Albistea entzun

Aitortza aitzindariari

Marijan Minaberrik idatzitako antzerki lanak, ipuinak, olerkiak eta bertsoak bildu dituzte liburu batean. Ekitaldi batzuk egingo dituzte Bankan, idazlearen omenez.
Orain dela bi urte zendu zen Marijan Minaberri. Argazkian, 2007an, bere etxean.
Orain dela bi urte zendu zen Marijan Minaberri. Argazkian, 2007an, bere etxean. GAIZKA IROZ Tamaina handiagoan ikusi

Joana Ibargarai -

2019ko maiatzak 22

Marijan Minaberriren (Banka, Nafarroa Beherea, 1926 2017) lanak biltzen dituen liburua ondu du Euskaltzaleen Biltzarrak: Marijan Minaberriren meategitik. Suaia elkarteko kideek lagundurik, joan den hilaren 11n aurkeztu zuten liburua, idazlearen sorterrian, Bankan. Minaberrik bere ibilbidean landutako hainbat literatur generotako lanak biltzen ditu obrak, hala nola antzerkiak, abere ipuinak, olerkiak, prosa lanak eta bertsoak. Bestalde, idazlearen testuak Helene Dolhareren marrazkiez ilustraturik agertzen dira.

Badira bi urte Euskaltzaleen Biltzarrekoek pentsatua zutela Marijan Minaberriri omenaldi baten egitea liburu bat argitaratuz, oraindik bizi zelarik. Mixel Jorajuria Euskaltzaleen Biltzarreko buruaren erranetan, ez zen Minaberriren lanez «nehor axolatu», Oskorrik 1999an Marijan kanta zan! albuma atera zuen arte. Alta, euskararentzat «anitz» egina zuen idazleak, eta merezi zuen bere lanen biltzea, Jorajuriaren iritziz. Euskaltzaleen Biltzarreko arduradunak gehitu du Minaberrik «sekulako lana» egina zuela euskararen transmisio mailan, batez ere material pedagogikoa euskaraz hornitu baitzuen.

Minaberrik ibilbide luzea izan zuen idazle gisa, eta obra anitz utzi ditu gibelean. 1948an hasi eta hamar urtez, Bankako Herriko Etxean idazkari gisa egonik lanean, herritik joan eta hiru urtez irakaskuntzan aritu zen Baionako Saint-Louis-de-Gonzague ikastetxean. Gero, Basque Eclair eta Sud Ouest egunkarietan aritu zen, han ere idazkari gisa, 1990. urtera arte. Gure Herria eta Herria aldizkarietan, Almanaka urtekarian eta Pan-Pin haur agerkarian idatzi zuen, baita pilotako berriak ematen ere. Lehen lanak aldizkarietan argitaratu zituen, beraz, baina 1961ean Mari-gorri lana, eta 1963an, berriz, Itchulingo anderea ipuin liburua argitaratu zituen. Bi urte berantago, 1965ean, Xoria kantari poesia liburua plazaratu zuen, eta, hain zuzen, Oskorri taldeak liburu horretako olerkiak hautatu eta musikatu zituen Marijan kanta zan! albuma egiteko. Anartean, 1964an, euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Hari beretik, 1969an sortu zen Ipar Euskal Herriko lehen ikastola, Arrangoitzen (Lapurdi), baina, berehala, euskarazko material pedagogikoa eskas izan zuten irakasleek. Horrela, Minaberrik euskarazko hainbat obra ekoitzi zituen haur eta gazte literatura arloan, bai sorkuntzak eta bai itzulpenak eginez, garaian zuten behar bati erantzunez. Idazlea ez zen, gainera, arlo bakar batera mugatu; olerkiak, bertsoak, ipuinak eta antzerkiak ere idatzi baitzituen, Joanes Zirtzil edo Abereen eguberria, besteak beste.

Horrez gain, hiztegigintzan aritu izan zen: Dictionnaire basque pour tous: Basque- Francais (Denentzako euskal hiztegia: euskara-frantsesa) eta Francais-Basque (Frantsesa-euskara) hiztegiak idatzi zen, baita Grammaire basque pour tous (Denentzako euskal gramatika) ere. Gisa berean, euskal irratigintzan aitzindari izan zen, emazte gisa lehenetarikoa izan baitzen mikrofonoan euskaraz mintzatzen. Horrela, euskarari lekua egin zion Radio Cote Basque irratian, eta Gure Irratian eta Lapurdi Irratian ere entzun zitekeen bere boza.

