Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Oskar Matute. EH Bilduko Bizkaiko hautagaia

«Subiranistena hirugarren taldea izan daiteke Kongresuan»

Matutek uste du Llotja de Marren sinaturiko akordioak subiranistei aukera ematen diela «balantza demokratizazioaren aldera desorekatzeko»: «Erabakigarriak izango gara».
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2019ko azaroak 6
Anbizioz ikusten ditu EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matutek (Bilbo, 1972) datorren igandeko hauteskundeak, eta argi dio «bost diputatu gutxienez» nahi dituela: «Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu diputatuak izan daitezen nahi dut; neuk ere bide horretan lagundu nahi diet; baina, bereziki, Iñaki Ruiz de Pinedok ordezkatzen duen zintzotasuna Madrilen egotea nahi dut, eta Bel Pozuetak aukera izatea demokrazia ahotan ibiltzen diren askoren duintasun falta agerian uzteko».

Badirudi herritarrak nekaturik eta haserre daudela berriro hauteskundeak datozela eta. Neke horrek eragina izan al dezake EH Bilduren boto emaileengan?

Guk beti esan dugu gure helburuak lortzeko ez dagoela E egunik. Mugarri asko daude, horietako bat azaroaren 10ekoa da, eta gainditu egin behar da. Guk jendeari eskatzen diogu egunero lan egiteko, herrietan, auzoetan eta gizarte mugimenduetan, errealitate justuago eta duinagoa eraikitzeko. Zenbat eta gizarte mobilizazio handiagoa, orduan eta indartsuagoa izango da askatzaile izan nahi duen mugimendua.

Aurreko hauteskunde kanpainan behin eta berriro esan zenuten EH Bildu hesia izango zela eskuinek proposatzen duten inboluzioaren aurrean.

Guk esaten genuenean eskuinaren eta eskuin muturraren gobernua gure askatasunaren aurkako mehatxua zela, ez ginen zerbait abstraktuaz ari: hor dugu Vox, legez kanpo utzi nahi dituztenen zerrenda handitzen. Guk apustu argia egin genuen eskuinak gobernura irits ez zitezen. Baina guri ez digu balio edozein eta edozelan gobernuan egoteak. Norbaitek beste agenda batekin gobernatu nahi badu, prest gaude entzuteko. Baina norbaitek nahi badu hiru alderdi horien politika berak egitea beste sigla batzuekin, guk horretan ez dugu jokatuko.

Sanchezek esan zuen berriro hauteskundeetara deituko duela, besteak beste, ez zuelako egon nahi subiranisten menpe: bada, zama bat nahi ez duen mandoari, bi zama, azaroaren 11n subiranistak gehiago izango baikara, eta erabakigarriak izango baikara.

Eta eskuinei bidea ixteko PSOEri sostengua eman behar izateak ez dizue kontraesanik sortzen?

PSOEren gobernu programaren arabera. Haien gobernu programa baldin bada PPk, C's-ek eta Voxek egingo luketena egitea, Katalunian ikusten ari garen bezala, gurekin ezin dute kontatu. Zerbait diferentea proposatzen badute, gu entzuteko prest gaude. Jendeak arriskutsutzat ikusten badu eskuinaren gobernua, izango da ezkerreko politikak nahi dituelako; bada, ausart daitezela ezkerreko politikak egiten.

Llotja de Marreko adierazpena Kataluniako abaguneari emandako erantzun hutsa da?

Guk bi urte baino gehiago daramagu estatuaren inboluzio arriskuaz ohartarazten. Zoritxarrez, errealitateak arrazoia eman digu. Eta horren aurrean subiranistok bildu behar dugu, geure burua defendatzeko ez ezik, benetako aldaketa eta haustura prozesua bultzatzeko ere. Azaroaren 10ean, aukera dugu asko izateko, eta balantza demokratizazioaren aldera desorekatzeko.

Elkarlanerako akordio bat duzue ERCrekin, baina, itxura guztien arabera, azaroaren 11tik aurrera CUP eta BNG ere egongo dira Espainiako Kongresuan. Zein izango da aurrerantzean EH Bilduren aliantzen politika?

Subiranismoaren batasun estrategikoaren gure ikuspegia ERCrekin hasi zen; orain, mantendu ez ezik, indartu ere egin da Llotjako adierazpenarekin, eta horrek badu programa politiko bat. Ez da soilki egoeraren analisi bat; proposamenak egiten ditu, autodeterminazioaren aldeko proposamena da, bide politiko eta baketsuen aldekoa, presoen kaleratze eta atzerriratuen itzuleraren aldekoa, eta gehiengoen zerbitzura egongo diren politika ekonomikoen aldekoa. Sinatu dugunok konpromisoa hartu dugu gauden leku guztietan hori aurrera eramateko; hortaz, Espainiako Kongresuan badago lan bat egiteko, eta, gainera, gehiago izango gara, diputatu subiranista eta independentistena Kongresuko hirugarren indarra izan baitaiteke.

Aipatu dituzun aliantza horiek ikusita, EAJk dio beraiena dela kanpoko loturarik ez duen euskal talde bakarra.

EAJk bere garaian Bartzelonako Ituna sinatu zuen BNG eta CiUrekin, eta inoiz ez zuten saldu hori oztopo zenik euskal herritarren interesak defendatzeko, alderantziz baizik. Nik uste dut adierazpen honek EAJ ezustean harrapatu duela, askotan esan baitute EH Bildu ez zela gai inorekin ados jartzeko. Guk orain bederatzi aliatu dugu, eta EAJk, horrekin bat egiteko aukera izanik, kanpoan gelditzea erabaki du. Gu prest gaude eduki horiez hitz egiteko bai EAJrekin eta bai erabakitzeko eskubidearen alde daudela dioten estatu mailako indarrekin ere.

Zer irizten diozu EAJko Aitor Estebanek eta Voxeko eledunek izan duten talkari?

Estebanek frogatu ahal izan du askok genioena: Vox alderdi faxista dela. Eta antifaxismoan oinarrizkoa den zerbait egin du: agurra ukatzea eta zer diren esatea. Bigarren urratsa da haien kontra borrokatzera pasatzea, eta Voxen diskurtsoaren aurrean protesta egiten dutenei ez jazartzea. Eta, era berean, ulertzea faxistekin itunak egiten dituena ere ez dela fidagarria, EAJk beti izan baitu PPrekin hitzarmenak egiteko joera harrigarria.

Legez kanporatzeen mamua astindu dute berriro.

Horrek gogora ekartzen dizkit Martin Niemoellerren hitz ezagunak, «lehenbizi komunisten bila etorri ziren, eta ni ez nintzen arduratu komunista ez nintzelako» eta abar. Orain beste alderdi batzuei tokatu zaie, baina gu beti egon garenez legez kanporatzearen arriskuaren pean, eta hedabide batzuek heriotza zibil moduko bat ezartzen digutenez, badakigu zertaz ari diren. Eta horren aurrean topatu dugun elkartasuna nahiko eskasa izan da. Gu ez gara horretan jausiko: beti egongo gara errezeta hori aplikatu nahi dietenen alde. Baina ezker subiranistari errezeta hori aplikatu zioten, eta indartsuago eta irabazteko asmoz itzuli ginen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna