KRITIKA. Musika

Tradizioaren ildotik

2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Erik Nielsen. Pianista: Andrew von Oeyen. Organista: Aaron Ribas. Egitaraua: Samy Moussaren eta Ludwig van Beethovenen lanak. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo.Eguna: Urriaren 11.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa Beethovenengana itzuli zen denboraldiaren bere bigarren kontzertuan. Entzuleak ustekabean harrapatu zituena, baina, Samy Moussa gaztearen organo eta orkestrarako A Globe itself infolding izeneko obra izan zen —Iberiar penintsulako estreinaldia izan zen Bilbokoa—. Izan ere, aspalditik ez zen entzuten organoaren eta orkestraren arteko halako konbinaketa armonikorik soinu-esparruaren konkistan. Obra honetan, Lurbira beren burua besarkatzen izenburuak berak nabarmen adierazten du organoaren eta orkestraren arteko sinbiosi armoniko atsegina, batera entzuten direnean sortzen den amalgama horren barruan soinua norena den ez jakiteraino. Noski, bai orkestrak bai organoak, bakoitzak bere jokoak egin zituen, baina beti mugitu ziren soinu besarkada horren barruan. Pieza labur eta polit horren amaieran, publikoak txalo zaparrada luzearekin zoriondu zuen konpositorearen asmakizuna, baita Aaron Ribas organistaren interpretazioa nahiz Erik Nielsenen zuzendaritza zehatza ere.

Baina, zalantzarik gabe, Beethovenen piezek, Klasizismotik Erromantizismo bidean doazenek, eman zioten nortasuna kontzertuari. Piano eta Orkestrarako 3. Kontzertua-n, esaterako, zaila izan zen asmatzen nork erakarri zuen nor emanaldian, hau da, zuzendariak bakarlaria edo alderantziz. Zergatik? Biek ala biek Erromantizismoaren kutsu nabarmenez interpretatu zutelako kontzertu dramatikoa: kontrasteak dinamika mailan zein altueran, tempo rubato edo erritmoaren etenaldiak, eta adierazkortasun berezia esaldietan. Andrew von Oeyen pianista trebea da; sentsibilitate handia du, digitazio azkarra, eta musikaltasun erromantikoa, eta baliabide asko dituen musikaria dela azaldu zuen, batez ere lehenengo mugimenduaren kadentzia luzean. Amaieran, entzuleen txalo zaparradak eskertzeko, egitarautik kanpoko pieza erromantiko bat oparitu zuen bakarlariak.

Kontzertuaren bigarren zatian, Nielsen zuzendariak ikuspegi erromantikoaren bidetik jarraitu zuen Beethovenen 6. Sinfonia-n, konpositoreak Izadiari eskainitakoan. Beethovenek, Izadiaren deskribapena egitea baino gehiago, beregan sortzen zuen emozio delikatua adierazi nahi izan zuen sinfonia horretan.Nahiz eta hainbati interpretazioa indar gutxikoa edo hoztasunez betea iruditu ahal izan zitzaion, baliogarritzat eta atsegintzat har daiteke zuzendariak egin zuen emoziozko irakurketa, zeina kontraste handiekin eraman zuen, konpas batetik bestera laztanez landua, eta ondo orekatua soinu-bolumenari dagokionez.

Nielsenen aginduetara, BOSek oso ondo funtzionatu zuen orokorrean. Nabarmentzekoak izan ziren harizko tresnen adierazkortasuna eta oboearen lan ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.