Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Gipuzkoa

Abertzaleek emaitzak hobetu dituzte, eta bina diputatu lortu

EAJk eroso irabazi du Gipuzkoan, nahiz eta EH Bilduk 5.000 botoren aldea laburtu dion. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek behera egin dute, eta sozialistak gailendu dira haien arteko lehian, apirilean bezala

Abertzaleek emaitzak hobetu dituzte, eta bina diputatu lortu.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Alderdi abertzaleek erakutsi dute Espainiako Gorteetarako bozetan ere oinarri sendoa dutela Gipuzkoan. Aurtengo apirilean eginiko hauteskundeetako kopuruen oso antzekoak lortu dituzte, eta eserlekuak berretsi: bina diputatu EAJk eta EH Bilduk; jeltzaleek hiru senatari, eta subiranistek bakarra. Beste bi diputatuak PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen artean banatu dituzte. PP ordezkaririk gabe geratu da, laugarrenez jarraian.

Bi lehia nagusi zeuden atzo Gipuzkoan: abertzaleen artekoa, batetik, eta PSE-EE eta Elkarrekin Podemosena, bestetik. EAJk 17.000 botoren aldea atera dio EH Bilduri. Apirilean, 22.500ena egon zen; maiatzeko foru hauteskundeetan, 15.000rena; eta 2016ko Eusko Legebiltzarreko bozetan, ia 20.000rena. Botoak gorabehera, batez beste hiru puntuko aldea egon da bien artean azken hauteskunde zikloan.



EAJk apirilean baino 3.500 boto gutxiago batu ditu, baina portzentajean gainetik egon da —abstentzioa handitu egin da—. Iazkoak eta 1982koak salbu, EAJk bere emaitza onenak lortu ditu. Halaber, hamarkada honetako hauteskunde guztiak kontuan hartuta, batez bestekoaren —104.000 boto (%28)— gainetik egon dira jeltzaleak: aurtengo maiatzeko foru bozak dituzte onenak: 131.000 boto (%36).

Antzekoa da EH Bilduren joera. Apirileko botoak eta portzentajea hobetu ditu. 2011koa izan zuen Espainiako bozetako emaitza onena, Amaiurrena: 130.000 boto (%35); eta 2016koa eskasena: 51.500 boto (%19). Hamarkadako hauteskunde guztiak kontuan hartuta, batez bestekotik —103.000 boto (%25)— gertu geratu zen atzo.

Kontrako joeran

PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, behera egin dute, bigarrenek bereziki: 15.000 boto gutxiago. Sozialistek, berriz, 9.000 gutxiago. Bien arteko lehian, PSE-EE gailendu da, apirilean bezala. Elkarrekin Podemosek 2015ean eta 2016an atera zion ia 15 punturen aldea jan dio PSE-EEk, eta, gainera, 12.000 boto atera dizkio. Batzar Nagusietako bozetan, nabarmen handiagoa izan zen PSE-EEren aldeko aldea: 30.000 boto (%8 gehiago). 2016ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, berriz, lehia estuagoa izan zuten, Elkarrekin Podemosen alde: 8.000 botoren aldea atera zion PSE-EEri. Batak ala besteak irabazi, 3 punturen aldea dago bien artean. Elkarrekin Podemosek 2016an eta 2015ean irabazi zituen Espainiako Gorteetarako bozak Gipuzkoan, baina orduko hiru boto emaileetatik bat galdu zuen iazkoetan.

PPk hobetu egin ditu apirileko emaitzak, baina txarrenetan bigarrenak ditu atzokoak.

Herri nagusietan, EAJ da nagusi Donostian, Eibarren, Zarautzen, Arrasaten eta Tolosan; PSE-EE Irunen, Errenterian eta Lasarte-Orian; eta EH Bildu Hernanin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.