Sei milioi euroan kuantifikatu dute Durangoren eragin ekonomikoa

Durangoko Azokak euskal kultur industrian duen eragin positiboa eman du argitara Gerediaga elkarteak eta Siadeco etxeak egindako ikerketak. 54. edizioaren balorazio «oso ona» egin dute

Sei milioi euroan kuantifikatu dute Durangoren eragin ekonomikoa.
Andoni Imaz - Iñigo Astiz
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Sei milioi euro. Hori da euskal kulturaren plazak guztira mugitzen duen diru kopurua. Gerediaga elkarteak eta Siadeco ikerketa etxeak xehe aztertu dute Durangoko Azokak duen eragin ekonomikoa, eta datu hori izan daiteke laburpena. Dena dela, Gerediaga elkartearentzat azterketak diru kopuru hori baino gehiago ere kontatzen du. Ikerketan ondorioztatzen denez, azoka garrantzitsua baita bisitarientzat eta eragileentzat. Bisitariek liburuak eta diskoak erosteko erreferentziazko lekutzat daukate, eta eragileentzat erakusleiho handi bat da. Aurrera egiteko beharra nabarmendu dute orain Gerediaga elkarteko ordezkariek. «Hau oasi batean gera ez dadin, urte osoan zehar bizia ematea da orain erronka. Baina horretarako denok gara beharrezkoak».

Iazko edizioan bildu zituzten datuak, eta aurtengo edizioa amaitzear zela ezagutarazi dituzte, igandez. 15 urtetik gorako 710 laguni egin zieten galdeketa, eta azokan parte hartu zuten 154 eragileengana ere jo zuten: haien arteko 121ek erantzun dute datu kualitatiboei eta iritziei buruzko zatia, eta 109k, berriz, datu ekonomikoei dagokiena. Eta hala kalkulatu dute ez soilik eragin ekonomiko zuzena, baita zeharkakoa eta induzitua ere. Hortik sei milioi euroko datua. Eta pozik antolatzaileak emaitza horrekin, batez ere, azokaren aurrekontua 655.000 euro dela kontuan izanik, haren halako bederatzi delako eragin ekonomikoa.

Bisitariek, denera, milioi bat euro gastatzen dute liburutan, eta ia milioi erdi diskotan; gastu orokorraren %60 eta %28,3, hurrenez hurren. Batez beste, bisitari bakoitzak 49 euro gastatzen ditu azokan, hiru aleren baino gehiagoren truke, eta 28, berriz, Landako guneaz kanpoko ostalaritzan eta merkataritzan, Durangon eta Durangaldean.

Guztiek ez dute berdin gastatzen, baina: 36 eta 45 urte artekoek uzten dute diru gehien, nabarmen. Gizonek emakumeek baino gehixeago gastatzen dute azokan, baina emakume gehiago joaten da. Gazteen artean ageri da desorekarik handiena: 16-25 urtekoetan, hiru bisitaritik bi dira emakumeak. Azokan ez, baina urte osoan emakumeek gizonek baino liburu gehiago erosten dute euskaraz; erdaraz, gutxiago. Gizonek baino gehiago irakurtzen dute, euskaraz eta erdaraz, eta gehiago arduratzen dira ikasliburuak eta opariak erosteaz.

Gabonen atarian egiten da Durangoko Azoka, eta bisitarien erdiek aprobetxatzen dute han erositakoaren zati bat oparitarako. Gainera, beste hainbestek erosten dute libururen bat Durangoko Azokaren ondoren, haren eraginez. Lehenago, ez horrenbestek: bost bisitaritik bik ez dute libururik erosi urte osoan, eta portzentaje bera da euskaraz batere irakurri ez dutenena.

Durangoko Azokara joaten diren bisitari gehienek Bizkaia eta Gipuzkoa dituzte bizileku, alde handiarekin: hamarretik zortzi dira haietatik joandakoak. Biztanletan ere bi herrialde horiek dira gehien populatuak, baina berez duten pisua baino handiagoa da azokako bisitarien artekoa. Gainerakoek galdu egiten dute proportzioan: euskal herritarren %10,4 bizi dira Araban, baina azokako bisitarien %6,8 joaten dira handik. Nafarroaren kasuan, %20,2 eta %5,5 da proportzioa. Ipar Euskal Herrian populazioaren %9,5 bizi da, eta %0,7 da azokako bisitarien zenbatekoa.

