Behera botatako hesia, doinutan

Xabier Leteren omenez, Joxan Goikoetxeak sortutako 'Hesia urraturik' oratorioa estreinatuko dute Donostian, abenduaren 5ean. Poetaren espiritualtasunean jartzen du fokua obrak

GORKA RUBIO / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Abenduaren 4an beteko dira hamar urte Xabier Lete hil zela. Poeta, idazle, pentsalari eta kantariaren obra ardatz duten hainbat liburu, hitzaldi, ikuskizun, tesi eta bestelako lan plazaratzen ari dira azkenaldian, Joxan Goikoetxea musikariak «eklosio» gisa definitu duena. «Inoiz ikusi gabekoa da, ez dakit euskal kulturan beste inoiz gertatu den halakorik beste pertsonaiaren baten inguruan. Eta garrantzitsua da gure proposamena eklosio horretan kokatzea». Hesia urraturik. Xabier Lete in memoriam da proposamen hori, eta bakarlari, abesbatza zein orkestrarako oratorio forma eman dio musikariak. Donostiako Kursaalean estreinatuko dute obra, abenduaren 5ean; segurtasun neurriak direla eta, bi emanaldi egingo dituzte egun berean.

Poeta hil eta gutxira, Xabier Lete Gogoan bira egin zuten hainbat musikarik, «oraindik dolua agerikoa eta mina ia fisikoa zenean», Goikoetxeak oroitarazi duenez. Hamar urte igaro direnean, poeta ezagutu zutenek haren «legatuarekin aurrera jarraitzeko ardura» sentitzen dutela adierazi du. «Asko dago egiteko. Puzzle bat daukagu berrosatzeko haren legatua hurrengo belaunaldiei transmititzeko. Legatu horren dimentsioaren icebergaren punta baino ez da ezagutzen, eta ur azpian dagoen icebergaren gainerako guztia geratzen da oraindik ikertu, ordenatu eta transmititzeko». Xede horretan kokatu du musikariak obra berriaren abiapuntua, eta egungo egoeran gauzatu ahal izatea «mirari txiki bat» dela gaineratu du.

Eñaut Elorrietak eta Maite Larburuk emango diote hasiera emanaldiari; oratorioaren «atariko» gisara, Leteren hainbat kantu modu akustikoan emango dituzte bi musikariek. Haien ondotik, Kaabestri Ensemble ganbera orkestra, Landarbaso abesbatza, Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Beñat Egiarte tenorra igoko dira agertokira, eta Juanjo Oconek gidatuko ditu interpretazioan. 75 bat minutuko oratorioa hamahiru zatitan banatu du egileak. Azaldu duenez, tarteka, doinu berriz jantzita entzungo dira Leteren testu hautatuak, eta beste batzuetan, berriz, «dekonstrukzio musikal» hitzekin definitu duen eran gurutzatuko dira hitzak eta doinuak.

Parte hartzaile guztien kalitatea nabarmendu du Goikoetxeak, eta harekin bat etorri da Juanjo Ocon: «Oso erraza da batuta eramatea eliteko abesbatza bat duzunean; dena dirdirarazten du. Kaabestriko musikariak, berriz, onenetan onenak dira, eta etxekoak gainera». Obraren mailan ere egin du azpimarra: «Harribitxi bat dugu esku artean». Landarbasorentzat bertan aritzea, erronka ez ezik, «izugarrizko ohorea» ere badela adierazi du Iñaki Tolaretxipi zuzendariak, eta «guztiaren gainetik, emozioen proiektu bat» dela gehitu du. «Goitik behera ezagutzen dut obra, eta entseguan hainbat aldiz egin nuen negar. Publikoa ere hunkituko dela uste dut».

Beste hainbat emanaldi

1990eko urteen amaieran, Benito Lertxundiren Auhen Sinfonikoa lanaren arrakastaren harira, Donostiako Musika Hamabostaldiak Leteri bere unibertsoa ildo sinfonikora eramatea proposatu ziola gogorarazi du Goikoetxeak, baina une hartan, poetaren gaixotasuna zela eta, ez zela posible izan. «Haren mundu melodikoa —poetikoa eta intelektuala bezala— unibertso sinfonikotik oso gertu dagoela uste dut, eta musika honekiko bere kidetasunak eramaten nau pentsatzera proiektu hau begi onez ikusiko zukeela».

Hesia urraturik oratorioak ez duela Leteren obraren dimentsio osoa agertzeko bokaziorik adierazi du egileak. «Ez du haren obra edo pentsamendu osoaren ikuspegi integral bat emateko asmorik; ezinezkoa litzateke obra bakar batean hori egitea». Ez duela Leteren lanaren ibilbide kronologikorik aurkezten, ezta biografia modukorik egiten ere zehaztu du. «Ez du horretatik, eta, aldi berean, horretatik guztitik badu pixka bat. Xabierren legatu espiritualean zentratu naiz gehiago». Eta alderdi espiritual hori izenburutik bertatik jarri nahi izan du agerian. «Alegoria bat dago obra honetan. Laburbildu nahi du Xabierrek, alderdi etikoan autoexijentzia handiko eta duda existentzialez beteriko bizitza baten bukaeran, lortu zuela baketze pertsonaleko prozesu batera iristea. Hesia urraturik-ek hori adieraziko luke: behera bota den hesi hori, Xabierren bizitzaren azken lorpen bezala». Dimentsio espiritual hori agertzeko genero egokiena zelakoan aukeratu zuen oratorioa.

Donostiako emanaldi bikoitzaren ondotik, beste hainbat udalerritara ere iritsiko da obra: Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri aretoan entzun ahal izango da abenduaren 13an; Gasteizko Principal antzokian 26an; eta Bilboko Euskalduna jauregian urtarrilaren 9an. Grabatu ere egingo dute ikuskizuna, eta CD zein DVD formatuetan plazaratuko dute gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.