'Simone Veil' pastorala xendan

XX. mendeko emakume garrantzitsuari buruzko trajeria prestatzen hasi dira Muskildin. Maite Davant da errejenta, eta Battitta Berrogain idazlea. Iazko formatu «humano» bera mantenduko dute

Hasiak dira Simone Veil pastoralaren mustrakak, Muskildin. Eskuinean, beltzez ageri dira Maite Davant errejenta eta Battitta Berrogain idazlea. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Muskildi
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Simone Veil pastoralak eman ditu jada lehenbiziko urratsak. 90 lagun biltzen dituen taldeak iragan astean abiatu ditu mustrakak, Muskildin (Zuberoa). Hur Xenda elkartea da antolatzailea; Battitta Berrogain idazlea; Maite Davant errejenta, eta Sophie Larrandaburu kantoreen eramailea. Hiru emanaldi emanen dituzte Zuberoan: uztailaren 24an eta 31n, eta agorrilaren 6an; denak 15:30etan, Muskildin. Pandemiak beharturiko iazko pastoralaren formatu «humano» bera atxikiko dute aurten ere.

Muskildik aspaldiko giharrak artikulatu ditu aurten, 30 urte baitziren ez zela pastoralik izan herrian. 2017an Hur Xenda ikusgarria taularaturik izan eta gero, elkartea muntatu eta pastoral baten egiteko ideia izan zuen.

Ideia bere xendran aitzinatu da, gaia adostu duten arte: Simone Veil. Josette Bosq auzapeza eta elkarteko kidea da: «Simone Veil sujet egokia iruditzen zaigu, kontzentrazio zelaietan bizitu duen tragediarengatik, emazteak beren gorputzaren jabe izateko eraman dituen gudukengatik, justizia sailean egin duen lanarengatik eta izan Europako Batasuneko herrialdeen artean anaitasunaren azkartzeko ukan duen nahikundearengatik. Horregatik, bere bizia, konpromisoz aberatsa, taularatzen ahal da pastoralaren kodeen arabera».

Simone Veil Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio esparruetarat igorria izan zen 17 urte baizik ez zituelarik, 1943an. Handik ilki zenez geroztik, bizi osoan jendeen eskubideen alde aritu zen lanean. Hasteko, magistratu gisa, Frantziako kartzeletako presoen bizi baldintzen alde; oroz gainetik, emazte presoen alde. Frantziako Osagarri ministro izatera heldu zen, Jacques Chiracen gobernuan. Abortua legeztatzearen alde borrokatu zen ministro gisa, 1974an, eta ondoko urtean bere deitura daraman legea onartu zen: Veil legea. 1979an, Europako Parlamentuko lehen lehendakaria izan zen garaian, «lan handia» egin zuen Alemania eta Frantziaren arteko harreman baketsuen alde.

Battitta Berrogain eta Hur Xendaren arteko lotura egiteaz hasarta da arduratu: Berrogainek bere aldetik lehenagotik baitzuen izkiriaturik pastorala, interes pertsonalak akuilaturik. Izarrak lerrokatu ziren, eta, batak bertzearen berri batere ukan gabe, elkarteak sujeta hori bera hautatu zuen, eta Berrogainengana jo.

Berrogaini Veil gurutzatu zitzaion zendu zen urtean, 2017an: bideo batean kontatu zuelarik ahizpa hil zitzaiola auto istripu batean, eta haren semea larriki kolpatu. Ilobarengana joan zen orduan Veil, baina haurra besoetan zendu zitzaion. Bideo hark izugarri hunki zuen Berrogain, ordura arte emazte «gogor» gisa ikusten baitzuen: «Izkiriatu dut lehenik enetako, sentitu nituen gauzen izkiriatzeko. Inarrosirik izan nauzu bideo horrekin. Pastoralak badizu tresna izugarria istorio baten kontatzeko. Ez nizun sekula pentsatuko norbaitek galdatuko zidala! Umiltasun handiz idatzi dizut. Aktore izan nauzu, soinugile eta errejenta. Eta nahi nizun ezagutu ere bai idazle alde hori, eta konprenitu nola altxatzen ahal den antzerki bat».

Simone Veil pastoralaren errejentak ere jakin-minez hartu du bere kargua. Maite Davant lau pastoraletan aritu izan bada ere, argi du «aprendiz» bat dela, eta aitortu du «desafio» gisa hartu duela batere espero ez zuen «parada» hau: «Errejent zarelarik, testutik abiatu behar duzu; jelkaldiz jelkaldi mugimenduak eta denak asmatu. Eta irakasle ere izan behar duzu errepiketan: makila nola atxiki erakutsiz, urdin eta gorrien erritmoak, nola elkar gurutzatu, lerroak mantendu...».

Davantek azpimarratu du euskara zinez garrantzitsua zaiola: «Errejent karguak euskararen inportantzia haboro azpimarratzen dit, testuari lotzen garelarik ohartzen baikara beharrezkoa dela bere menperatzea. Beraz, hizkuntza zinez inportantea da pastoralean. Lehen hola bazen, orain haboro. Entseatuko naiz arizaleek ere plazer har dezaten hizkuntzari esker».

Pastorala, xenda librea

Euskal Herriarekin neholako loturarik ez ukaitea ez da poxelua izan pastoraleko sujeta izateko; Edurne Apezetxe elkarteko kideak zehaztu du pastoralak askatasun handia ematen duela gai hautaketan: «Lehen, erlijio gaiak ziren; gero, Frantziako historiakoak. Etxahun Irurik ekarri zizkizun Euskal Herrikoak, II. Mundu Gerla eta gero: Matalaz eta Xaho. Oraingo gaiak ere landuak izan dira: Pitrau eta Xalbador. Bai ere fikziozkoak: Petti Buhamea, adibidez. Azkenik, literaturari lotuak: Ramuntxo eta Ximena. Beraz, baduzu libertatea Euskal Herriko sujetak hartzeko edo ez».

Hari beretik, askatasunaz baliatu da Hur Xenda elkartea pastoralaren giza izariaren bultzatzeko. Isabela Barreix antolatzaileak aitzinerat eman du iazkoa maitatu zutela; alta, aldi hartan osagarri koiuntura izan zen manazale: «COVID-19a izan ez bazen ere, enbeia genuen pastoralaren alimalikeria hori ttipitzeko. Iaz, Pettarran, gustukoa izan genuen alde humano hori, hurrantasun hori; bada isiltasuna, errespetua, testua behatzen ahal duzu... Ez duzu feria!». Hala, emanaldi bakoitzeko 1.500 ikusle biltzen ahalko ditu pastoralak.

Artetik errateko, pastoralaren afixaren sorkuntza lehiaketan parte hartzera dei egin dute, eta martxoaren 15a da proposamenak helarazteko azken epea. Xehetasunak oro Simone Veil Pastorala Facebookeko orrian daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.