Euskal kulturaren girora

Euskaldunak dira azokara joaten direnen %92. Gainontzekoak, ia euskaldunak (%5) eta erdaldunak (%3). Gehienak «euskara eta euskal kultura bultzatu nahiak» eramaten ditu Durangora; euskal kulturari lotutako giroaz gozatzea eta euskal kulturako produktuen berri izatea nabarmendu dituzte hara joateko arrazoien artean.

Bisitariek onuragarritzat daukate azoka: eskaintza eta aniztasuna, sortzaileekin harreman zuzena izatea eta giroa dira gauzarik onenak. Alderdi txarrez ere hitz egin dute: jendetza handia pilatzen dela, sortzaile ezezagunek leku gutxi dutela, eta garraioarekin lotutako arazoak daudela; aparkatzeko zailtasunak eta garraio publiko gutxi.

Eragileek ere egin dute euren balorazioa. Azoka erakusleihoa da haientzat, besteekin harremanak izateko aukera ematen die, eta izaera nazionala duen bilgune bat da. Bestalde, ia bost eragiletik batek egin du kexua standen salneurriagatik, eta azaldu dute Durangoko Azokatik kanpo geratzen direla euskal kulturako eragile batzuk, batez ere txikiak. Ohartarazi dute nobedade asko pilatzen direla, justu azokaren atarian aurkeztuak.

Salmentaz haragokoa da Durangoko Azokaren eragina, eragileek erakusleihotzat baitaukate hura, batez ere. Urteko fakturazioan azokak duen garrantzia asko aldatzen da eragile batetik bestera, baina eragina izan badu: %22koa, batez beste. Pertsona fisikoentzat eta autonomoentzat, herena baino gehiago; enpresa pribatuentzat eta kooperatibentzat, hamarrena.

Bisitariek eta eragileek azokaren balorazio ona egin dute, baita hark duen oihartzun mediatikoarena ere. Hori ere nabarmendu du Siadecoren ikerketak: medioetan presentzia handia izaten du Durangoko Azokak. Antolakuntzak berak 300 albiste inguru sortzen ditu, eta idatzizko hedabideek 270 aipamen baino gehiago egiten dizkiote.

Jendetsua eta orekatua

Aurtengo edizioaren kasuan ere, «oso positibotzat» jo du Gerediaga elkarteak. 120.000 bisitari zenbatu dituzte Landako gunean lau egunotan, eta gehitu dute «orekatua» izan dela jende emaria, egunez egun. Ostegun arratsaldea izan da tarterik lasaiena, eta ostirala, aldiz, egunik jendetsuena, 39.000 bisitarirekin.

Bisita fisikoez gainera, webguneak egunotan izan dituen bisitak ere nabarmendu dituzte antolatzaileek. Guztira, 38.800 bisita baino gehiago izan ditu azokaren orrialdeak, eta Gerediagako kideen hitzetan, horrek argi adierazten du azokako bisitariek gero eta gehiago begiratzen dutela egunean eguneko egitaraua.

Azoka osatzen duten gune guztietako koordinatzaileekin batera egin du 54. edizioaren balorazioa Gerediaga elkarteak, eta pozik azaldu dira haiek ere egin duten eskaintzak jasotako erantzunarekin. Esate baterako, «oso arrakastatsua» izan da San Agustin Kultur Gunean antolatutako antzerki eta dantza pieza laburren jaialdia, Szenatokia guneko arduradunek azaldu dutenez. Guztira, mila ikusle baino gehiago bildu ditu larunbat eta igandean.

Irudieneko koordinatzaileak ere pozik azaldu dira edizioak emandakoarekin. «Lortu dugu azokako agendan ikus-entzunezkoek leku bat izatea». Saguganbara, Kabi@, Plateruena eta Ahotseneko koordinatzaileek ere positibotzat jo dute.

Aurten, espazio berri bat ere izan du azokak. Bartolome Ertzilla musika eskolan egin dituzte Gogoetaren Plazako solasaldiak, eta, antolatzaileek onartu dutenez, «gorabeheratsua» izan da jendearen presentzia. Antolatzaileek eutsi egin nahi diote hurrengo urteetan ere gune horri,eta «azokako ekosistemaren parte» bihurtu nahi dute aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.