Itzala aitortu diote

Bernardo Atxagak Espainiako Letren Sari Nazionala irabazi du. «Euskararen eta gazteleraren modernizazioari ekarpen funtsezkoa» egin izana aitortu diote idazleari
Bernardo Atxaga idazlea, <em>Etxeak eta hilobiak</em> nobela aurkeztu zuen egunean, iragan urriaren 16an.
Bernardo Atxaga idazlea, Etxeak eta hilobiak nobela aurkeztu zuen egunean, iragan urriaren 16an. MAIALEN ANDRES / FOKU

Amagoia Gurrutxaga Ainhoa Sarasola -

2019ko azaroak 12
«Bernardo Atxaga. Atzoko egunean hil zen, 23 urte zituela. Goian bego. Bere arimak ez zuen zuzendaririk, ez zuen ez emazte ez maiten?o ezagunik. [...] Oso gauza gutti egin zituen bere bizitzan. [...] Arren egiten diegu bere adiskideei ez egiteko ezer bere arimaren alde. Ez da hiletarik izanen. Andoainen, Abenduak 27, 74». Horixe Panpina Ustela literatur aldizkarian argitaratu zuten eskela, 1975eko urtarrilean. Atxagak berak eta Koldo Izagirrek sortua zen aldizkaria. Fikziokoa zen testua. Hazten hasia zen autore baten ingurukoa. Makina bat lan idatzi ditu ordutik Atxagak, fikziokoak eta ez-fikziokoak. Lanon guztien osotasuna aitortu dio Espainiako Kultura Ministerioak, Letren Sari Nazionala emanda.

Atzo jakinarazi zuten epaia. Epaimahaiaren iritziz, «euskararen eta gazteleraren modernizazioari eta nazioarteko proiekzioari ekarpen funtsezkoa» egin dio Atxagak. «Poesiaz blaitutako narratiba baten bidez» egin du hori, «zeinetan errealitatea eta fikzioa distiraz konbinatu dituen». Sari hori lortu duen euskarazko lehendabiziko idazlea da Atxaga. Aitortzarekin batera, 40.000 euro ere jasoko ditu.

Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da Bernardo Atxaga. Asteasun (Gipuzkoa)jaio zen, 1951. urtean, eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean. Ikasketa garai hartan ezagutu zuen Gabriel Aresti, eta, haren eraginez, euskaraz idazten hasi zen. Arestik apailatutako Euskal Literatura 72 (1973) antologian argitaratu zituen lehen lanak:Oskar ipuina eta Borobila eta puntua antzezlana. Segidan etorri ziren Ustela aldizkariaren sorrera Donostian —aipatu eskelarekin— eta Ziutateaz (1976) liburua. Bilbon zen bigarren liburua argitaratu zuenean, 1978an: Pott Bandaren babesean argitaratu zuen Etiopia poesia liburua. Banda horretan, kide izan zituen Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia. Argitaletxe bat sortzea zuten hastapen asmoa, baina Pott aldizkaria egin zuten azkenean: sei ale, guztira, 1978 eta 1980 bitartean.

Idaztea bizibide

«Gure garaiaren antz handiagoa dugu gure gurasoena baino», esan izan du Atxagak. Hainbat lanbidetan aritu ostean, idazle langintzan erabat murgildu zen 1980ko hamarkadan. Genero guztietan aritu da ordutik, hala nola narrazioan, eleberrigintzan, poesian, antzerkian, saiakeran nahiz haur literaturan, eta bere liburuak 34 hizkuntzatara itzuli dituzte. Euskaltzain oso da 2006tik; eta Jakiundeko kidea 2010etik.

1980ko urteetan eman zituen lanetatik, Obabakoak (1988) nobelarekin iritsi zitzaion sona handien. 26 hizkuntzatara itzulia, Euskadi saria, Espainiako Narratiba eta Kritika sariak, eta Parisko Millepages saria irabazi zituen lan horri esker; eta European Literary Award sariketan finalista izan zen. Ez zen hura izan, hala ere, saririk ekarri zion lan bakarra. Behi euskaldun baten memoriak (1991) nobelagatik, 1994an IBBY International Board on Books for Young People erakundearen ohorezko zerrendara gehitu zuten idazlea. Soinujolearen semea-gatik (2003), Grinzane Cavour, Mondello eta Times Literary Supplement Translation sariak eman zizkioten. Nevadako egunak (2013) lanagatik, Euskadi saria.

Bestetik, Atxagaren lan zenbait zinemaratu dituzte: Montxo Armendarizek (Obaba, 2005), Aizpea Goenagak (Zeru horiek, 2006), Imanol Rayok (Bi anai, 2011) eta Fernando Bernuesek (Soinujolearen semea, 2018).

Euskaltzaindiaren babespean sortu zen Erlea literatur aldizkariaren zuzendari lanak egin zituen 2009tik 2018ra arte, sortu zenetik desagertu zen arte.

Konpromisoak behartutako idazlearen topikoa zartatu, eta literaturaren autonomia aldarrikatu du. Azken nobela izango ei duena publikatu berri du, Etxeak eta hilobiak. Otsailerako iragarri dute gaztelaniazko itzulpena. Bizi-bizirik segitzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna