Begiradaren beste aldetik

Juan Pablo Orduñez 'MawatreS' eta Borja Gomez Diez artistek iazko Ertibil lehiaketa irabazi zuten, eta Japonian bi hilabete pasako egonaldia egin; bertan sortutako artelanak jarri dituzte ikusgai Bilbon
Juan Pablo Orduñez <em>MawatreS</em> eta Borja Gomez Diez, Bizkaiko Aldundiko ordezkari Lorea Bilbaorekin
Juan Pablo Orduñez MawatreS eta Borja Gomez Diez, Bizkaiko Aldundiko ordezkari Lorea Bilbaorekin L. JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko irailak 15

Beren artelanei munduaren beste aldetik begiratzeko aukera izan dute Juan Pablo Orduñez MawatreS (Madril, 1986) eta Borja Gomez Diez (Sestao, Bizkaia, 1993) artistek. Iazko Ertibil lehiaketan lehen eta bigarren sariak jaso zituzten, hurrenez hurren, eta bi hilabete pasako egonaldia egin dute Tokion horri esker. Han emandako denboran sortutakoaren lagin bat bildu dute orain Bilboko Rekalde aretoan, eta orduan bizitako erronka izan du gogoan Gomez Diezek aurkezpenean. «Zure lana beste begirada bati erakusten diozu». Samurai festa izendatu dute bi sortzaileen lanekin osatutako bilduma, eta urriaren 12ra arte egongo da ikusgai.

Gomez Diezek paper gaineko hamalau margolan eta koadro handi bat bildu ditu. Rekalde kalera ematen duen erakusleiho moduko aretoan daude guztiak, eta, sortu ere, margolanak antzeko gune batean sortu zituela esan du artistak. «Utzi zidaten estudioa kale komertzial bateko denda batean zegoen, eta jendea niregana hurbiltzen zen, hitz egiten zidan, eta lengoaiaren mugak antzeman nituen. Ikusi nuen hizkuntzak banandu ahal gaituela, eta lengoaia plastikoak batu». Eta, onartu duenez, arroztasun sentsazio hori izan zen egonaldian aberasgarrien suertatu zitzaiona. «Nik neraman begiradaz konturatu naiz, eta hura berrikasi dut».

Kontatu duenez, aurrez planik ezarri gabe sortzen ditu margolanak, eta hala aritu zen Tokion ere. «Hori beti izan da zailtasun bat artearen exijentzien aurrean», onartu du. «Beti eskatzen dizute aurrerapen bat, eta nire lan egiteko modua ez da halakoa. Nik ez dakit zer egingo dudan eta ez dakit nola egingo dudan». Materiak erakusten dio bidea. Euskarriak, adibidez, kasu horretan. «Tailerrean ez nuen mahairik, eta ohol batekin egin nuen mahaia; horregatik, haren gainean plastiko bat jarri nuen, eta forma berriak eragin zituen horrek paperean. Hortik hasi nintzen tiraka». Eta hortik erakusketan bildutako margolanek erakusten dituzten ehundurak eta pleguak ere.

Tokion garbiketa ariketa moduko bat ere izan zen pintura Gomez Diazentzat. «Hiria irudien bonbardaketa etengabe bat da. Hemen ere gertatzen da hori, baina han ikaragarrizkoa da abiada. Tailerra bihurtu zitzaidan deskantsu gune bat, non ez nuen irudirik egin nahi izaten, eta, horregatik, aritu nintzen jolasten pinturarekin, testuekin, eta paperekin». Eta isiltasun egarri hori da Bilbon jarritako lanek transmititzen dutena.

Lanerako oasiak

MawatreS-ek ere «oasi» izendatu du Tokioko egonaldia. «Bestelako arduren zama arinduta lan egiteko denbora bat eskaintzen dizuten oasi modukoak dira halako egonaldiak, eta xurgatzea da duzun egitekorik garrantzitsuena». Kontaktuak, erreferentziak eta begirada berritzeko aukera ere izan dutela azaldu du artistak, eta esperientzia horiek uzten duten aztarna nabarmendu du. «Esperientzia hori ez da ixten hogei margolan, mural bat eta bi bideoko erakusketa batekin».

