Etxebizitza larrialdia. Aitziber Etxezarreta. EHUko Ekonomia irakaslea

«Neurriek gehienez ere atzeratu egin dute arazoa, baina konpondu, ez»

Etxezarretak dioenez, etxebizitza politiken ardatza babes ofizialeko etxeak eraikitzea izan da historikoki; krisi ekonomikoak gauzak aldatu ditu, gaur egun «inoiz baino diru gutxiago» jartzen baita arlo horretan.

JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herrian aitorturik dago etxebizitzarako eskubide subjektiboa. Ipar Euskal Herrian, eskubide hori 2008an aitortu zen, Frantziako DALO legea indarrean sartu zenean. Hego Euskal Herriari dagokionez, Espainiako Konstituzioak jasotzen du «etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea», baina asmo horren gauzatzea 2015ean zehaztu zuen Eusko Legebiltzarrak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako, Etxebizitza Legea onartu zuenean. Nafarroan, berriz, 2018an onartu zuten etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen duen legea.

Baina eskubideak politika zehatzen bitartez gauzatzen dira. Horretan aditua da Aitziber Etxezarreta (Donostia, 1978); ekonomiako doktorea da, irakaslea EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, eta etxebizitzaren arloa ikertu du, bereziki etxebizitza politika publikoak.

Zer esan nahi du etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua egoteak?

Teorian, horrek esan nahi du herritar orok eska dezakeela etxebizitza bat erabili ahal izateko, hau da, eskubide galdagarria da eta edozein herritarrek exijitu dezake. Baina horren aplikazioa egokia izan dadin, etxebizitza publiko nahikoa egon beharko litzateke, eta hori ez da errealitate bat. Hortaz, praktikan, eskubide hori diru laguntza gehigarri bilakatzen da: hori exijitzen duten herritar guztiei ezin dietenez etxebizitza bat eskaini, laguntza bat ematen diete, herritarrek merkatu pribatuan lortzen duten etxebizitza horren alokairua ordaintzen laguntzeko.

Hala ere, eskubidearen filosofia da administrazioak herritar orori bermatu beharko liokeela etxebizitza bat erabili ahal izatea. Epe luzean, helburua litzateke etxebizitza parke publiko hori sortzea.

Nolakoak dira Euskal Herrian etxebizitzaren arloan egiten ari diren politika publikoak?

Historikoki, babes ofizialeko etxeak eraikitzean zentratuak egon dira, batez ere Hego Euskal Herrian. Baina azkenengo krisialdiaren ondorioz, 2008tik aurrera, etxebizitza politiketara bideratuta zegoen aurrekontua erdira jaitsi da. Beraz, austeritatea gailendu da: inoiz baino diru gutxiago bideratzen da arlo horretara, eta horrek inoiz baino berritzaileagoak izatera behartzen ditu arduradun politikoak. Dirurik eskatzen ez duten neurrietan ari dira pentsatzen orain: adibidez, erabilera lagapenean.

Zer da hori?

Donostian badago proiektu pilotu bat, Txominen, administrazio publikoak bultzatzen ari direna figura juridiko horren pean. Administrazioak orube bat erosi du, eta kooperatiba baten esku utzi du, 110 etxebizitza inguru eraikitzeko. Prozesua kooperatiba batek kudeatzea ez da berria, udalerri askotan egin baitira etxebizitza publiko edo babestuak horrenbidez, baina, halako kasuetan, eraikitzen amaitutakoan etxeetako giltzak banatzen ziren jabeen artean eta kooperatiba desagertu egiten zen. Hemen, aldiz, kooperatibak iraun egingo du, eta hango bazkideak etxeetako erabiltzaile izango dira, baina ez jabe. Horregatik esaten zaio «erabilera lagapena».

Nolako eragina izan du pandemiak etxebizitzaren inguruko politiketan?

Pandemiak, hasieran batez ere, presazko neurri batzuk eskatu zituen: konfinamendua, adibidez. Baina, horretarako, gutxieneko batzuk bete behar ziren; esaterako, etxea edukitzea, jendeak non konfinatu edukitzea. Horregatik, neurri batzuk sartu ziren indarrean: zor hipotekarioaren moratoria, etxegabetzeak gelditzea eta abar, baina soilik COVID-19aren ondorioz eratorritako zaurgarritasun egoeretan. Etxea babestea zen neurri horien helburua.

Gero, hedabideen bitartez jakin dugu kaleratzeak ez direla gelditu, hainbat baldintza bete behar zirelako, eta kasu guztietan ez ziren betetzen. Edonola ere, neurri horiek guztiek, kasurik onenean, atzeratu egiten dute arazoa, baina ez konpondu. Osasun krisiaren ostean, krisi ekonomikoa dator, eta arazo sozialak areagotu egingo dira.

Dakizunez, eztabaida handia dago gaur egun alokairuen prezioak kontrolatzeko egokitasunaz. Zuk beharrezko ikusten duzu alokairuen prezioei muga jartzea?

Eztabaida interesgarria da, baina zaila. Noski, desiragarria litzateke alokairuen prezioan eragin ahal izatea. Baina legez gehieneko prezio batzuk finkatzeak baditu oztopo batzuk. Lehenengoa politikoa da, eta Espainiako Gobernuan ikusten ari gara: koalizio gobernua osatzen duten bi alderdiek bazuten konpromiso bat, baina bazkide horietako batek beste indar batzuen laguntza bilatu nahi izan duenean hasi dira komeriak. Horrelako neurri bat hartzeko, ezkerreko gehiengo bat lortu behar da, eta gaur egungo egoeran zaila da hori. Zailtasun teknikoak ere badaude, gehieneko prezio bat ezartzea zaila delako, eta Europako esperientziak hala adierazten du.

Gainera, nahi gabeko ondorioak ere ekar litzake horrelako neurri batek: merkatu beltza sortzea, etxebizitzen eskaintza jaistea eta horrekin eskuragarritasunak behera egitea eta abar.

Europako zenbait lekutan, hartu dira horrelako neurriak.

Berlingo kasua, adibidez, askotan aipatzen da. Lehengo urtean, bigarren aldiz jarri zuten indarrean alokairuen prezioak mugatzeko neurria, eta aurreko asteko albistea da hango Konstituzio Auzitegiak atzera bota duela, ebatzi duelako landerrek ez dutela horretarako eskumenik eta horrelako erabaki bat gobernu federalari dagokiola. Parisen ere aplikatu da halako neurriren bat, baina, hona iristen diren albisteen arabera, zailtasun handiekin han ere.

Prezioak kontrolatzeko beste modurik ba al dago?

Hor dago koska. Fiskalitatea izan daiteke bide bat, baina beti da zaila. Horrek ez du esan nahi ezer egin behar ez denik; kasu honetan, askotan aipatzen den merkatuaren esku ikusezinaren kontu horrek ez du funtzionatzen. Baina gai konplexua da, eztabaida handia eta adostasun zabala eskatzen duena, eta zail ikusten dut gaur egungo egoera politikoan.

Etxebizitza lege berria prestatzen ari da Espainiako Gobernua. Zure ustez, horrelako lege batek zer hartu beharko luke kontuan?

Etxebizitza lege baten lehenengo helburua izan beharko litzateke tresnak ematea etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko. Horretarako, arau batzuk eta esparru juridiko bat eskaintzen ditu. Tresna horiek era askotakoak izan daitezke: adibidez, euskal legea eztabaidatu zenean, 2015ean, zeresan handia eman zuen etxe hutsei ezarri beharreko kanonaren aferak. Neurri jakin horiek lor daitekeen adostasunaren araberakoak izango dira, baina helburuak horixe beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.