Albistea entzun

Hezurdurak bere horretan

Gorka Hermosa konpositore eta akordeoi jotzaileak nazioartean gehien interpretatzen diren bere 11 pieza bildu ditu 'Fragilissimo' disko berrian. Bakarka grabatu duen lehen aldia izan da
Gorka Hermosa akordeoi jotzailea, 2019ko irudi batean. 25 urteko ibilbidea osatu du musikan, eta horren isla bat jasotzen du lan berriak.
Gorka Hermosa akordeoi jotzailea, 2019ko irudi batean. 25 urteko ibilbidea osatu du musikan, eta horren isla bat jasotzen du lan berriak. TXAKEL URARTE Tamaina handiagoan ikusi

IItziar Ugarte Irizar -

2021eko maiatzak 4

Pandemiak ekarri dizkio behar zituen baldintzak, baina pandemia baino lehen buruan zuen proiektuaren ideia Gorka Hermosak (Urretxu, Gipuzkoa, 1976). «Duela pare bat urte momentu transzendental horietako batek harrapatu ninduen, eta pentsatzen egon nintzen zer gustatuko litzaidakeen grabatuta uztea, baldin eta hiltzear egongo banintz. Sentitzen nuen gauza pila bat egiten ari nintzela eta agauza polit pila bat gertatzen ri zitzaizkidala, baina galdera hori nuen bueltaka: 'Hilko banintz, zer gustatuko litzaidake grabatuta uztea?'». Musikari, konpositore eta eguneroko irakasle lana uztartu beharrak, baina, beste asmo horiek geroratzera behartu izan zuten ordura arte, harik eta pandemia heldu zen arte. «Zerbait ona izan badu honek, agenda lasaiagoa ekartzea izan du. Denbora izatea barrura gehiago begiratzeko eta urgenteak ez diren baina garrantzitsuak diren lanei ere heltzeko». Bestelako lan erritmo hori baliatuz ondu du, bada, Fragilissimo Hermosak, bere bederatzigarren diskoa eta erabat bakarka grabatu duen estreinakoa.

Azken puntu hori da, hain justu, disko berria ezaugarritzen duen elementu nagusia: orain arte ez bezala, akordeoiarekin baina bakarrik sartu dela konpositore eta musikaria grabazio estudiora. «Beste norbaitekin geratuta oso gustura egiten dut lan, baina nor bere buruarekin geratzea askoz gehiago kostatzen da beti. Horretan ere lagundu du pandemiak, beste inorekin geratzea asko zaildu den heinean».

11 kantu bildu ditu diskoan, 25 urteko jarduna jasotzen dutenak nolabait. Alabei da berriena, diskoa zabaltzen duen lana; Gernika 26/4/37 zaharrena; eta tartean datoz Pater Noster, Paco, Anantango, Saudade Africa, Goya: Caprico 43, Fragilissimo, Oda, Northern Lights eta 11 Variaciones Sobre El Libertango. «Momentu berezi baten isla da bakoitza», egilearen hitzetan. Irizpide nagusia munduan gehien interpretatzen diren bere konposizioak biltzea izan du; han-hemen egin diren hainbeste bertsioren ondoren, jatorrizko bertsiorik «intimistenak» biltzea. Hermosa: «Nire musikarekin gusturen nagoen aldeetako bat zera da, oso malgua dela. Horrek baimendu izan dit orkestra sinfonikorako, duorako, ganberarako, bandarako... moldatzea, baina pieza guztietan hezurdura beti egokitzen dut akordeoi bakarlariarentzat, eta gero datoz moldaketak». Alde horretatik, disko berriak badu «esentziara» itzultzetik egilearentzat. «Konposatzen ditudan bezala daude, bere horretan».

Berak egin nahi zuen lan bat izan da, baina baita hainbatek eskatu izan dioten zerbait ere. «Nire pieza ezagunenetako batzuek bertsio ugari dituzte, Youtuben esaterako, eta hori oso pozgarria da. Baina erreferentzia bertsio horiek izan beharrean, nik neuk jatorrizkoak publikatzeko eskatu izan didate, abiapuntua izateko».

