Genero menostuaren ataria

'Ipuina.eus' web orria abiatu dute, Koldo Izagirreren ekimenez eta Susa argitaletxearen bultzadarekin. Gutxinaka joango dira gunea elikatuz; asmoa, besteak beste, ipuin «zokoratuak» eskura jartzea da

Koldo Izagirrek Donostiako Kaxilda liburu dendan aurkeztu zuen Ipuina.eus atari digital berria, atzo, Susa argitaletxeko kideez inguratuta. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Ipuina gure literatur generorik zaharrena dugu eta, aldi berean, modernoena». Hala hasten du bere buruaren aurkezpena Ipuina.eus atariak, webean bertan. Koldo Izagirre idazlearen berbak dira; haren ekimenez eta Susa argitaletxearen bultzadaz jarri dute martxan ataria, eta ipuinak genero gisa euskal literaturan izandako garapena eta hartu dituen formak ezagutzeko bide eman nahi du. Ez da antologia bat, argi utzi du Izagirrek; are gutxiago, ale gustukoenen edo onenen sailkapen bat. Xedea ez da hori. Lanok ezagutaraztea, eskura jartzea da asmoa; eta horrekin bat, bidenabar, nolabait galduta gelditutako ipuinak berreskuratzea.

Atzo zabaldu zen leiho digitala, eta Donostiako Kaxilda liburu dendan egin zuten haren aurkezpena Izagirrek eta Susako kideek. Argitaletxearen partetik, Mikel Elorzak eman zituen azalpenak: lehen kolpean 21 ipuin igo dituztela, baina asmoa ezarian-ezarian ataria elikatuz joatea dela, hilean bizpahiru gehituz. Egitasmo gisa, «denbora dezente» duen proiektua da, Elorzaren arabera; denbora dezente, Izagirre ipuinak biltzen hasi eta argitaletxeari webgunearen proposamena egin zionetik. Susak 2002an abiatutako Armiarma proiektuaren barruan kokatu dute ataria. Elorza: «Armiarmako hainbat lanetan uste dugu badagoela gure literaturaren irakurketa baterako aukera, edukiak, ikuspuntuak planteatzekoa; hau ildo horretan kokatu beharko genuke».

Webgune «soila» da, argitaletxeko kidearen hitzetan. Hiru atal ditu, ez gehiago: Autoreak, Ipuinak eta Kronologia. Atariaren ardatza ipuina izanik, hori izango da atalik mamitsuena. Eta hor bildutako aleen jatorriarekin, testuingurua ezagutzeko hari bat eskainiko du Kronologia atalak.

Ahozkotik modernitatera

Literaturaren historiari buruzko lanak gustuz eta interesez irakurri arren, interesatu, testua interesatzen zaiola azaldu zuen Izagirrek. «Testutik ateratzen dut plazera, nazka, miresmena, inbidia... horrek eraman nau honetara». Halaber, egungo literatur merkatuan «nobelaren diktadura» ikusita, atari berriak ipuina genero gisa aldarrikatzeko gogotik ere baduela erantsi zuen.

Generoaz aritu zen, hain zuzen; nola ipuinaren jatorria ahozkotasunean datzan, nola Arantzazu eta Argia egutegietan jasotzen ziren hasieran. «Bertsoa, kantua eta ipuina izan dira ahozko literaturaren gure haria. Hor beti fondo interesgarria dago, berreskuratzeko, aldatzeko, gaurko premietara egokitzeko».

Webeko aurkezpen testuan azaldu legez, generorik antzinakoena bai, baina modernoena ere bada ipuina Izagirrerentzat, zeina XIX. mendean abiatu zen. Bi adibide ekarri zituen; horietako bat Frantziska Inazia Arrueri lotua. XIX. mendean, Euskal Lore Jokoetara aurkeztu zen Arrue, erromatarren eta euskaldunen arteko legenda batekin, bere erara kontatuta. «Euskaldunen bikaintasuna» nabarmendu zuen idatzian, eta epaimahaikideetako batek esan ei zion «erromatarren historiari fidelago» izan balitz, lehen saria irabazi izango lukeela. Izagirre: «Gure lehen ipuinlari modernoa da, dudarik gabe; saririk gabe gelditu zen bere kasa moldatzeagatik. Hori modernitatea ez bada, ez dago modernitaterik».

Jada sarean jarritako ipuinen artean bada Arrueren bat. Izan daiteke topatzen hain erraz ez diren lanetako bat, eta horiei egin zien, hain zuzen, azpimarra Izagirrek: «Aurkitzeko edo iristeko zailak diren testuak publikatzea da interesgarriena proiektu honetan». Edonola, denboran gertuago daudenak ere bilduko dituzte.

Arkeologoaren lana, irekira

Ipuin liburuak, bilduma formarekin, argitaletxeekin agertu zirela ekarri zuen gogora Izagirrek; aurretik, aldizkarietan, prentsan... sakabanatuta kaleratzen zirela ipuinak, baita sariketen bidez ere. Forma aldetik ere izan du garapenik generoak, eta garai batean, besteak beste, kronika gisa idatzitako hainbat testu ipuintzat har daitezkeela defendatu zuen; Agustin Anabitarteren Hiru eskiazaleen erokeria, kasurako.

Badira, halaber, prosa idazle gisa historiara hainbeste igaro ez diren egileak, eta horiek aldarrikatzeaz ere aritu zen Izagirre; Oxobi eta Lizardi adibidetzat hartuta. Horien guztien bila, «arkeologo lanetan» aritu da hura. Orain, transkribatu, eta egokitzapenak eginda joango dira modu irekian partekatuz. «Genero menostua zen orduan ere. Baina gauza polit asko dago, asko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.