Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Aspergarriak gara

2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Irudikatu late night esaten zaion iluntzeko saio bat. Demagun, ETB1en. Irudikatu aurkezle publikoki ezkertiar bat, bere hautu politikoez eta aldarriez lotsarik —eta zentsurarik— gabe hitz egiten duena. Musika talde bat, generoak eskatzen duenez, zuzeneko emanaldiarekin janzten duena saioa, baina emakumeek osatua soilik. Publikoa, platoan bertan, lata-ko barreak ordezkatuz. Funtsean, La Resistencia eta Late Motiv programen erdibideko zerbait: Broncanoren saioen kaosetik baduena, baina Buenafuenteren programaren egitura klasikoagotik abiatua. Demagun aurkezleak Puta España esaldiaren bariazioekin jolastuz hasten duela emankizuna.

Irudikatu kolaboratzaile bat, saioan sartu orduko zapatak erantzi eta sofan etzaten dena. Bere aluaren nondik norakoz hasten dena hitz egiten, eta aitortzen duena behinola fatxa batekin jo zuela larrua; errudun sentitzen dela oraindik. Bere ondoan, alu erraldoiz mozorrotutako gidoilari bat, dialogoa errazteko. Irudikatu botatzen duela masturbatu izan dela Iñigo Urkullu gogoan; baina zuzendu egiten duela gero: Carlos Garaikoetxea guapoagoa iruditzen zaio, egiazki. Aurkezlea behartzen duela bere sexu harreman traketsenez hitz egitera.

Irudikatu elkarrizketarako gonbidatu duten euskal idazle gazte bat, emakumea. Hala ateratzen zaiolako euskaratik gaztelaniara saltoka ari dela etengabe. Gidoiari izkin egin eta alderdi abertzaleen gorabeherez aritzea erabakitzen duela: egurra ematen diela EAJ, EH Bildu eta baita hortik kanpo kokatzen diren mugimendu batzuei ere. Baliatzen duela aukera euskal artisten zati handi bat bere soldatatxo publikoaren zain —eta horrek baldintzatuta— ari dela salatzeko. Euskal idazle sexiena dela aldarrikatzen duela. Aurkezleak, inprobisatuz, jolasa jarraitzen diola, hala ere.

Irudikatu azken kolaboratzaile bat, gizonezkoa oraingoan, txandaleroa. Euskal Herriko banketxe handiek finantziatutako musika jaialdien kontura egiten duela barre, bere droga kontsumoa hartzen duela hizpide. Saioa hark agurtzen duela aurkezlea ordezkatuz, Puta España esaldiaren bariazioekin, beste behin. Ez irudikatu gehiago. Saioa —lizentzia geografiko batzuk hartuta— existitzen baita:TV3en Zona Franca saio berriaren bosgarren atala da. Bai: seko aspergarriak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.