Kamerarik gabe fotografiatzea

Ilan Wolff argazkilari esperimentalaren ehun lan baino gehiago ikus daitezke Iruñeko Ziudadelan. Kamerarik gabeko teknikak erabiltzen ditu argazkiak sortzeko

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Argiari sartzen uzten ez dion kutxa bat, zulo txiki bat, eta irudia iragazteko material fotosentikor bat: horiek dira Ilan Wolffek argazkiak egiteko behar dituen elementu bakarrak. Espainian bizi den israeldar jatorriko fotografo esperimentalak berrogei urte baino gehiago daramatza kamerarik gabeko argazki teknikak lantzen, eta Aristotelesek, Euklidesek eta Leonardo Da Vincik jada ezagutzen zituzten teknikak baliatu, eta bizirik mantentzen ditu. Orain, haren ehun lan baino gehiago ikus daitezke Tolesturak eta aztarnak izeneko erakusketan, Iruñeko Ziudadelako mistoen pabiloian, maiatzaren 9ra arte; «argazkigintzaren lengoaiaren soiltasun primitiboan» oinarritutako erakusketa bat da.

Wolffek kamera estenopeikoak erabiltzen ditu haren lanaren oinarri gisa. Lenterik gabeko kamerak dira, zulatuak, eta kaxak, lata zaharrak, ontziak edota kamera arruntak erabilita sortzen ditu. Barruan argazki papera edo emultsionatutako papera sartzen die, tolestua edo nahi duen moduan egokitua, irudi desitxuratuak eta deformatuak lortzeko.

Prozedura horrekin batera, esperimentaziorako erabiltzen duen beste bide bat William H. Talbot eta Anna Atkinsen fotogramen teknikan oinarrituta dago. Artista horiek objektua zuzenean emultsioaren gainean jartzen zuten, eta argiaren aurrean kokatu, haren silueta lortzeko, baina kamerarik erabili gabe.

Hala, Wolff kamera estenopeikoaren eta fotogramaren prozeduretan oinarritu da bere lan egiteko eredu berezia diseinatzeko. Bi metodoen uztarketak irudiekin interakzioan aritzeko aukera ematen dio: negatiboaren gainean jarritako objektuekin eta bere buruarekin edota beste gorputz batzuekin jolastu daiteke. Batzuetan, etxeko gela arruntak edota bere furgoneta ere erabiltzen ditu, formatu handiagoko irudiak sortzeko.

Ziudadelan ikusgai dauden argazkiak 1984 eta 2008 artean sortutakoak dira: batzuk zuri-beltzean eginak daude, eta beste batzuk, koloretan. Askok kokaleku ezagunak erakusten dituzte —Jerusalem, Paris, Zurich (Suitza), New York, Donostia...—, baina zaila izan daiteke guztiak identifikatzea. Argazki abstraktuagoak ere badira, naturan egindakoak, eta baita erabat zehatzezinak ere, ikusle bakoitzak modu askean interpretatzeko modukoak. Argazki askok argi kontraste handiak dituzte; zenbait kasutan, lentearen distortsioa dute; batzuek gainjarritako irudien efektua egiten dute, eta badira argazkiak bainoago margolanak diruditenak ere. Obren kutsu surrealista nabarmena da, beraz.

Erakusketak ibilbide kronologiko bat proposatzen du, eta bat egiten du Wolffen bizitzarekin. Argazkilaria 1955ean jaio zen, Nahariyan, Israelen. Argazkilaritza ikasi zuen bere herrialdean, eta Europara joan zen gero, 1981ean. Han, argazkilari laguntzaile lanean aritu zen, Milanen (Italia), eta modako argazkilari gisa, Parisen. Ordutik aurrera, Amsterdamen, New Yorken eta Seysselen (Frantzia) bizi izan zen, eta 2000. urteaz geroztik, Frantzia, Alemania eta Espainia artean mugitzen da; egun, Almerian (Espainia) bizi da.

Obrekin batera, bizitza

Kamera estenopeikoaz eta fotogramaz gain, Wolffek beste teknika batzuekin ere esperimentatu du, eta bide berriak urratu ezohiko prozeduren erabilerarako; erakusketan ikus daitezke horietako batzuk. Teknika deigarrienetako bat lunagrama deitu duena da: gauez eta aire zabalean erabiltzen da, eta ilargi betearena da paper emultsionatua igarotzen duen argi iturri bakarra. Haren lan berrietan, berriz, asko jo du calorigrama teknikara. Kasu horretan, beroa baliatzen du irudia paper fotosentikorrean islatzeko. Ziudadelako lanen artean ikus daitezke bi modu horietara sortutako zenbait lan ere.

«Wolff tradiziotik abiatu den, baina berritzen eta abstrakziora iristen jakin duen argazkilari bat da», nabarmendu zuen Xose Garrido komisarioak aurkezpenean: «Eta erakusketa hau ez da irudien segida huts bat, baizik eta artista bere jatorritik eta oinarrietatik erakusten duen bilduma bat».

Teknika zaharrei eta prozedura esperimentalei buruzko ikerlanen eta obren bitartez, ekarpen garrantzitsuak egin dizkio Wolffek argazkigintzari. Haren hitzetan, teknika horiekin bilatzen duena da sormen prozesuetan «irudimenari, inprobisazioari eta eskuzko lanari aukera berriak irekitzea», teknologia modernoen «mugen» gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.