Andaren artelanen basoan

Jose Ramon Andaren ia ehun eskultura bildu dituzte 'Lantegi' erakusketan, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Egurrez eginak dira pieza gehienak, eta basoaren ideiaren bueltan kokatu dituzte aretoan

Argiztapen berezi baten laguntzaz, Lantegi erakusketak dei egiten du Jose Ramon Andaren eskulturen artetik ibiltzera. Abuztuaren 25era bitarte izango da ikusgai, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Baso bat sartu dute Donostiako Kubo-Kutxa areto barrura. Haritzak, gaztainondoak, makalak, intxaurrondoak daude baso horretan, Jose Ramon Anda (Bakaiku, Nafarroa, 1949) artistaren eskuetatik igaro ostean hartu dituzten formetan. Argiztapen berezi baten laguntzaz, aretoak dei egiten du egurrezko eskulturen artetik zuhaitz artetik bezala ibiltzera, Andaren basoan murgiltzera. Eskultorearen ia ehun pieza bildu dituzte Lantegi erakusketan, eta abuztuaren 25era arte izango dira ikusgai.

Artistaren eta Javier Balda komisarioaren artean aukeratu dituzte erakusketako obrak. Baldaren hitzetan, sortzailearen tailerra eraman nahi izan dute Donostiako aretora; horregatik izenburua. Maketaz, materialez eta erremintaz betetako espazio zabal bat du Andak sorterrian, eta bertan pentsatu eta egin izan ditu obra ia guztiak. Baina lantegi hitzarekin, halaber, hainbat basotan herritarren mesederako eta auzolanean egiten den ustiatze motari ere egin nahi izan diote erreferentzia. Gertuko basoetatik lortu izan du Andak bere piezetarako materiala, eta egur bakoitzaren ezaugarrietara egokituz sortu izan ditu lanak, zuhaitzetik beste forma batzuetara igaroz, bertikaltasunari eutsiz gehienetan. Halakoak dira erakusketako obra gehienak ere: zurez egindakoak —brontzez zein marmolez egindakoak ere badaude, besteak beste— eta altuera oinarri dutenak.

Bildutako piezak Andaren ibilbidearen erakusle dira, baina, komisarioaren hitzetan, ez da atzera begirako erakusketa bat, haren lanak «denboraz kanpo» daudelako. «Obren datak jakingo ez bagenitu, ez genuke jakingo piezak egungoak edota iraganekoak diren, etengabe haiek berregiten aritzen baita. Zuhaitza, elementu naturala, obra abstraktu bilakatzeko eta berriz naturalizatzeko transformazioaren ideia erakutsi nahi izan dugu». Baldak ongi ezagutzen ditu artista eta bere obra, eta, belaunaldi jakin batekoa bada ere, «outsider» gisa definitzen du: «Ez da talde edo mugimendu batekoa; bera bere gisara dabil bere lantegian». Hori guztia agertzeko, 1970eko urteetatik gaur arte sortutako lanak bildu dituzte; artistaren bildumakoak dira asko, baina bilduma partikularretatik nahiz hainbat erakunderen funtsetatik ere eraman dituzte aretora beste zenbait. Lanetako bi berariaz sortu ditu eskultoreak erakusketarako.

Areto nagusira sartu aurretik, eskuinaldeko gela txikiago batean, Andaren obraren oinarrizko gakoak erakusten dituzten hainbat pieza jarri dituzte. Iru zutabe Donostiarentzat (1985) lanak egiten du harrera sarreran —tamaina handian eta zementuz ondua ikus daiteke lan hori Ondarretako lorategietan—. Gela barruan, askotariko lanak jarri dituzte plataforma handi baten gainean, baita sabaitik eta hormetatik zintzilik ere. 1970eko urteetako eskulturen artean, kuboak eta kaxak oinarri hartuta sortutakoak dira aipagarrienak. Forma horiek abiapuntu hartuta, Andak askotariko bariazioak esploratzen ditu, eta forma berriak sortu; horren erakusle dira, besteren artean, Descomposición del Cubo (Kuboaren deskonposizioa, 1973), Oteizarekin elkarrizketa (1978), Nahi eta ezin (1979) eta Homenaje a Juan de Anchieta eskulturak (Joanes Antxietari omenaldia, 1979). Horien inguruan, geometriarekin jolastuz sortutako beste hainbat lan daude; adibidez, obeliskoak, garapen zirkularrak deitutakoak eta Pilotara eta Bitarte serieetakoak, baita forma geometrikoak organikoekin uztartzen dituztenak ere; Xixtezko goitsu (1990) eskultura, esaterako.

Artelanen artetik

Areto nagusiak hartzen ditu pieza gehien, baita handienak ere. Sartu eta berehala, horma batean zintzilikatutako bi lan daude ikusgai lehenik: Hodei arteko eguzkia eta Hodei arteko ilargia (1996-2011), platanondo egurrezko pieza lodi eta zabal banatan taillatuak. Gainerako hormetan ere badira pieza gehiago, baina, lurrean bermatuta, aretoko obra gehienak gorantz altxatzen dira, eta hainbatek garaiera nabarmena hartzen dute.

Goruntz (1984-1985) da horren adibide. Totem itxurako obra da, egurrezko pieza bertikal luze batek eta lurrean horizontalean zabaldutako haren txirbilek osatua. Baita Gianbologna (2006) izenekoa ere, haritzez ez ezik brontzez ere osatutako lana. Garaiera handikoa da, halaber, Miracielo segoviano (Zerura begira Segovian, 2005-2007); artistak zutabe mehe batzuen gainean jarri du hustutako platanondo enbor handia. Sartu ahal baduzu (2008-2012) haritz egurreko obra du alboan, zeinak burua sartzeko moduko zirrikitu bat duen tolestura zirkularrean. Bi obra horietatik hurbil daude, halaber, Ezustekoa (1996-1999), Babespe (1996-1999) eta Zeharki II (2000-2006) haritzezkoak. Eskultoreak enborren hustasunarekin eta kurbekin jolas egiten du horietan ere.

Obren artetik aurrera eginez, aurrez aurre, Atariaren besarkada (2004-2006) ageri da. Intxaurrondoz eginiko pieza handia da, bi plano kurbatu eta ateburu kurbatu bat dituena, ate bat osatuz. Sartagudako (Nafarroa) Memoriaren Parkean ere ikusgai dago lana, brontzez eta eskala handiagoan eraikia. Haren aldamenean, multzo bat osatuz, hiru lan jarri dituzte: Leihoa II (2006-2016), Medio punto excéntrico (Puntu-erdi eszentrikoa, 2009-2011) eta Polifemo I (1982-2012). Lehen bi lanetan, Andak plano zuzenekin eta kurbekin jolas egiten du, eta, bi formek bat egiten dutenean, leiho karratuak, arkuak eta argi-arrakalak sortzen dira. Polifemo I lanean, berriz, hutsune zirkular bat ageri da tolesturek bat egiten duten lekuan. Hormatik gertuago, Polifemo II obra (2004-2012) dago ikusgai, eta, harekin beste multzo bat osatuz, Bitarte serieko hiru pieza jarri dituzte, 2002. eta 2007. urteen artean egindakoak. Horietan, egurrezko pieza bakarra izan da artistaren abiapuntua, zeinari argia sartzen dion ebaki bertikal eten baten bidez.

Andaren sorkuntza berrienetariko batzuk ere jarri dituzte ikusgai aretoan. Acotar el vacio I da horietako bat (Hutsunea mugatzea I, 2016-2019); obra horretan, artista hastapenetako kaxa eta kuboetara itzultzen da. Formatu handiko obra da, haritzezko ohol lodiekin sortua, baina hala ere egitura arin baten itxura duena. Haren alboan, baina horma banatan jarrita, Acotar el vacio III -Abrazando la esquina (Izkina besarkatzen, 2019) eta Acotar el vacio II -Nik eta nire itzala (2019) jarri dituzte, ildo berekoak biak ere.

Etxe bat basoan

Aretoaren amaieran, beste espazio bereizi batean, hainbat eskultura ertain jarri dituzte ikusgai, plataforma handi baten gainean. Gehienetan, artistak jarraipena ematen dio enborraren hustuketaren ideiari, baina ariketa muturrera eramanez eta aldi berean sinpleagoa eginez. Hori lortzeko, Andak egur bigunagoak baliatu ditu —ezkia eta lizarra—, eta horrela zurezko xafla finekin eraiki ditu lanak. Beste egur mota batzuekin egindako eskulturak ere badira, kaoba eta haritza, adibidez, baita beste material batzuekin sortutako gutxi batzuk ere, hala nola eskaiola eta marmola. Ikusgai dauden piezen artean dira Ikusmira II (2002) eta Irurak bat (2018), besteak beste.

Beste espazio batean, areto nagusiaren goiko aldean, Andak altzari eskultoriko modura diseinatutako hainbat obra bildu dituzte. Espazioa etxe baten gisan pentsatuta dago, eta, hala, aulkiak —Aitaren aulkia eta Amaren aulkia, bizkarralde luzekoak, 1989-1991 artean eginak, esaterako—, mahaiak —Nabarzabal mahaia (1986-1991) eta Iranzuko mahaia (1994-2007)— eta beste hainbat altzari jarri dituzte ikusgai. Baita plater eta erretilu itxurako obrak ere. Etxearen hormetako batean, berriz, senide, lagun eta pertsonaia ezagunen erretratuak jarri dituzte; artistak brontzez, egurrez, buztinez eta eskaiolaz sortutako bustoak dira. Andaren amaren eta emaztearen aurpegiak ez ezik, Pablo Picasso, Miguel de Unamuno eta Lazkao Txikirenak ere ikus daitezke, besteak beste.

Erakusketak iraun artean, bisita gidatuak, tailerrak eta bestelako jarduerak izango dira aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.