Musikaz bustitako bidaia bizia

'Orkestra Lurtarra' animaziozko filma apirilaren 8an helduko da zinema aretoetara. Harkaitz Canoren izen bereko liburua du oinarri pelikulak, eta musikari talde baten gorabeherak umorez kontatzen ditu

Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce filmaren zuzendariak, Lotura Filmsen egoitzan, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun

Erratza pasatzen ari da Manu bere tabernan. Tris-tras, barnean daraman erritmoari jarraituz. Hormetara sarritan begiratzen du bitartean. Stella Panini musika-izarraren kartelez beterik ditu paretak, eta irribarre inozo bat marrazten zaio aurpegian haren argazkiei begiratzen dien bakoitzean. Edozer gauza egingo luke bera ezagutzearren. Eta orkestra bat muntatzeko abenturan murgilduko da horretarako, beste musikari bitxi batzuen konpainian. Munduan barrena bidaiatuko du lagunarte berezi horrek, eta haien gorabeherak musikaz eta umorez jantzita kontatzen ditu Orkestra Lurtarra animaziozko filmak. Haur eta helduek ikusteko moduko pelikula osatu du Lotura Films ekoiztetxeak, Imanol Zinkunegiren eta Joseba Ponceren zuzendaritzapean, eta musikaz blaitutako bidaia «zoro» bat egitera gonbidatuko ditu ikusleak. Apirilaren 2an Donostian eta 3an Bilbon eta Bartzelonan aurrestreinaldiak egin ondotik, apirilaren 8an iritsiko da filma zinema aretoetara.

Harkaitz Canoren izen bereko liburua du oinarri lanak. BERRIAko Mantangorri gehigarrian atalka argitaratu zen aurrena, Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin, eta liburu formatuan plazaratu zuen Elkar argitaletxeak gero, 2013an, Xaguxar bilduman. Euskarazko Haur eta Gazte Literatura kategoriako Euskadi Saria irabazi zuen Canok harekin. «Lotura Films-en beti gabiltza proiektu berriak begiratzen, eta liburu hau irakurri genuenean ikusi genuen aukera ematen zuela film luze bat lantzeko», adierazi du Zinkunegik. Tarte batez geldirik egon zen asmoa, baina 2015-2016 urteen inguruan aurrera egitea eta gidoia idazten hastea erabaki zuten. Canok berak eta Eneko Olasagastik landu dute egokitzapena. Behin proiektua garatzeko finantzaketa lortuta, 2020an ekin zioten lanari.

«Istorio zoro bat da, komedia peto-petoa», azaldu du Zinkunegik. «Road movie moduan planteatu dugu, azken batean bidaia bat baita, Euskal Herritik AEBetaraino doana. Road movie ero bat da, umorez jositako film bat». Manuren maitemina izango da kideak batzeko aitzakia filmean, eta hala, bata bestearen atzetik orkestrara gehituz joango dira Osoki eta Kiriki perkusionistak, Aldika kontrabaxu jotzailea, haizezko instrumentuak jotzen dituzten Perfumetti anaiak, Krokanti abeslari lirikoa, Presidente ahuntza eta Salegi managerra, «filmeko maltzurra dena, baina maltzur nahiko inuzentea», Zinkunegiren hitzetan. Izan ere, zorrak direla eta, bi morroi atzetik segika ditu Salegik, eta bere mesederako erabiliko ditu orkestrako kideak. «Denak nahiko pertsonaia xelebreak dira, eta bakoitzaren xelebrekerietatik azaltzen ditugu elkarren arteko ika-mikak, taldean gaudenean gizakiok ditugun harremanen gorabeherak».

Liburuan agertzen ez ziren zenbait pertsonaia gehitu dituzte filma sortzean, hala nola Salegi bera eta Aisha rap kantaria. Baina alde gehiago ere badira. Adibidez, musikari dagokionez, istorioan berebiziko pisua duen osagaia dena. Poncek konposatu du pelikulako soinu banda: «Liburuan, musikaren kontzeptua klasikoa zen, eta nahiz eta liburuan agertzen diren pertsonaiek instrumentu berberak erabiltzen dituzten, guretzat interesgarriagoa zen horri buelta bat ematea, musika garaikideagoa-edo izatearren. Filmeko musikak ez dauka estilo definitu bat; zenbait estiloz jositako soinu banda bat geratu da». Poncek azaldu du haren oinarria edo maketa ordenagailuz sortu zuela, eta hainbat musikarik ere parte hartu dutela gero: besteak beste, Broken Brothers Brass Bandeko kide batzuek haizeetan, Joserra Senperenak pianoan, eta Libe Garcia de Kortazarrek zein Lide Hernandok ahotsetan. «Gero, pelikulan badaude cameo batzuk non agertzen diren Anari, Mursego eta Mikel Anestesia», aurreratu du. Filmaren bi zuzendariak ere animatu dira beren ahotsak sartzera, barre artean kontatu dutenez.

Liburua filmerako egokitzean istorioa zertxobait aldatu dela ere azaldu du Zinkunegik, bai pertsonaiak gehitu dituztelako, bai musika erreferentziei dagokienez. «Nik uste dut filmak eusten diola liburuaren arimari edo espirituari, baina beste leku batera eraman dugula. Lengoaia desberdinak dira, gainera, eta derrigorrez aldaketa bat egoten da; zinemarako edozein liburu moldatzean gertatzen den gauza natural bat da».

Mamiari dagokion estetika

Haien aurreko pelikula, Lur eta Amets, zinema aretoetara heldu berria zen 2020. urteko otsailean, eta proiektu berriari ekin orduko, pandemia eta itxialdia iritsi ziren. Bi hilabetez, hortaz, lanean etxetik jardun behar izan zuten. Poncek azaldu du «justu hasierako prozesuan elkarlanean aritzea garrantzitsua» dela, gidoitik pelikula planteatzeko pausoa emateko unea izaten baita hori, eta nor bere etxetik aritzeak «behar den gertutasun hori pixka bat galarazi» egin ziela. «Baina aurrera atera ginen». Estudiora itzuli ziren gero, eta bi urtez buru-belarri aritu ziren filma ontzen.

Irudiei dagokienez, «proiektu bakoitzean proposamen estetiko desberdinak egiten» saiatzen direla azaldu du Zinkunegik, eta uste du lortu dutela «pelikularen mamiari dagokion estetika sortzea». Guztira, 25 bat marrazkilari aritu dira animazioak, dekoratuak eta abarrak lantzen. Poncek gehitu du haiena «estudio txikia» izanik, denetariko lanetan aritu direla bi zuzendariak, hala marrazten nola musika sortzen edo gidoia errepasatzen. «Agian batzuk gauza batean zentratzen dira gehiago, baina hemen denek denetarik egiten dugu».

Lotura Filmsen ibilbide luzean «beste urrats bat» da, bi zuzendarien esanetan. Orain, zinemara joatea berriro «normalizatzen» ari denean, espero dute jendea aretoetara animatzea, «eta, behintzat, joaten direnak gustura egotea bertan pasatuko duten tartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.