Albistea entzun

Protagonista bikoitza

Penelope Cruz aktorea da Donostiako 67. Zinemaldiko kartelaren irudia, eta hark jasoko du aurtengo lehen Donostia saria. Kartel ofizial guztiak aurkeztu dituzte
Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Penelope Cruz irudi duen kartela aurkeztu berritan, atzo, Tabakalerako agerraldian.
Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Penelope Cruz irudi duen kartela aurkeztu berritan, atzo, Tabakalerako agerraldian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2019ko maiatzak 11

Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek esana zuten «berri garrantzitsu bat» emango zutela atzoko aurkezpen ekitaldian, eta aurtengo jaialdiko kartel ofiziala erakustearekin batera jakin zen omenaldi bikoitza: Penelope Cruz aktorea (Alcobendas, Espainia, 1974) da karteleko irudia, eta hark jasoko du lehen Donostia saria. Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian jakinarazi zuen erabakia, Ruth Perez de Anucita zinemaldiko komunikazio zuzendariarekin batera, Donostiako 67. Zinemaldiko gainontzeko kartel guztiak aurkeztu ondoren.

Donostiako Zinemaldiak iazko edizioan berritu zuen irudia. SSIFF siglak bilakatu ziren jaialdiaren nortasun marka, eta, kartel ofizialaren enkargua eta sailetakoen lehiaketa atzean utzita, «batasuna eta koherentzia» lortu nahian, irudi korporatibo bat diseinatu zuten, TGA estudioarekin elkarlanean. Iaz hartutako itxura trinkotzeko, estudio berak egin ditu aurtengo zinemaldiko zortzi kartelak. Konposizioan argazkiak eta marrazkiak nahastu dituzte, eta zinema garaikidearen izar bat eraman dute kartel ofizialera. Isabelle Huppertekin hasi zuten bidea iaz, eta Penelope Cruz da aurtengoaren protagonista. Dena den, Rebordinosek argitu zuen hemendik aurrera kartel ofizialak ez duela zertan Donostia sariarekin loturarik izan, eta aurtengoa «kointzidentzia zoragarri bat» izan dela.

Argazkiak eta ilustrazioak nahastu dituzte New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Nest Film Students sailetako karteletan, eta Roberto Gavaldon zinemagile mexikarrari egingo dioten atzera begirako zikloarena, berriz, haren Flor de mayo filmetik (1959) hartutako irudi batekin osatu dute. Datorren urtetik aurrera, beste aldaketa bat gehitu nahi diote kartelen berrikuntzari: urtero estudio batek egingo ditu zinemaldiko kartel guztiak, iaz hartutako estetika korporatibo berriaren bidetik jarraituta.

Kartel ofizialeko protagonistak itzal egin zien gainerako guztiei. Kamerari begira ageri da Penelope Cruz aktorea, Nico Bustos argazkilariak egindako erretratuan. Rebordinos «oso pozik» agertu zen aktoreak Donostia saria onartu duelako, eta, hark esandakoak irakurriz, esan zuen Cruzek «emozioz beteta eta esker onez» jaso zuela izendapena. Honela dio Cruzen esker mezuak: «Maitasun berezia diot lekuari, oso gaztetatik izan naizelako han eta oso une zirraragarriak bizi izan ditudalako».

Lehenengo Donostia saria jasoko du Cruzek, baina Rebordinosek esan zuen lanean ari direla guztira «bizpahiru» izan daitezen. Bitartean, Sail Ofizialeko filmak aukeratzen ari dira. «Bost pelikula» dituzte dagoeneko, eta hilabeteren buruan «jaialdiaren %80» lotuta izatea espero dute. Datorren astean hasiko da Cannesko Zinemaldia, eta hark «markatuko du agenda».

Cannesko Zinemaldirako prestatzen ari da dagoeneko Penelope Cruz bera, Sail Ofizialean lehian ariko delako Pedro Almodovarren Dolor y gloria filma. Zinemagilearen alter ego-a da pelikulako protagonista, eta haren amarena egiten du Cruzek. Harreman estua du zuzendariarekin, eta askotan aritu izan da harekin lanean (Carne trémula, 1997; Volver, 2006; Los abrazos rotos, 2009; Los amantes pasajeros, 2013...). Gaztea zela ikusi zuen aktoreak Almodovarren ¡Átame! (1990); «egun hartan erabaki nuen aktore izatea».

1990eko hamarkadan hasi zuen Cruzek aktore ibilbidea, eta ezagun ezin zen Bigas Lunaren Jamón, jamón (1992) eta Fernando Truebaren Belle Époque (1992) filmekin. Truebarenak atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen, gainera. Espainiako hainbat ekoizpenetan egin zuen lan hamarkada horretan, Fernando Colomo (Alegre ma non troppo, 1994; El efecto mariposa, 1995) eta Alvaro Fernandez Armero (Todo es mentira, 1994; Brujas, 1996) zuzendariekin, batez ere.

Nazioarterako jauzia

Almodovarrekin egindako pelikula batekin jauzi nabarmena egin zuen Cruzek: 2000. urtean, Todo sobre mi madre pelikulak atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen. Orduan hasi zen aktorea AEBetan lan egiten. Oso denbora gutxian, izar artean egotera heldu zen: ia aldi berean filmatu zituen Matt Damonekin All the Pretty Horses (Billy Bob Thornton), Nicolas Cagerekin Captain Corelli's Mandolin (John Madden), eta Tom Cruiserekin Vanilla Sky (Cameron Crowe). Aktore ibilbidean, gaztelaniaz, ingelesez, italieraz eta frantsesez aritu izan da lanean.

2009. urtean, Oscar saria jaso zuen lehen emakumezko aktore espainiarra izan zen Cruz, Woody Allenen Vicky, Cristina, Barcelona filmarekin. Gerora, berriro egin zuen lan Allenekin To Rome with Love filmean (2012). Izen handiko beste hainbat zuzendarirekin ere aritu izan da aktorea: Rob Marshall (Nine, 2009), Ridley Scott (The Counselor, 2013), Kenneth Branagh (Murder on the Orient Express, 2017) eta Asghar Farhadi (Todos lo saben, 2018) zinemagileekin, besteak beste. Iaz, ohorezko Cesar saria eman zion Frantziako Zinema Akademiak Cruzi, haren ibilbideari aitortza egiteko.

Aktorea hirutan lehiatu da Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean: Todo es mentira, Volavérunt (Bigas Luna, 1999) eta Venuto al mondo (Sergio Castellito, 2012) filmekin. Egun, Wasp Network pelikulan ari da lanean, Olivier Assayas zinemagilearekin. Atzoko iragarpenaren ondoren, aurten Donostiako Zinemaldian proiektatzeko hautagaia bihurtu berri da filma.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Labeguerieren eskaintzak presoen seme-alabei

Olatz Enzunza Mallona - Mikel P. Ansa

Aurtxo-aurtxoa sehaska kanta grabatu zuen Mixel Labegueriek 1963an. Rafa Albisu ETAko kide atxilotuaren seme-alabei eskaini zien, eskuz, haien etxera diskoa bidalita. Beste atxilotu batzuen senideei ere bidali zien. «Betidanik jakin izan dugu abesti hori guri eskainia zegoela, baina gure buruari galdetzen genion: nori axola zaio?», kontatu dio BERRIAri Ane Albisuk.

Kultur ekitaldi bat, udan. ©Gorka Rubio, Foku

Pandemiak kulturan izandako eragina aztertzeko mintegia BERRIAn

Berria

Urtebetean COVID-19ak Euskal Herrian izan duen eragina aztertzeko bigarren online mintegia egingo du BERRIAk hilaren 10ean, 19:00etan: Sortzaileak garai pandemikoan. Izena emateko epea irekita dago, eta hori egiten dutenek galderak egiteko aukera izango dute. 

Guztira, 150 bat argazki eta hainbat dokumentu pertsonal bildu dituzte erakusketan. Zatirik handiena inoiz erakusgai jarri gabea da. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beltzaren barneko argiak

Itziar Ugarte Irizar

Margaret Watkinsi eskainitako lehen atzera begirakoa ireki du Arteguneak, Donostian. Argazkilari aitzindariaren eta haren obraren «aldarria» izan nahi du, eta maiatzaren 30era arte egongo da zabalik.

Irati Goikoetxea idazleak <em>Herriak ez du barkatuko</em> eleberria aurkeztu zuen atzo, <em>online</em> egindako prentsaurrekoan. ©JON URBE / FOKU

Hitzen bitartez mina lantzen

Olatz Enzunza Mallona

Irati Goikoetxeak 'Herriak ez du barkatuko' eleberria plazaratu du. Duela bi urte Igartza literatur beka irabazi ostean ondu du lana, eta indarkeriak eragindako mina hartu du ardatz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.