Amatasunaren uretan igerian

'Etxeko urak' poesia liburua eman du Leire Bilbaok. Amatasunaz bainoago, amatasunetik idatzitako poemak jaso ditu, esperientzia indibiduala, kolektiboa, hizkuntza eta egunerokotasuna ardatz hartuta

Leire Bilbao idazlea, Etxeko urak bere hirugarren poesia liburua eskuetan, atzo, Donostian egindako aurkezpenaren aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Denok gara erabat ezagutuko ez dugun ama baten seme-alabak». Etxeko urak liburuko lehen poemaren azken lerroak dira. Amatasunaren uretan murgil egin du Leire Bilbaok bere hirugarren poesia liburuan. Baina amatasuna gaitzat hartu bainoago, poemak leku horretatik idatzi dituela azaldu du egileak. «Uste dut zehatzagoa dela esatea liburua leku batetik idatzi dudala, eta leku hori da amatasuna. Inork ez dezala amatasunaren gaineko teorizaziorik espero. Amatasunetik idatzia da, ama izateak ekartzen duen lengoaia eta begirada berri horretatik». Aurrez Ezkatak (2006) eta Scaner (2011) liburuak bezala, lan berria ere Susa argitaletxearekin plazaratu du idazleak.

Uraren irudiak lotzen ditu liburuko poema guztiak, izenburuak berak iradokitzen duenez. Ondarroako (Bizkaia), bere jaioterriko esapide batetik hartu du idazleak titulurako ideia. «Horrek etxeko urak dauzka» esaten dute bertan, inork bere etxeko izateko eta egiteko moduak dituela adierazteko, etxetik edan duela agertzeko, alegia. «Bada, beraz, iturburu bat, eten ez den jario bat, eta aproposa iruditu zitzaidan plazaratu nahi nuen gaiaz idazteko». Eta zehaztapen bat egin du jarraian: gaia baino gehiago, lekua dela amatasuna, poemen iturburu den lekua.

Lehen pertsonan, singularrean mintzo da liburuko narratzailea; hala, ni-a «oso presente» dagoela, eta «ahots poetiko propio bat» bilatu nahi izan diola azaldu du idazleak. Liburuan jasotako 60tik gora poemei nolabaiteko ordena kronologiko bat ere eman die, eta ez die izenbururik jarri, irakurketaren emaria errazte aldera. Bide horretan, jolasean eta bere burua aproban jarriz ere aritu dela aitortu du Bilbaok. Hala, forma aldetik askotarikoak diren piezak bildu ditu: laburrak zein luzeak, prosan idatzitako poemak, kopla modukoak, kaligrama bat, eta erosketa zerrenda gisako bat ere bai. Halaber, liburuko kapitulu bakoitzaren atariko moduan, elkarrizketa bat jarri du. «Nork bere buruarekin ditugun elkarrizketa horietako batekin hasten da atal bakoitza». Ni poetikoa da, gehienetan, bere buruarekin elkarrizketan ari dena, baina beste batzuetan amatasunaz idatzi duten zenbait idazle ere elkartu ditu, eta presente ez dauden pertsonekin —birramamak, amamak...— egindako elkarrizketak ere badira.

Lau ataletan banatu ditu poemak. Amatasunaren esperientzia indibiduala, hizkuntza, kolektibotasuna eta domestikotasuna dira bakoitzean ardatzak, eta denek dute urarekin zerikusia. Urak bota du lehenak izenburu, eta iragartzen duenez, erditze bat ageri da. Bilbao: «Esango nuke ez dela bakarrik ume bat jaio, ama bat ere jaio dela». Hala dio poema batek: «Arnasa olatuka dator./ Harriak izerditan daude./ Sabelari oratzen diozu/ marea gorari esku hutsekin nola./ Eta zu, bi denborari tiraka./ Hankartetik arrain bat/ labaindu zaizu./ Zuloak egiten du sarea./ Ateak beti dira besterenak./ Iragate lekuak gara amak».

Listua izenburupean bildu ditu bigarren ataleko poemak, eta hizkuntza dute ardatz. «Ama izatean hizkuntza berri baten jabe egiten gara, eta hizkuntza hori ez da batzuetan hizkuntza mintzatua bakarrik, bada hizkuntza fisikoa ere. Gogoeta egin asmo nuen hizkuntza berri hori nola mintzatu, nola ulertu eta nola ulertarazi». Marea ataleko piezetan, berriz, «begirada singularretik pluralera pasatzen da, konplizitatea edo ahizpatasuna bilatuz beste ama batzuekin, eta fokua beste amengan jartzen da». Galderak eta kezkak ere ageri dira poema batzuetan: «Nola izan disidentea/ espeziearen jarraipena/ eta ordena soziala mantentzea/ bilakatu denean/ zure eguneroko lana?/ Ikasiko duzu ezetz esaten./ Zeure buruari».

Harraska jarri dio izenburu azken atalari, «harraskatik behera joaten direlako etxeko ur lohiak, hor garbitzen direlako eguneroko objektuak». Hain zuzen, eguneroko objektuei, «kontu txikiei» erreparatzen diete poemek, zaintzari lotutako «begirada aldaketa bat» dagoelako; zaindua izan edo bere burua zaintzetik, beste inor zaintzera igarotze horretan, idazleak azaldu du «eguneroko objektuekiko harremana» ere aldatzen dela, eta beste ikuspuntu batetik zein beste tempo batean egiten direla erosketak, arropa garbiketak, bazkari prestaketak eta beste. «Objektuen gaineko kontzientzia hartze bat dago».

Irudien itsaso bat

Maite Mutuberriak egin du liburuaren azala, kolore urdin-berdeetan. Sabel handitua duen gorputz bat ageri da bertan, igerian bezala, eta begian duen sarraila moduko batetik arrain bat izan daitekeena ateratzen da. Ilustrazioak irakurketa asko izan ditzake, baina elementu horiek guztiek dute zerikusia liburuko irudiekin, Susako editore Leire Lopez Ziluagaren hitzetan. Hain zuzen, nabarmendu du urarekin lotutakoek ematen diotela, irudi aldetik, batasuna lanari. «Baina badira beste irudi batzuk ere errepikatzen direnak, eta iruditeria osatu edo aberasten dutenak. Ez dira alferrik aipatzen liburua irekitzen duen poeman arrainak, zuhaitzak eta txoriak. Gorputzarekin sarri lotzen den etxea ere behin baino gehiagotan agertzen da». Bilduman gorpuztasunak duen pisua ere azpimarratu du editoreak.

Gehitu du liburua ez dela amatasun idiliko batetik idatzitakoa, baina ezta amatasunaren ukaziotik idatzia ere. «Liburuan badira amatasunarekin lotutako pozak, eta badira minak; badago samurtasuna, eta badago ama izatearen pisua; ama izan ezin dutenak daude, eta ama izan nahi ez dutenak; alabatasuna eta lobatasuna dago; disidente izateko nahiak, eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia; badago dena alde batera botatzeko gogoa, eta badago norbere ama ulertzeko saiakera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.