Albistea entzun

Ravel, euskal erroei atxikita

Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok lehen diskoa grabatu dute elkarrekin: Maurice Ravel «euskal konpositore unibertsalenaren» sei lan sinfoniko, Ondine zigilupean
Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra, atzo, Miramongo egoitzan, Donostian.
Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra, atzo, Miramongo egoitzan, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko apirilak 13

Errepertorio ezaguna da harena, eta puntako grabaketak egin dira, bai eta zuzeneko askotariko interpretazioak ere. Baina bada alderdi bat ez dena aski aztertu eta aski baliatu, Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendari titularraren ustetan: Maurice Ravelen (Ziburu, Lapurdi, 1875Paris, 1937) musikak Euskal Herriarekin eta euskal kulturarekin duen lotura. Horri heldu nahi izan dio Treviñok orkestrarekin Ravelen obra sinfonikoa grabatzean: sei piezarekin osatu dute, eta Ondine etxearen zigilupean kaleratu. Treviño: «Nik umetan ikasi nuen, eta, oro har, esan ohi da konpositore frantsesa dela [Ravel], baina hemen gaude gu berresteko euskalduna ere badela; euskaldun-frantsesa. Haren konposizioak arretaz entzunez gero, berehala ohartuko gara euskal tradizioko elementuak ere ageri direla».

Diskoa irekitzen duen Bolero ezaguna da horren adibide garbia Treviñorentzat. Kontatu duenez, Donostian Enrique Fernandez Arbos musikari eta orkestra gidariarekin izandako elkarrizketa bat du oinarri piezak. Hasieran, oso bestelako melodia batean oinarritutako obra bat idazteko asmoaz hitz egin zion Ravelek Arbosi, baina hark iritzia aldarazi zion, melodia propio bat sor zezan. «Muga pasatu, eta horrela sortu zuen Bolero; baditu loturak euskal musikarekin».

La Valse, Rapsodie Espagnole, Alborada del Gracioso, Une Barque sur L'Océan eta Pavane Pour Une Infante Défunte dira, hurrenkera horretan, argitalpena osatzen duten obrak, eta horietan ere badira arrasto nabariak Treviñorentzat. Aipatu du Rapsodie Espagnole eta Alborada del Gracioso «pieza espainiar» gisa ezagutzen direla, baina defendatu du «euskal-espainiartzat» hartu beharko liratekeela. Zehatzago, bigarrenaren kasuan, aipatu du bertsolaritza gogora dakarten «koloreak eta modulazioak» ageri direla; Pavane pour une infante défunte-ri lotuta, azaldu du orfeoia kantatzen entzun izan duenetan haren oihartzunak etortzen zitzaizkiola; eta Une Barque sur L'Océan-en ere euskal kostako itsasoa antzematen duela, eta ez, demagun, Mediterraneokoa: «Atlantikoko urak dira, abenduan nekez bainatuko zaren itsasoarenak, tarteka zatarra denarenak, mendiarekin kontaktu etengabean denarenak».

Hala, zuzendariak esan du Euskal Herrian bizi denetik Ravel «hobeto ulertzera» heldu dela. Euskadiko Orkestrarekin grabatu duen lehen aldia izan da; ez, ordea, orkestrak Ravel grabatu duen estreinako aldia —Joaquin Atxukarro pianistarekin eta orduko zuzendari titular Gilbert Vargarekin Ravelen pianorako bi kontzertu grabatu zituzten 2000n—. Lan berrian, baina, orkestra soilik aritu da, osorik. Urrian egin zuten grabaketa, Donostiako Kursaalean, eta oholtza gehigarri bat ezarrita, 90 musikariak indarrean diren segurtasun tarteekin aritu zitezen.

Nazioarteko onespena

Hainbatetan interpretatu eta grabatu izan den konpositore batengana itzultzea «erronka erantsia» izan dela ere aipatu du Treviñok, baina, era berean, adierazi du Euskadiko Orkestra «euskal konpositore unibertsalena» interpretatzeko gai izatea «harrotzeko modukoa» dela. «Lana gogotik egin ondotik, harro esan dezaket orkestra garai onean dagoela hau defendatzeko. Uste dugu, gainera, ekarpen berezi bat egin dezakegula, aipatutako euskalduntasuna argitara ateratzeko».

Bide beretik jo du Oriol Roch orkestrako zuzendari nagusiak ere, eta berretsi du nazioartetik proiektuarekiko interesa eta onespena heldu zaiela. «Ez dakit errepertorio bat interpretatzeko egiazko autoritaterik egon daitekeen, baina Euskadiko Orkestrari kanpoan aitortu zaio Ravel interpretatzeko autoritate artistiko bat», adierazi du.

Formatu fisikoarekin batera, plataforma digitaletan ere zabaldu dute diskoa, eta aipatu dute oihartzun esanguratsua izan duela: besteak beste, itzal handiko Gramophone agerkariak asteko ezinbesteko disko berrien zerrendan sartu du. Ondine zigiluari ere jarri diote azpimarra bai Rochek eta bai Treviñok; bigarrenak lotura estua du harekin, eta oroitarazi du mundu klasikoan «prestigio handiko etxea» dela. «Aukera handia da orkestrarentzat, beraz, bai banaketari eta bai nazioarteko proiekzioari begira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baita ozenki esan ere

Baita ozenki esan ere

Edu Lartzanguren

Gaur duela 30 urte, Gure Jarrera diskoa aurkeztu zuen Negu Gorriak taldeak. Haien bigarren diskoa zen, eta eurek sorturiko Esan Ozenki zigiluaren lehenengoa.

Peio Agirre, Damaris Pan eta Dario Urzay aurtengo saridunak, goizean egindako aurkezpenean, Bilboko Arte Ederren Museoan ©Aritz Loiola/ Foku

Dario Urzai, Damaris Pan eta Peio Agirre dira 2021eko Gure Artea irabazleak

Amaia Igartua Aristondo

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Urzai; sorkuntza lana aitortu diote Pani, eta artearen dibulgazioan eginiko lana hartu diote aintzat Agirreri

Norman Foster 'Agravitas' proiektua azaltzen, 2019an ©Foku

Bilboko Arte Ederren Museoak 700 metro koadroko terraza bat izango du eskulturak erakusteko

Amaia Igartua Aristondo

Norman Fosterrek museoa zabaltzeko lehiaketara aurkeztutako proiektuak ez zuen jasotzen aire zabaleko eremurik; azken lanketetan, berrikuntza hori gehitu diote. Halaber, aurreikusi baino zabalagoa izango da erakusketa areto nagusia: 25 metrotik 29 metrora igaro da

Imanol Iribarren eta Peio Irigoien taldeko kideak. ©Gorka Rubio / Foku

Euskal kantuak latin jazzera eraman ditu Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak

Mikel Lizarralde

'Iri barrenetik' diskoa argitaratu du Imanol Iribarren pianista eta tronboi jolea buru duen zortzikoteak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna