Nesken ahalduntzea irudietan

San Telmo museoak Winogrand argazkilariaren 'Women Are Beautiful' erakusketa jarri du ikusgai, urtarrilaren 29ra arte. 1960 eta 1975 artean egindako 85 irudik osatzen dute

Argazkilari bat, atzo, Women Are Beautiful erakusketan, San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Susan Sontag artistaren adierazpen batek ematen dio hasiera Garry Winogrand (New York, 1928-1984) argazkilariaren Women Are Beautiful erakusketari: «Argazkiaren bilduma egitea munduaren bilduma egitea da». Eta, hain zuzen, Winograndek 1960ko eta 1970eko hamarkadetako emakume estatubatuarren eraldaketa soziala islatzen du tarte horretan egindako erretratuetan. Donostiako San Telmo museoan dago ikusgai erakusketa, gaurtik hasi eta urtarrilaren 29ra arte. Lola Garrido bildumagilearen bilduma da, eta 85 irudik osatzen dute, denak zuri-beltzean.

Emakumeei egindako erretratuak dira, 1960tik 1975era bitartean ateratakoak, eta, museoaren arabera, emakumearen emantzipazioa eta gizartean zuen rol berria islatzen dute, «askatasun ariketa sakon batean oinarrituta». Argazki horiek 1975ean erakutsi zituzten aurrenekoz New Yorkeko Arte Modernoko museoan, monografia gisa; 1994an eskuratu zituen Garridok.

Bildumagileak erakusketa osoa zeharkatu du kazetariekin, hainbat argazkitan pausatuz. Errealitatearen eta egunerokoaren isla dira erretratuak: emakume talde bat banku batean hizketan, zelaian botata, abortuaren aldeko manifestazio batean, zigarro bat erretzen, kalea gurutzatzen, parranda giroan...

San Frantziskoko, Los Angelesko, eta, batez ere, New Yorkeko eguneroko irudiak dira, eta begirada zorrotza, indarra eta segurtasuna transmititzen dute. «Argazkilaritza garaikideanmuntatutako argazkiak dira gehienak. Hauek ez. Hark goiz osoa pasatzen zuen parkean, eta bat-batean pentsatu: 'Hau interesgarria izan daiteke'. Zerbait gertatu arte itxaroten zuen». Aitortu du miretsi egiten duela Winogrand, eta errealismo zikinaren mugimenduarekin lotu du haren estiloa.

«Momentu horretan, feminismoaren bigarren olatuan, emakumeak gogoa zuten bezala hasi ziren kalera irteten; ez zuten ondo portatu behar, ondo eseri... Hori da emakumearen askapena. Erakusketa hau toki askotan egon da, eta beti izan du arrakasta handia», adierazi du Garridok. Winograndek 15.000 argazkitik gora atera zituela azaldu du, eta horien artean egindako hautaketa bildu dute erakusketan.

«Argazkilaritzari emanda» bizi zen gizon bat zen estatubatuarra: «Beti profesiotik egiten zuen bizitza. Uniformearen distortsioa bilatzen zuen. Garai bat markatu du, estilo bat». Hain zuzen ere, bide berriak ireki zituen Street Photography delakoan.

Erakusketan ere badaude argazkilariaren inguruko informazioa biltzen duten taulak, eta honela dio horietako batek: «Bat-batekotasuna eta halako itxurazko nahasmen bat konbinatzen ditu Winograndek, argazkia ateratzen dion munduaren konplexutasunaren kontzientzia baino ez dena. Begiratzeko modu berri bat erakusten digu bere argazkietan, eta haietan formen eta egituren aberastasun bihurtzen den anarkia». 60ko hamarkadako argazkilari inportanteenetako bat dela uste da.

Bigarren olatua

Gloria Crespo MacLenna editore grafikoak egin du erakusketaren eskuorrirako testua, honela titulatuta: Garry Winogrand, emakumea deskribatu zuen argazkilaria. Feminismoaren bigarren olatuan eta iraultza sexualean jarri du begirada: «Kalean jada nabaritzen zen etxeko tranpatik ihes egiteko dei hura, emakumeak klixeak hausten hasi baitziren. Horrek ez zion ihes egin Winogranden begirada azkar eta ausartari, ohituta baitzegoen garaiko jende astrapalada enkoadratzen». Leica kamera angeluzabat bat eskuetan egin zuen garai hartako eraldaketaren argazkia.

Cresporen arabera, 1975. urtean argitaratutako monografikoak —erakusketako irudi berberak dira— harrabotsa sortu zuen. «Sektore feminista batzuen kritika eragin zuen, eta oraindik ere badirau, emakumea 'objektibizatzeagatik' eta 'esplotatzeagatik' gaitzetsi egin baitzuten argazkilaria». Ez du bat egiten kritikarekin, eta azaldu du emakumeak ederrak direla tokia betetzen dutelako, «haren jabe direlako, eta ez biktima». Hala amaitzen du: «Winograndentzat argazkia mutua da; batek ez daki egiazki zer gertatzen den. Gero zer geratuko den jakiteko irrikan egongo da beti bere obraren ikuslea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.