Sarrionandiaren gau gehiago

Idazlearen 'Airea ez da debalde' Habanako gaukaria argitaratu du Pamielak. 'Bizitzea ez al da oso arriskutsua?' lanaren segida da. Kubaz, Euskal Herriaz eta bere buruaz mintzo da, besteak beste

Ezkerrean, Joxemari Iturralde; eskuinean, Fernando Rey. Bien artean aurkeztu zuten atzo Airea ez da debalde liburua, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Atzo urtebete, Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, Bizkaia, 1958) Bizitzea ez al da oso arriskutsua? saiakera aurkeztu zuen Pamiela argitaletxeak, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Toki berean egin zuten lan haren segidaren aurkezpena: Airea ez da debalde. Hala, Habanako bi gaukari eman ditu idazleak urtebete juxtuko tartean.

Habana hirian eta gauez idatziak izateak batzen ditu bi lanak. Ez horrek bakarrik, hala ere, Joxemari Iturralde idazlearen (Tolosa, Gipuzkoa, 1951) esanetan. «Duela urtebete, hemen ginen Habanako lehen gaukaria aurkezten, eta, gu hemen lan hura aurkezten ari ginen bitartean, Sarrionandia Habanan ari zen oraingo hau idazten». Iazko azaroaren 1etik aurtengo otsailaren 28ra bitarteko idatziak bildu ditu bertan, izan ere, eta honela irakur daiteke liburuan: «Haren jarraitzailea izango da beste hau, argitaratuz gero».

Duela urtebeteko aurkezpenean, Iturraldek zioen Ni ez naiz hemengoa (1985) eta Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuekin zirkulu bat osatzen ari zela Sarrionandia. «Arku bat irudikatzen nuen, bi zutabe horien gainean jarrita. Arku batek zirkunferentzia erdia osatzen duenez, beste erdia falta zitzaion zirkunferentzia osoa osatzeko. Orain, Airea ez da debalde liburuarekin, beste laurden bat erantsi dio zirkunferentziari», nabarmendu zuen atzo.

Zirkunferentziaren laurden horren izenburuak gogora dakar Sarrionandiak Habanako kaleetan bizi izandako pasadizo bat, Iturralderen hitzetan: «Kuban, pneumatikoaren zulaketari ponche deitzen zaio; eta zulatuak konpontzeko tailerrari, ponchera». Tailer horietako batean, bada, bizikletadun batek bere erreminta kaxa zabaldu du, zulatua konpontzeko behar direnak saltzeko-edo. Puzgailuaren goma luzea borobilean bilduta dago, kakotik eskegita horma zurian. Eta gainean, pintatuta: «Airea ez da debalde». «Beraz, dena salgai dago, dirua errege. Izan ere, denak du bere prezioa leku guztietan. Kuban gehiago, beharbada», Iturralderen aburuz.

Tantaka irakurtzekoa

Fernando Rey itzultzaileak (Iruñea, 1961) egin ditu Sarrionandiaren lan berriaren editore lanak, eta, atzo nabarmendu zuenez, «Ni ez naiz hemengoa eta Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuetan bezala, tantaka, dosi txikietan, egunkari baten gisan, zer pentsatua eta zer sentitua ematen dio irakurleari lan honekin».

Tanta horien artean aletzen ditu idazleak, editorearen arabera, Kubako eta Habanako gertaerak eta zertzeladak; Ameriketako indigenen historia, kultura eta bizimodua; eta «haien giza eskubideen urraketak eta defentsa». Baita Sarrionandiaren beraren bizitzaren xehetasun, gogoeta eta desirak ere. Eta, han-hemenka, idazleak besteren liburuetan aurkitutako aipamenak.

«Saiakeretan, batzuetan, oso afirmazio borobilak egiten dira, baina Sarrionandia ez da saiakeragile orojakile ageri, baizik eta oroiradokitzaile», Reyren hitzetan. «Mila detaile, aipamen eta gogoeta konpartitzen ditu irakurlearekin. Oso liburu aberatsa iruditzen zait alde horretatik». Liburuan bertan jasota dagoen esaldi bat gogoratu zuen editoreak: «Batzuek hitzak ipintzen dituzte paperen gainean. Beste batzuek paperak ipintzen dituzte hitzen gainean». Sarrionandia lehendabiziko talde horretakoa da, Reyren aburuz.

Joxemari Iturraldek, bada, idazlearen aurreko paperak ekarri zituen gogora azken liburuaren gaiak aletzerakoan: «Moroak gara behelaino artean? eta Lapur banden etika ala politika liburuak ezagutzen dituen irakurlea bide ezagunetan aurkituko da Airea ez da debalde-ko pasarte askorekin topo egitean». Herria zer den galdetzen hasten denean, esate baterako. «Herriaren kontzeptua erreibindikatu egin behar dela esaten du Sarrionandiak. Besteak zer diren jakina dela diosku, eta herria zer den erabakitzeko dagoela oraindik. Eta kontzeptu hori gero herri kolonizatu izatearekin lotzen du, euskara dela eta».

Adar askoko pentsamendua agertzen du Sarrionandiak bere azken lanean. Adar horietan erakargarriena irakurlearentzat, Iturralderen arabera, idazlearen alde intimo eta kuttunena erakusten duena izan daiteke: «Aipamen pertsonalak egiten dituenean, esate baterako, zortzi egunez torturatua izan ostean kartzelan nola egon zen kontatzen digu. Eta lagunak aipatzen dizkigu. Eta familia: 15 urteko Mikel eta 4 urteko Ainhoa seme-alabak. Badaude pasarte hunkigarriak, bestelako Sarrionandia bat erakutsiko digutenak».

Pott Bandan kide izan zuen eta adiskide duen idazleari buruzko desideratum batekin amaitu zuen aurkezpena Iturraldek: «Orain hemen eguna da, eta Habanan gaua da. Agian, oraintxe bertan, hura iaz idazten ari zen liburu hau guk komentatu dugun bitartean, Sarrionandia idazten ari da datorren urtean argitaratuko duen liburua. Horrela, zirkulua erabat itxiko du. Hala bada, espero dut bera egotea hemen zuen aurrean aurkezpen lanak egiten. Hala izan bedi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.