Iheslari eta deportatuen eguna antolatu dute Tolosan

Urriaren 6an egingo du aldarrikapen eguna Kalera Kalera dinamikak. Eragile guztien artean adostutako «bide orri bat» eskatu du
Kalera Kalera dinamikako kideak, atzoko aurkezpenean.
Kalera Kalera dinamikako kideak, atzoko aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Erredakzioa -

2018ko irailak 20

Kalera Kalera dinamikak uste du «elkarbizitza normalizatzeko bidea» iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eratzea dela. Konponbide hori eskatzea izango du xede urriaren 6an antolatu duen iheslari eta deportatuen egunak. Tolosan (Gipuzkoa) egingo dute aldarrikapen eguna, Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren bahiketaren 35. urteurrena gogora ekarrita. Aurten lehen aldiz antolatuko da eguna Hego Euskal Herrian, deportatuen eta iheslarien etxeratzea bultzatzeko dinamikak abiatu duen prozesuaren testuinguruan.

Kalera Kalera dinamikak gogora ekarri du iheslariek eta deportatuek bizi duten egoera latza dela, eta lehentasunezkoa dela haien etxeratzea. Kolektibo hori estatuaren «gerra zikinaren» biktima dela gogoratuko dute dinamikakoek Tolosan. «Errelatoaz, gatazkaren bortizkeriaz eta abarraz hainbeste hitz egiten den garai honetan, gehienetan ahaztu egiten da estatuek erabilitako biolentzia, eta bereziki estatu terrorismoa».

Errealitate hori erakusten duten datuen berri eman dute Jon Irazola iheslari ohiak eta Mikel Korta Kalera Kalera-ko kideak. Jakinarazi dutenez, 1960ko hamarkadatik 2.500 euskal herritarrek baino gehiagok hartu behar izan dute erbesterako bidea, eta 84 lagun ihesean edo deportatuta hil dira; horietatik 27, «gerra zikinak» eraginda. Epe berean, 274 estradizio, 384 entrega eta 74 deportazio ere egin dira. Gaur egun, 70 inguru dira iheslariak, eta 14 deportatuak.

EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an kaleratutako Miarritzeko Adierazpenaren ostean, berriz, 150 iheslarik hartu dute Euskal Herrira itzultzeko bidea.

Dinamikako kideen esanetan, erbestea eta deportazioa «kondena bat izan dira eta dira» euskal herritarrentzat, eta gainditu beharreko errealitate bat da «elkarbizitza sano bat» bultzatu nahi bada. Arazoari konponbide bat emateko,instituzioen babesa izango duen «bide orri bat» adosteko eskatu diete eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei.

Premiazko neurriak

Arazoa konpontzen hasteko hainbat neurri proposatu ditu dinamikak, «gizalegezkoak» direnak eta «premiaz» hartu behar direnak. Honako hauek dira neurriok: Espainiako Auzitegi Nazionalak iheslari eta deportatuen egoera juridikoaren berri ematea euren abokatuei —gaur egun ukatu egiten die informazio hori—; preskripzioen kontaketa «era naturalean» egitea, «modu artifizialetan manipulatu beharrean»; «torturekin kutsatuta dauden sumarioak» bertan behera uztea; «oinarri juridikorik gabeko» deportazioak amaitzea; eta iheslariak etxera ekartzea, «adinak eta osasun egoerak hala eskatzean».

Nabarmendu dutenez, horrekin bakarrik iheslari eta deportatuen %80k etxera bueltatzeko aukera izango lukete. Gainerakoekin «konponbideetan oinarrizkoa den errealitatearen printzipioa» aplikatzea eskatu dute.

Elkarbizitza «denen artean» sortu behar dela eta denak «eroso» egoteko osagarriak behar direla azpimarratu dute Kalera Kalera dinamikakoek. Hala, gizarteari «elkarlanerako» deia egin diote iheslarien eta deportatuen egunari begira. Egun osoko egitaraua prestatu dute urriaren 6rako, Tolosan: hitzaldiak, txorizo eta sagardo dastaketa, Oria ibaiko jaitsiera, ekitaldi politikoa, kalejira, bazkaria eta musika ikuskizunak, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Joan den urtarrilaren 9an Sarek deitutako protesta, Donostian. ©Jon Urbe / FOKU

Hiru euskal preso hurbilduko dituzte, eta bi Euskal Herriratu

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Zigor Orbe Sevillano eta Unai Lopez de Okariz Lopez dira Euskal Herriratuko dituztenak: Zaballara ekarriko dituzte. Julen Atxurra Egurrola eta Raul Fuentes Villota Duesora hurbilduko dituzte, eta Diego Ugarte Lopez de Arkaute, Mansillara.

 ©JON URBE / FOKU

«Jaurlaritzak badaki gobernu alternatiba bakarra EH Bildu dela»

Jon O. Urain

Aurrekontu «kontserbadoreak» egitea eta EH Bildu «higatzeko errelato bat» osatzea egotzi dio Iriartek Jaurlaritzari.

Mikel Mundiñano (Sare) eta Xochitl Karasatorre (Etxerat) gaur, Iruñean ©Iñigo Uriz / Foku

Parlamentuko akordioaren garrantzia nabarmendu dute Sarek eta Etxerat-ek

Berria

Nafarroan jatorria edo bizitokia duten presoak Iruñeko espetxera hurbiltzearen aldeko mozioa onartu zuten ostegunean PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, eta lurraldeko sindikatu guztiek ere bat egin dute.

Epaiketa salatzeko Gasteizen atzo egindako manifestazioa. ©Endika Portillo / Foku

Fiskalak «terrorismoa» leporatu die Barbadori eta Zelaiari

Berria

Bukatu da Auzitegi Nazionalean bi gazteen kontra egindako epaiketa. Fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diezaietela berretsi du ondorioen berri ematean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.