Argiztapenak duen gizatasuna

Argiarekin egiten du jolas Julia Spinola artistaren 'Persona, foto, copia' erakusketak. Hamar urteko ibilbidea biltzen dute artelanek, eta abenduaren 10era arte egongo dira ikusgai Gasteizko Artiumen

Persona, foto, copia erakusketa aurkeztu zuen atzo Julia Spinola artistak; abenduaren 10era egongo da zabalik, Gasteizko Artium museoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Zer izan daiteke pertsona bat?». Erantzunak eragin dezakeen gatazkaren harira sortu du Julia Spinola artistak Persona, foto, copia erakusketa berria. Gizakiaren ohiko irudikapenarekin apurtu nahi izan du artelanekin eta, horretarako, antropologia, tradizioa eta filosofia izan ditu sorkuntzan oinarri. Fotometria erabili du obrak egiteko, eta, gainera, berebiziko garrantzia eman dio argiztapenari. «Ez da erraza argi naturala duten gelak aurkitzea museoetan, eta horrekin jolastu nahi nuela garbi izan nuen hasieratik», esan du sortzaileak. Duela hamar urte egin zituen erakusketako obrarik zaharrenak, baina badaude ere bereziki museoan jartzeko eratu dituen batzuk. Abenduaren 10era arte egongo da erakusketa zabalik, Gasteizko Artium museoan.

Bi espaziotan banatu du Spinolak eskultura eta serigrafia bilduma. Gela handienean jarri ditu gehienak, bertako leiho txikietatik sartzen den argia artelanen formarekin eta materialtasunarekin jolas dadin. Eskultura bakar bat jarri du, ordea, ondoko gela ilunean: Rizo. Uhin itxura du, etaile xerlo batetik sortu zuen. «Kizkur hori zuen pertsonaren ilea beltza zen, eta argirik gabeko espazio hau egokia iruditu zitzaidan iluntasunaren sentsazioa transmititzeko». Gela ilun horretan, gehiago kostatzen zaio begiari eskulturaren nondik norakoak antzematea, eta denbora hori da, hain zuzen, Spinolarentzat garrantzitsuena. «Argiz beteriko leku batean ere gauza bera gertatzen zaio begiari». Iluntasunak, baina, norberak ikusten eta ikusten ez duenarekin jolasteko aukera eman dio. «Etengabean aldatzen dira formak eta testurak».

Beste artista batzuek aurretik sortutako eskulturak bere erara interpretatu ditu sortzaileak, gogoko zituen artelan horiek munduari eskaini eta erakutsi nahi zizkiolako. Historiaurrean egiten zituzten silexen itxura eman dio, esaterako, eskulturetako bati. «Silex baten argazkia aukeratu eta berehala eskaneatu nuen; hiru dimentsioko figura bihurtu nahi nuen ondoren». Artearen alderik «primitiboenak» eraman zuen pieza hori egitera, eta, azkenean, giza tamaina ere eman zion. «Zutik dagoen norbait alboan duela aztertzea da niretzat adierazgarriena; iruditzen zait bizi gehiago duela». Silex Margiela du izena obrak, eta sokaz eta pisuz egindako lepokoa du zintzilik geziaren puntak. «Pieza originalaren zerbait izango du beti, baina inoiz ez dio aldakor izateari utziko».

Sexuan, animaliak

Erakusketaren azpititulua sortu beharko balu, «sexu ez gizatiar» izendatuko luke Spinolak. «Sexua da gizatasun gutxien adierazten duen ekintza: animalia egiten gaitu, edozer apurtzeko prest egoten gara». Horren inguruan egiten diren irudikapenek dute, artistaren arabera, giza izaera. Gizatasun itxura eman nahi die berak artelanei. Ordea, animalia batean oinarritu zen Watana eskultura sortzeko: «Gorila batek egindako korapiloak irudikatzen ditu». Vinciane Despreten Et si les animaux écrivaient? liburuari egiten dio erreferentzia, eta izen bereko bi piezak osatzen dute artelana.

Plazera eta barrea eragiten dizkioten artelanak sortzea da artistaren eguneroko nahia. Eta zehaztu du: «Ez bakarrik tailerrean nagoenean, baita museo batean jarrita ikusten ditudanean ere». Hala gertatzen zaio, hain zuzen, Philip Artiumeko erakusketako eskulturarekin. «Aurrean jartzen naiz, zutik, eta grazia egiten dit» Guztiz abstraktua da, eta norberak modu desberdin batean interpreta dezake, baina artistari bereziki barregarria iruditzen zaio. «Ezin izan diogu barre egiteari utzi hemen erakusketa prestatu bitartean».

Persona, foto, copia erakusketa atzo goizean aurkeztu bazuen ere, proiektu berrietan pentsatzen jarraitzen du Spinolak. «Etorkizuneko erakusketaren batean, argi erregularrekin lan egitea gustatuko litzaidake». Hamaika aukera ematen dizkio berari argiak: «Argiztapenak obra bakar batetik beste kopia asko egitea ahalbidetzen dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.