KRITIKA. Dantza

Arriaga Arriagan

Agus Perez.
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun

'Compañia Nacional de Danza'

Konpainia: Espainiako Dantza Konpainia Nazionala.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilaren 16.

Egitarau hirukoitza ekarri du Bilboko Arriaga antzokira Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak, eta erdiko koreografiak Juan Crisostomo Arriaga (Bilbo, 1806 - Paris, 1826) izan du protagonista.

Emanaldia Nacho Duatoren Remansos piezarekin hasi da, hiruna emakume eta gizon dantzariren parte-hartzearekin. Denak agertu dira maillot beltzez jantzita, hankak eta —gizonen kasuan— besoak agerian, emakumeetan distira gorriekin eta gizon batzuetan berdeekin. Arrosa gorri batek presiditu du agertokia, eta atzeko aldean lauki bertikal handi bat kokatu da, nolabaiteko enigma eszenikoa sortuz. Enric Granados katalanaren (Lleida, 1867 - Mantxako kanala, 1916) Valses poéticos eta herri-dantza batzuetarako doinuak batuz osatu zuen Duatok 1997ko pieza hura, eta koreografia oso zatikatua geratu zen, musika-pasarte laburren segida izatearen ondorioz. Bestetik, gaurko ikuspegitik hartuta, deigarria egiten zaigu haren mekanizismo nabarmena eta une batetik aurrera emakumeak eszenatik guztiz desagertu izana, hiru gizonak arkadia zoriontsu batean bezala jolasten aritzen zirela.

Arriaga deitu da bigarren ekitaldia, Bilboko konpositorearen omenez, eta, aurrekoan bezala, hainbat zati solte hartu dira koreografiaren soinu-bandatzat: Arriagaren hiru kuartetoetako atal batzuk eta beraien bariazioak, hain zuzen ere. Beraz, piezak ezinbestean eduki du izaera zatikatua aurreko atalaren izaera bera, zehatz esanda, eta orain biolina, biola eta biolontxeloa Granadosen pianoaren ordezkariak izan badira ere bi musikarien arteko amildegia alde batera utzita, monotonia sentsazio handia eman diote egitarauaren diseinuari. Gainera, hiru koreografok sinatu dute Arriaga hau, eta, horren ondorioz, emaitza eszenikoa solista eta bikoteen dantza-erakustaldi soila iruditu zaigu, distira berezirik gabea dantzari gehienei begira, eta batez ere asmo handirik gabea proiektu koreografikoari dagokionez.

Arratsaldeko azken koreografia Antonio Ruzen In paradisum izan da, eta honetan aurrekoaren jantzi monokromo itxuragabeak atzean utzi eta kaleko arropa koloretsuekin agertu dira dantzariak. Ruz Espainiako Dantza Sari Nazionala izan zen 2018an, eta berak sinatutako azken atal honetan Pizkunde aroko musika liturgikoak girotu ditu eszena batzuk. Haien artean soinu ilunek, heavy pasarteak, jazzik abstraktuena eta techno musika tartekatu dira, dantzariek talde jarrera mistikoak eta abiadura geldoko konposizio epikoak osatzen zituzten bitartean. Luzimendu pertsonalerako eszenaren bat ere egon da zilarrezko bainujantziarena nagusi eta behin baino gehiagotan mugimendu-teatrotik hurbilago ibili da proposamena benetako dantzatik baino. Esandako horrek eta, oro har, piezaren efektismoak eta talde-inprobisazioetatik sortutako pasarte batzuek zertxobait apaldu dute amaierako piezaren distira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.