Makroproiektuen aurkako protesta antolatu du Araba Bizirik-ek

Urriaren 23an izango da, Gasteizko Bilbo plazan, 18:30ean. Araba jasaten ari den «etengabeko erasoak» salatu ditu plataformak

Araba Bizirik plataformako ordezkariak, atzo egin zuten agerraldian. ARABA BIZIRIK.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Araba Bizirik plataformak agerraldia egin zuen atzo Elorriagan (Araba), Arabako Kontzejuen Elkartearen egoitzaren aurrean. Lurraldea jasaten ari den «etengabeko erasoak» salatu zituen, eta urriaren 23rako antolatu duen manifestazioaren berri ere eman zuen. Makroproiektu industrialen aurka egingo du protesta Gasteizko Bilbo plazan, 18:30etik aurrera.

AHTrik Ez, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Proiektu Honi Ez mugimenduek osatzen dute Araba Bizirik plataforma. Makroproiektuen inguruan administrazioak eta toki-erakundeek lurraldea babesteko erakutsi duten «interes falta» salatu eta «herrienganako errespetua» exijitu zuen agerraldian. Azaldu zuenez, eraikitzen ari diren azpiegitura handiek «arrisku larrian» jartzen dituzte Arabako biodibertsitatea, paisaia, eta nekazaritza eta abeltzaintza; modu «itzulezinean» alda daitezkeelako. Megaproiektuen aurka azaldu diren kontzejuei ere «laguntza eta elkartasuna» adierazi zizkien plataformak, eta esan zuen proiektu horiek eragiten duten «abusu eta mehatxuaren aurka» egiten dutenei «laguntzeko prest» dagoela.

Era berean, salatu zuen megaproiektu industrialek ez dituztela errespetatzen, batetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen «printzipio gidariak», eta, bestetik, baliabideen «jasangarritasun eta ekonomia irizpideak».

Horregatik, Administrazio Publikoari eskatu zion Arabako ingurune naturala eta laborantza lurra «pobretzen ez dituzten alternatiben alde» egiteko, eta ingurunea jasaten ari den «jazarpenaren eta espoliazio arriskuaren aurrean» duen «defentsa lana» egin dezala. Horrez gain, azpiegitura edo energia berriztagarrien proiektuen garapenerako «benetako itun sozial bat ezartzea» eskatu zuen. Plataformaren arabera, itun horrek ingurumenarekin «gero eta sentsibilizatuago» dagoen gizarte baten beharrei erantzun beharko die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.