Normalean, «proiektu oso ezberdinetan paraleloan» aritu ohi da lanean Hermosa. Azken urteetako gutxi batzuk aipatzera, duela bi urte landutako Atlantia e ria egitasmoa —musika afrikarra, flamenkoa eta euskal musika uztartu dituena—, iazko Gorka Hermosa & Blanchard Strings diskoa —akordeoi eta orkestrarako piezak batu zituena— eta Iparragirreren omenezko Urretxutik mundura obra —«Urretxurekin nuen zorra kitatzeko balio izan dit»— oroitu ditu, eta, horien aldean, lan berriak bere errepertorio guztitik «kontserbatorio munduan» jotzen direnak batu dituela zehaztu.

Fragilissimo hitzak —eta piezak— akordeoi jotzailearentzat duen esanahi bikoitzagatik eraman du hura diskoaren izenburura. Lehenik, pieza mugarri garbi bat bezala ikusten duelako bere ibilbide profesionalean. 24 urte baino ez zituenean konposatu zuen, Granadako (Espainia) Musika eta Dantza jaialdikoek enkargu bat egin ziotenean. «Londresko orkestra sinfonikoarekin eta beste izen handi batzuekin jo behar nuen, eta han nindoan ni nire ilajearekin eta Kortaturen kamisetarekin. Rock disko bat atera nuen orduan, Ilunabar, eta paraleloan klasikoko kontzertuekin segitzen nuen. Flipatzen nuen: rockaren aldean, hain zen zorrotza dena klasikoan; txaloak, isiltasuna...». Horrek eragiten zion «barne borrokarekin» puskatzeko idatzi zuen Fragilissimo, zeina «soinu bihurtzen den zaratekin» hasi, eta oihuka bukatzen den. «Shock bat» izan zen unean, eta urte batzuk erdi lozorroan egon ostean, Zeelanda Berriko Grayson Masefieldek partitura eskatu, eta kontserbatorioz kontserbatorio zabaltzen joan zenean, gauzak aldarazi zizkion Hermosari. «Leku guztietan piztu zuen polemika. Orduan hasi zitzaizkidan gonbidatzen Pekindik, Moskutik, Pragatik, Hego Amerikatik...».

Mugarri izaera horrez gainera, hitzak berak dakarren hauskortasun adierarengatik ere aukeratu du titulurako: «Hala sentitzen zara bakarrik jotzean».

Akordeoia «erromerietatik haragoko» tresna dela defendatzen jarraituko du Hermosak, eta oraindik orain aurkezpenen zirkuitua mugatuta badago ere, baditu hitzorduak datozen hiletarako. «Bestela ere, ez da pop-rock disko bat, modaz pasatuko dena. Luze jarraituko dut kantuokin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ikusleak distantzia gorde gabe eta maskara jantzita, Love of Lesbian taldeak martxoan Bartzelonan eman zuen kontzertuan. ©ALEJANDRO GARCIA / EFE

Makroari neurria hartzen

Aitor Biain

Izurriak kolpetik eten zituen ekitaldi jendetsuak, batez ere musikaren alorrean. Horregatik, Love of Lesbian taldeak Bartzelonan eginiko kontzertuari arretaz begiratu dio sektoreak, osasun protokoloetan aldaketarik eragin dezakeelakoan. Erakundeei malgutasuna eta elkarlan estuagoa eskatu diete eragileek.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Kulturaren sektoreko profesionalak lanean jarri nahi ditugu berriz»

A. Biain

Kultura Bizia egitasmoa gaur jarriko da martxan, Gasteizko Iradier Arenan. Urrira arte, 600 lagunentzako kontzertuak eta kultur ekitaldiak izango dira. Kulturaren «gurpila martxan jartzea» da antolatzaileen helburua.
 ©LACOSA STUDIO

«Herrixkan kantuan eta dantzan gabiltzanean, gizartea eraldatzen ari gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Galiziako eta Asturiasko herri kantuak lehengaitzat hartu, eta haien berrinterpretazioa eginez osatu du musika ibilbidea, espiritu kabareteroz eta hurbil duenarekiko miresmenez eta aitortzaz. Gaur aurkeztuko du 'Trópico de Covadonga' ikuskizuna, Gasteizko Principal antzokian.
Goia (ezkerrean) eta Iglesias (erdian), gaurko aurkezpen ekitaldian. ©Javier Etxezarreta / Efe

Ireki dute Santa Klarako 'Hondalea' ikusteko izen ematea

Andoni Imaz

Ekainean hasiko dira bisitak egiten Donostiako uharteko itsasargira, Cristina Enea fundazioak antolatuta. Arte instalazioari buruzko ekitaldi batzuk egingo dituzte hileko lehen astean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna