Bide baten lagin orkestratua

Gorka Hermosak akordeoi eta orkestrarako bederatzi lan batu ditu 'Gorka Hermosa & Blanchard Strings' diskoan. Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin zen estreinatzekoa; oraingoz, sarean aurkeztu du

Akordeoia orkestra batera eraman duten soinujole bakanetako bat izan da Gorka Hermosa. OSCAR SANCHEZ.
itziar ugarte irizar
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan itzuli da konplitutako ametsaren ideiara Gorka Hermosa (Urretxu, Gipuzkoa, 1976) lan berriaren inguruan aritzean: «Ametsetako disko bat izan da». Akordeoirako eta hari orkestrarako idatzitako bederatzi pieza bildu ditu bertan, Gorka Hermosa & Blanchard Strings izenpean. Bere ibilbide musikalean oihartzun berezia izan duten piezekin osatu du, baita orkestrarekin jotzeko moldagarrienak iruditzen zaizkionekin ere. Prestaketa lanetan zebilela, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren dei bat jaso zuen, akordeoi eta orkestrarako hiru pieza haiekin jotzeko proposamenarekin, baina kontraproposamenarekin erantzun zien Hermosak, disko berria han aurkez zezakeela esanez. Dioenez, gustuz onartu zuten eskaintza, eta maiatzaren 16rako jarri zuten eguna. Baina koronabirusaren ondorengo krisiak eztanda egin, eta bertan behera geratu zen emanaldia —apirileko eta maiatzeko kontzertu guztiak geratu zaizkio bertan behera Hermosari ere—. Badu itzulerako data Berlingoak, 2021ko martxoan, baina «lana erakusteko gehiago itxaron ezinda», plataforma digitalen bitartez egin du lehen aurkezpena.

Bere diskorik gustukoenetako baten gisako proiektu bat gauzatzea izan da disko hau egitea soinu jotzailearentzat; horregatik betetako ametsaren sentsazioa.Richard Gallianoren Passatori da maitea duen disko hori, akordeoi eta hari orkestrarako piezekin ondu zuena Gallianok.Denbora da antzeko lan bat egin nahi zuela Hermosak, eta hiru urte dira orkestraren munduarekin lehen harremanetan hasi zela. Lehen urrats gisa, Maitane Arretxe akordeoilariak irabazitako aitortza aipatu du. Sariaren parte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko solistekin pieza bat jotzeko aukera eman zioten, eta Hermosaren kantu bat hautatu zuten horretarako. Bertan izan zen Hermosa, eta, emanaldiaren ostean, esperientzia aberasgarria izan zela komentatu zioten musikariek, eta bazela hor gara zitekeen bide bat. «Bazegoela errepertorio oso bat egiteko aukera akordeoi eta orkestrarekin. Oso pozgarria izan zen hori entzutea».Gernikako bonbardaketaren 80. urtemugarako prestatu beharreko kontzertua sartu zen tartean, eta hura izan zen EOSekin batera egindako lehen kontzertua. «Nire Gernika piezarekin hasi ginen, eta Eñaut Elorrietak Ken Zazpiren Gernikan-ekin amaitu. Erdian, nik idatzitako akordeoi eta orkestrarako hainbat pieza jo genituen».

Ordutik hona, azken hiru urteetan, munduko hogei orkestrak, Korea, AEB, Brasil, Turkia, Polonia eta beste hainbat herrialdetakoek, interpretatu dute Hermosaren kantu sorta. «Ez da oso ohikoa musika klasikoaren munduan pieza batzuek halako zabalkunde azkarra izatea». Poz handia eman dion zerbait izan dela aipatu du musikariak, baina, zabalkunde horretaz gain, berak ere grabatu nahi zuela errepertorio hori. EOSeko musikariekin sei-zazpi bat bider eman ditu kantuak zuzenean, baina, Santanderren (Espainia) bizi denez eta hango kontserbatorioko irakasle denez, hurbileko musikariengana jo du grabaketarako, «sakonago entseatzeko». Hala sortu du Blanchard Strings taldea, «Kantabriako solista ezagunenekin», eta haiekin grabatu diskoa, azken neguko egun bakar batean.

Gernika 26/4/1937-rekin hasi, eta Hermosaren kantu ezagunenetakoek osatzen dute diskoa: Ekia, Anantango, Milonga del Vente, Galliano en Santiago, Brehme, SaudadeArtica, ¿Zelaya...? eta Paco. Gehienak akordeoi bakarlarientzat konposatu zituen, eta azken urteetako bere hainbat talderekin ere jo izan ditu. Bilduma ikusita, hala dio: «Nire bizitza musikal guztia laburbiltzen dute».

Hegoko sustraien isla

Hermosaren musika Iberiar penintsulako doinu herrikoien, jazzaren eta musika klasikoaren artean kokatu izan dute kritikariek. Lanak plazaratzeko eta zabaltzeko orduan halako sailkapenak «ezinbestekoak» direla dio soinu joleak, baina beste elementu batzuen tartean ulertzen du berak bere lana: «Nire konpositore faboritoenetako bat Astor Piazzola da: Argentinako tangoa hartu, eta musika klasikoarekin eta jazzarekin nahastu zuen. Nik beti nahi izan dut antzeko zerbait egin euskal musikarekin eta nire sustraietako musikarekin. Nire familia [Espainiako] estatuko hegoaldetik dator, eta nire musikak beti islatu izan du hori: egin nuen Flamenco etxeaJose Luis Montonekin, orain badugu Hezurbeltzak proiektua Jon Maia eta Pittirekin... Uste dut unibertsalena lokala izatea dela, eta autentikoena bakoitzaren istorioa kontatzea; hori da nik egin nahi dudana musikaren bitartez».

Orain, zortzi bat proiektu ditu abian Hermosak. Musikari, konpositore eta eguneroko irakaskuntza lanean dihardu. «Kaos bat izan daiteke, baina denak pila bat gustatzen zaizkit, eta gustu handiz eramaten dut». Dena, soinuaren bueltan. «Akordeoia musika herrikoiarekin lotzen dugu, eta egia da izan dugula gutxiagotasun konplexu bat akordeoilariok. Niaukera ezberdinak arakatzera eraman nau, eta orain zeinekin jo nahi dudan aukeratu ahalko banu, orkestra sinfoniko batekinesango nuke. Laurogei lagun zure atzean, oso musikari onak denak; hori ikaragarria da. Ez dago akordeoilari asko hori egiten duenik, eta, agian, horregatik zabaldu da nire musika hainbeste azkenaldian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.