Albistea entzun

Sexuan oinarritutako bazterketa zigortzeko eskatu diote nazioarteari

Afganistango eta Irango emakume taldeek abiatu dute kanpaina. Besteak beste, Xirin Ebadi abokatu eta Bakearen Nobel saridunak eta Fauzia Koofi Afganistango diputatuak babestu dute
Hainbat emakume protestan Iranek Bruselan duen enbaxadaren aurrean, atzo.
Hainbat emakume protestan Iranek Bruselan duen enbaxadaren aurrean, atzo. STEPHANIE LECOCQ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 9

Martxoaren 8a baliatuta, Afganistango eta Irango hainbat emakumek nazioarteko kanpaina bat abiatu zuten atzo. Kanpaina horren helburua da sexuan oinarritutako bazterketa krimentzat jotzea nazioarteko legedian. Hainbat pertsona ezagunen babesa jaso dute sustatzaileek: besteak beste, Xirin Ebadi abokatu eta Bakearen Nobel saridunarena, Fauzia Koofi diputatu afganiarrarena eta Afganistango Giza Eskubideen Batzorde Independenteko kide Benafxa Yaqoobirena.

Kanpaina bultzatu duten taldeen arabera, gaur egun bazterketaren aurka indarrean dauden nazioarteko arauek ez dituzte aintzat hartzen bi herrialde horietan indarrean dauden emakumeen aurkako politika sistematikoak, helburu dutenak emakumeei bizitza publikoan parte hartzea debekatzea eta haiek umiliatzea. Idatzian nabarmendu dute bazterketa krimentzat jotzen dela egun, baina soilik arrazan oinarritua denean, ez sexuan.

Zehazki, apartheid politikak jotzen ditu krimentzat nazioarteko legediak. NBE Nazio Batuen Erakundeak 1973an erabaki zuen apartheida nazioarteko krimen izendatzea, eta 1998an hala jaso zuten Erromako Estatutuan. Baina kontzeptua ez dator bat sexuan oinarritutako bazterketarekin. «Nazioarteko legediaren arabera, apartheidaren krimenak soilik arrazan oinarritutako hierarkia sistemak hartzen ditu aintzat. Kanpaina honen helburua da tresna politiko eta legalak sortzea, sexu bazterketa sustatzen duten sistemen aurka egiteko», azaldu dio Gissou Nia abokatuak Erresuma Batuko The Guardian egunkariari.

Idatziak Afganistango sistema hartzen du oinarri. Han, emakumeek ezin dute bigarren hezkuntzan ikasi, ezin dira zenbait eremu publikotara joan, ezin dira etxetik 70 kilometro baino gehiagora joan mahram edo gizonezko senide batek lagunduta ez bada, eta, iragan abenduaren 22tik, ezin dituzte unibertsitateko ikasketak egin, ezta GKE gobernuz kanpoko erakundeetan lan egin ere. Iranen ere antzeko egoera bizi dute emakumeek. Han, segurtasun indarren ardura da emakumeek hijaba ondo daramatela «zaintzea», eta edonor atxilotu dezakete araua urratuz gero.

Protestak Kabulen

Kabulen ere izan zen atzo protestarik. Dozenaka emakume kalera irten ziren lan egiteko eta ikasteko eskubidea aldarrikatzera, talibanen debekuari aurre eginda. Izan ere, 2021eko udan talibanak agintera heldu zirenetik, emakumeek ia erabat debekatuta daukate lanean aritzea; lan jakin batzuk soilik egin ditzakete, eta, horiek ere, gizonekin egon gabe. Iazko azken hiruhilekoan jasotako datuen arabera, langabeziak %25 egin zuen gora emakumeen artean, eta %7 gizonezkoen artean. Lanaren Nazioarteko Erakundeak ohartarazi du datu horiek ez direla denbora tarte jakin baten isla, joera batena baizik.

Salaketa NBEraino heldu da. Antonio Guterres idazkari nagusiak herenegun salatu zuen neskak eta emakumezkoak «ezabatu» egin dituztela bizitza publikotik, eta etxean preso sartu. «Herrialdearen aurkako eraso bat da herritarren erdiak baino gehiago etxean itxita uztea giza eta ekonomia krisirik larrienetako bat duen eremu batean. Horrek ez ditu emakumeak eta neskak bakarrik zigortuko, afganiar guztiak baizik», ohartarazi zuen Roza Otunbaievak, NBEren misioaren arduradunak. Erakundearen arabera, aurten 13,8 milioi emakumek beharko dute giza laguntza.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...