Albistea entzun

Erramu, Pazko aitzin lilituko

Sarako Idazleen Biltzarraren 39. aldia Erramu igandean eginen dute, lehen aldiz, eta biharamunean izanen da profesionalen eguna. Luzien Etxezaharreta eta Mikel Duvert sarituko dituzte
Luzien Etxezaharreta, Sarako Idazleen Biltzarrean, Maiatz argitaletxearen mahaiaren gibelean.
Luzien Etxezaharreta, Sarako Idazleen Biltzarrean, Maiatz argitaletxearen mahaiaren gibelean. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko apirilak 6

Sarako Idazleen Biltzarra prest da borten irekitzeko 39. aldikoz. Tradizio handiko data aldatu dute: usaian bezala Pazko astelehenean egin beharrean Erramu egunean eginen baitute; astebete lehenago, beraz: datorren igandean, apirilaren 10ean, 10:00etatik 18:00etara. Biharamunean, astelehenean, profesionalen eguna finkatua dute.

Jean Mixel Garat antolatzaileak azaldu du kanbiamenaren zergatia: «Bertze aldeko jendearendako ez zen egokia profesionalen eguna Aste Santuan egitea, denak bakantzetan baitira, mediateka guziak hetsiak».

Jessica Dordeins Narzabal elkarteko permanenteak iragarri du: «Oraindik goiti, beti Erramu asteburuan eginen dugu».

Egutegi aldaketaz bertze, 2022ko Idazleen Biltzarrak usaiako bidetik segituko du: igandean, idazleek haien liburuak xuxenki salduko dituzte Aniotzbehere kiroldegian. Kanpoko karpa handian, berriz, alde batetik, liburuak aurkeztuko dituzte, Kanaldudek grabaturik; bertze muturrean, Sarako mediatekak prest ukanen du haurren irakurketa txokoa, eta parada izanen da euskarazko eta frantsesezko liburuak kontsultatzeko. Hortik hurran, Kiribil konpainiak gazte literaturako irakurketa musikatuak eginen ditu egun guzian.

Bi urtean behin Sarako Biltzarraren Saria banatu ohi dute. Aurten, Luzien Etxezaharretak eta Mikel Duvertek jasoko dute, igandean, eguerditan tanko. Garatek «bazterrezintzat eta arras garrantzitsutzat» dauka Etxezaharretaren lana: «Ohoratu beharra da, itzaleko lan garrantzitsua egin baitu, isil-isilik; ikaragarria da haren ekarpena euskal literaturan. Sari hau haren ohoratzeko saiakera xume bat da». Oroitarazi du Maiatz aldizkariaren sortzaileetarik dela eta berrogei urteotan hartan aritu dela tai gabe. «Duela zenbait urte jadanik proposatu genion, baina ez zuen onartu. Aldi honetan, alta, Daniel Landartek erran digu 'ondua' zela saria hartzeko!», kur-kur irri Garatek.

Etxezaharreta bozkariatu du sariak: «Pozgarria da; egin den lan bati buruzko gogoetaren sariketa da. Ohoreak ez dakit zer erran nahi duen, baina ene inguruan lana egin dutenekin bildu dut. Sarako Idazleen Biltzarreko antolatzaileek ere merezi lukete saria, lan bati eustea ohoragarria baita».

Mikel Duvert etnologoa da aurtengo beste saritua, frantsesezko idatziengatik. Garatek azpimarratu du Duvertek anitz idatzi duela: «Denetan sudurra sartua du! Baditu ikertuak bordak, euskal dantzak, euskal jatorria, hilarriak, medikuntza... Denaz ari da! Beti badu ikerlan bat esku artean! Akiezina da!». Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Hiriak jada eman zioten ohorezko saria 2006an. «Gauzak hain ditu sinpleki azaltzen, non edonor argia sentiarazten baitu!».

Liburu aurkezpenak

Karpan eginen dituzten aurkezpenetan, lehentze, espainiera adituko da: «Hizkuntza ezberdinetan eginen dira: inportantea da», erran du Dordeinsek. Garatek azpimarratu du Leire Arrieta Alberdiren Al servicio de la causa vasca dela espainolez aurkeztuko hastapenean, liburua ere hala idatzia baita. «Xabier Landaburu politikariaren biziaz idatzi du, zeina Agirre lehendakariarekin batera aritu baitzen. Zinez interesgarria da. Espainieraz hasiko dira, eta, gero, euskaraz segituko dute». 10:15etik hasiz, hauek dira bertzeak bertze euskarazko ekitaldiak: Marikita Tambourinek Bizirik iraun aurkeztuko du, Itxaro Bordak Uhartearen mugetan, Ttale Ouretek Bortuko azken indianoa... artzain lur gabekoa, Jakes Sarrailletek Bi neraberen Euskal Herriko itzulia, Jabier Kaltzakortak Jean Elizalde 'Zerbitzari'-ren antologia, Txomin Peillenek Ene bertsoen bilduma 1951-2021, Jean-Louis Davantek Nafarroako Blanca trajeria, Josu Martinezek Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza, eta Asisko Urmenetak Amaiur Libera State komikia.

Frantsesezkoetan, berriz, Elise Devinek La rencontre inattendue eta L'incroyable voyage du petit papier liburuak aurkeztuko ditu, Gorka Roblesek Les pourquois du Pays Basque, eta Xan Alzate eta Jakes Ospitalek Quand nous étions pêcheurs à Dakar.

Egun guzian, bertan jan eta edateko parada izanen da, Sarako Olhain ikastolak antolaturik.

Astelehena, 09:00etatik hasiz, ahozko euskal literatura lantzeko baliatuko dute. Hartara, bi mintzaldi antolatu dituzte: alde batetik, goizean Xabier Payak Euskal ahozko literaturaren ikuspegi orokorra emanen du, hala nola definizioa, kronologia, generoak eta adibideak emanez.

Arratsaldean, berriz, Patri Urkizuren Sarako bestak (1864-1885): lore-jokoak, bertso-paperak eta laster-koplariak hitzaldiaren behatzeko parada izanen da. Anton Abadiak sortu eta akuilatu zituen lore jokoen hedapenaz mintzatuko da Urkizu, eta, afixak, pilotalekuen margoak, bertsopaperak eta idazle-bertsolarien argazkiak aurkeztuko ditu.

Bien artean, Kiribil konpainiak irakurraldia eginen du, eta Gotzon Barandiaranek eta Rafa Ruedak Hitzen ahairea mintzaldi musikatua eginen dute, zeinaren xedea baita literatura eta musikaren uztarketa aztertzea. Besteak beste, ondorengo gaiak landuko ditu saioak, antolatzaileen hitzetan: «Musikatu izan diren idazleak; euskaltasunak eta euskarak duten karga kantagintzan; emazteen ahotsak, eta kantatzean animatzen gaituena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Colectivo Silencioko kide saridunak, gaur, Iruñean. ©Jagoba Manterola / Foku

'El polvo ya no nubla nuestros ojos' filma izan da garaile Ikuspuntu jaialdian

Andoni Imaz

Comes Chahbazianek lortu du zuzendari onenaren saria, Notre village filmarengatik. Sharon Lockharten Eventide filmari eman diote laburrik onenaren saria.

Zeinen Ederra Izango Den jaialdia, iaz, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO /FOKU

Ederra izango da beste behin

Miren Mujika Telleria

Milaka lagun batuko dira gaur Zeinen Ederra Izango Den festan, Barakaldoko BEC erakustazokan

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Gizartea interpelatu zuen artea

Aitor Biain

1950. eta 2000. urteen artean euskal arte garaikideak eginiko bidea errepasatu du Gasteizko Artium museoak. Bildumako lanekin osatu dute erakusketa, narratiba berriak sortuz. Ez du amaiera datarik
Edurne Azkarate aktoreak jokatu du Iratiren rola izen bereko filmean. Irudian, filmeko fotograma bat. ©IRATI FILMA

'Irati' filmak 105.000 ikusle izan ditu Euskal Herrian bost astetan

Ainhoa Sarasola

Otsailaren 24tik, beste 37.500 lagunek ikusi dute filma Euskal Herritik kanpo. Estreinaldiko asteburuan euskarazko lan batek inoiz izaniko daturik onenak bildu ditu Paul Urkijoren filmak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...