Proiektuka egiten du lan berak, eta, azaldu duenez, urteak daramatza monumentuen gaia ikertzen. Hainbat monumentu publikoren oinarrietan dauden idulkiak erakusten zituen lan batekin irabazi zuen iazko Ertibil lehiaketako lehen saria, hain zuzen, eta gai horri bueltaka jarraitu zuen Japonian egindako egonaldian ere. Zehazki, zementu beltzez margotutako papiroflexia irudi sorta baten itxura hartu du kezka horrek Rekalde aretoan.

MawatreS: «Monumentuak lengoaia propioa du. Erromantikoki pentsatzen da monumentua memoria objektu bat dela, gizarteak gertatutakoa gogoratu dezan jarritakoa, eta, finean, gizarteari gizarte hobe bilakatzen lagunduko diona. Ikuspegi hori galtzen ari da, ordea. Ez dut uste heroi gehiago behar dugunik, ez ditugulako behar zaldi gaineko militar garaile gehiago beren zaldietan; baina pentsatzen dut pertsona guztiek bizi duten bizitza aldarrikatu behar dela».

Eta,horrekin lotuta daude origamiak, sortzailearen hitzetan. Japonian ikusi duenez, mundu guztiak topa ditzake bere neurri eta gaitasunei egokitutako origamiak, adina, generoa eta jakintza maila edozein dela ere. Horregatik, bizitza guztiei sarbidea emateko gogo horri egiten diote erreferentzia artistak Bilbon margotu dituen papiroflexia irudiek, eta, aldiz, monumentuen historiarekin lotuta dago haiek irudikatzeko baliatu duen zementua.

Behin-behineko etena

Bideo pare bat ere jarri ditu erakusketan. Arropa marka ezagun baten bost solairuko eraikineko aurrealdean jarritako Billie Eilish abeslariaren irudi erraldoi bat ikus daiteke haietako batean, eta monumentugintzarekin lotu du irudi hori ere artistak. «Kapitalak berehala ulertu du monumentuak zer garapen izan behar lukeen, eta bestelako heroi berri bat aurkezten digu. Hori ere gizakiaren eskalaren gainetik, eta botere ekonomikoak eutsitakoa».

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018an jarri zituen abian Japoniako egonaldiak, eta, beraz, bigarren edizioa da Gomez Diez eta MawatreS-ena.

Rekalde aretoan bertan, areto nagusian, aurtengo Ertibil sariketara aurkeztutako lanen hautaketa bat ikusi ahalko du bisitariak. Hain zuzen ere, Helena Goñi, Maite Leyun eta Daniel Llaria artistak izan dira 2020ko edizioko hiru sarituak, eta Japonian egonaldia egiteko aukera izango dute haiek ere, nahiz eta, koronabirusaren ondorioz, oraintxe bertan behin-behinean etenda dagoen proiektua.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Inma Moro, Itziar Llanera eta Begoña Olaskoaga, Arrondegiko osasun etxean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aztarnariak zaintzaile

Maite Asensio Lozano

Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.

Azkoiengo (Nafarroa) kale bat, herenegun. ©Iñigo Uriz / Foku

Bigarren olatuko hildako kopururik handiena zenbatu dute azken astean

Uxue Rey Gorraiz

Hegoaldean 72 lagun zendu dira astebetean, aurreko astean baino hemeretzi gehiago. Nafarroan 400 positibo baino gehiago atzeman dituzte lehen aldiz. Zahar etxeetan beste bost egoiliar hil dira

Sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Hezkuntza arloko sindikatuek «plan integral bat» eskatu diote Jaurlaritzari

Gotzon Hermosilla

Esan dutenez, Hezkuntza Saila ez da beraiekin harremanetan jarri greba egunaz geroztik. Urriaren 2an mobilizazioak egingo dituzte

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna