Baliabide falta salatzeko mobilizatuko da Inor Ez Etxerik Gabe plataforma

Plataformak etxegabeen egoera konpontzeko borondate falta leporatu dio Gasteizko Udalari. Loaldi bat egingo dute hurrengo ostiralean

Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Inor Ez Etxerik Gabe plataformaren esanetan, «onartezina» da Gasteizen «kale gorrian» bizi diren herritarren egoera. Gasteizko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuen aurrean egindako prentsaurrekoan, zerbitzuaren «prekaritatea eta baliabide falta» kritikatu dituzte, eta neurriak hartzeko exijitu diote Gasteizko Udalari. Egoera salatzeko, plataformak eta beste zenbait eragilek loaldi bat egingo dute hilaren 23ko gauean, Gasteizko Plaza Berrian, udaletxe aurrean.

Plataformaren ustez, azken urteetan ez da aldaketarik egin hobera. Horren arrazoia «borondate politiko falta» dela uste dute: «Badirudi [Gasteizko alkate Gorka] Urtaran jauna pertsonak kalean bizitzearen aldekoa dela». Adibide gisa jarri dituzte Olarizu auzoan iaz egindako etxegabetzeak eta hiriko kontserbatorioan eta zenbait elizatan hesiak jarri izana. Politika horiek «ezin dira ulertu», plataformaren ustez.

«Etxebizitzak gure beharrak asetzen dituen aterpea eta segurtasuna ematen digun ondasuna izan beharko luke», adierazi dute. Egungo gizarte kapitalistan, ordea, hura «dirua egiteko ondasun» bilakatu dela uste dute. «Gainera, etxebizitzarik ez edukitzeak bizi baldintzen okertzea dakar, eta, horrekin batera, gizarte bazterkeria».

Hurrengo ostiraletik larunbatera bitarte egingo duten loaldian, etxebizitzaren arazoari lotutako zenbait gai tratatuko dituzte parte hartzaileek. Azaldu dutenez, ostiraleko 20:30ean biltzar bat egingo dute, eta hizpide izango dituzte, besteak beste, gizarte bazterkeria, gentrifikazioa, emantzipazioa eta bizitzaren garestitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.