«Minaberriren ibilbide horren omentzeko egina da liburua». Mixel Jorajuriak eta Euskaltzaleen Biltzarreko beste zortzi lagunek elkarrekin eraman dute Marijan Minaberriren Meategitik liburua egiteko proiektua. Eztitxu Berhok eginiko Minaberriri buruzko ikerketa lanetik abiaturik, idazlearen obren zerrenda hartu eta elkarren artean banatu dituzte hainbat testu. Lana abiatzeko orduan, jadanik zendua zen Minaberri, baina lagun mina zuen Andree Ojalvok hainbat obra atxikiak zituen etxean. Han atzeman dituzte testu franko, eta «gustukoenak» zituztenak hautatu dituzte liburua egiteko. «Marijanek baditu sekulako gauzak eginak», ohartarazi du Jorajuriak. Horrez gain, oroitarazi du «haurrentzako antzerki polit batzuk, olerkiak, ipuinak eta bertsoak jende helduentzat» irakur daitezkeela prestatu duten liburuan.

Ospakizun urtea

Euskaltzaleen Biltzarra alde batetik, eta beste aldetik Suaia elkartea ere ari dira Marijan Minaberri eta euskararentzat egin zuen lana omentzen. Bankako elkartea da Suaia, eta herria biziarazteko hainbat jardunaldi antolatzen dituzte urte osoan, pilota edo mus partidak, baina baita kantaldiak eta hitzaldiak ere. Hain zuzen ere, Minaberriren omenez hasiak ziren lanean Bankan, Marijan Minaberriren meategitik liburua plazaratu aitzin. Lehenik, 2017an, emazteek eginiko literatura sustatu eta bultzatu nahirik, Minaberriri omenaldi bat egin zioten Adur eta Sareina elkarteek.

Ondotik, 2018ko azaroan, Suaiak hitzordu bat antolatu zuen «Marijan nor izan zen eta zer egin zuen oroitarazteko», Suaia elkarteko kide Katixa Dolharek azaldu duenez. Idazleari eginak izan zitzaizkion hainbat bideo eta grabaketa erakutsi zituzten bertan. «Marijan kanta zan! kantuarekin egin zen bere izena ezagun 1999an, baina lan handia egina zuen lehenago». Hitzordu horiei segida emanez, Dolharek erran du Minaberriren inguruko «ospakizun urtea» dutela aurten. Hala, Suaiakoei «ederki» datorkie Euskaltzaleen Biltzarrak eginiko lana eta liburua plazaratzea, aurten eginen baitute herriko eskolaren izenaren estreinatzea. «Emaztea zen, idazlea, eta herrikoa». Orain arte izenik gabe egona da herriko eskola, baina, urte hondarra gabe, murgiltze ereduan den eskolak herriko emazte idazle aitzindariaren izena ukanen du: Marijan Minaberri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oteizaren hitzaldiari adi, Artze zutabean bermatuta. Argazkian dira baita ere Mendiburu, Ramos ahizpak, Ugarte eta Amable Arias. ©ARTURO DELGADO / KUTXATEKA

Manifestuaren garrantzia gaur

Gorka Arrese

Juan Pablo Huercanosen 'Gaur taldea. Artea eta eraikuntza kolektiboa' liburua argitaratu du Oteiza museoak. 1966an egindako erakusketaren katalogoaren faksimilea ere badakar gehigarri gisa

Oteiza museoaren hiru argazki, Maria Jose Gurbindo artistaren erakusketan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Obra eta museoa, interakzioan

Ane Eslava

Maria Jose Gurbindo argazkilariak Oteiza museoaren interpretazio pertsonal bat egin du 'Ibidem. Oteiza Museoa' izeneko erakusketan. Eskultura bat balitz bezala landu du eraikina bera. Iruñeko Ziudadelan dago ikusgai

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Epe motzeko memoria ez izateak ahalbidetu digu esperimentatzea»

Aitor Biain

Elorregik uste du Araban bertsoarekiko tradizioan eten bat izateak «konplexurik gabe» aritu eta molde berriak sortzen lagundu dietela. Horren adibide dira kuadrilla artekoa eta binakako txapelketa berria.
Mariasun Landa, artxiboko argazki batean, iaz. Saria banatu eta manifestu bat irakurriko du. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Lizardi literatur sari eraberritua aurkeztuko dute bihar Zarautzen

Ane Eslava

Mariasun Landak emango dio 39. saria Yolanda Larreategiri. 40.aren aldaketak azalduko dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.