Ezohiko funts bat, ekarpenen korapiloa askatzeko lehen urratsa

Egokitzapenerako funtsa nahikoa ez denean aktibatuko da. 2018koa konpontzeko, Jaurlaritzak eta Bizkaiak gehiago jarriko dute: 2,8 milioi bakoitzak

Irune Lasa.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
«Akordioa lortu dugu eta begira zein pozik gauden», esan zuen Pedro Azpiazuk, besoak mahaikide zituen diputatu nagusiengana zabalduz. Baina irribarre batzuk zabalagoak, alaiagoak izan daitezke besteak baino. Eta Finantzen Euskal Kontseiluaren erabakiak aurkezteko prentsaurrekoan, