.

Bertsio koloretsuak

Abestion itzulpen plastikoak askotarikoak dira, eta, horretarako, hamahiru artistek hainbat teknika erabili dituzte. Horren ondorioz, emaitzak ere oso pluralak dira. Artistak, gainera, askatasun osoz aritu dira. Ramon Zabalegik sarritan uztartzen ditu musika eta artea bere jardunean, eta paperezko eskultura eta ilustrazioa batzen dituen bi piezako obra paratu du erakusketan; 40 Versions kantutik abiatu da, eta abestiak nortasun anitzen gaia jorratzen du. «Ez dakit inoiz zer bertsio izango naizen / Badira hainbat aukera eskura nonbaiten», dio kantuak. Kantuak esperimentatzeko aukera eman dio. «Guztiok dugu nortasun poliedriko bat, zeinetan askotariko pertsonak biltzen diren, ez baikara izaki monolitikoak. Hitzak irakurri, eta karamelu bat zela iruditu zitzaidan. Azkenean, hogei aldeko bi poliedro jarri ditut, eta, hogei alde horietan, makina bat aurpegi marraztu ditut: zaharrak, gazteak, emakumeak, gizonak, haurrak... Zintzilik jarri ditut, perspektiba zabalagoa izateko. Kantuaren moldaketak aukera eman dit jolasteko, normalean ilustrazioan eta grabaketan aritzen bainaiz, eta oraingoan hiru dimentsiotan jardun dut».

Juana Garcia-Pozuelok, ostera, eginda zituen obretara jo du A Mutual Friend kantuak inspiratu diona islatzeko: pop kutsuko bi margolan misteriotsu. «Hainbat aldiz entzun dut diskoa etxean, eta kantu honetan bada ilargia aipatzen duen esaldi talde errepikakor bat; erreferentzia hori hartu nuen nire lana aukeratzeko».

David Civicok, bestalde, eta erakusketaren planteamendua bera zalantzan jartzeko asmoz, Wireko musikariek kantuok idazteko erabili zituzten metodoak erabili ditu bere obra lantzeko; hain zuzen, hainbat erreferentziaz jositako paperezko egunkari bat da, Indirect Inquiries doinutik abiatuta egindakoa. « Egunkari batera ekarri ditut haien lan egiteko moduan antzeman ditudan estrategiak. Uste dut ideia ona izan dela; izan ere, horri esker diskoa argitaratu zen urtean gertatutakoa 2019ko gertakariekin lotzea lortu dut».

Booktegik datorren urtean erakusketa honen formula errepikatzeko asmoa du, baina «kontrako norabidean»: euskarazko disko bat hartu, eta ingelesera bihurtu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna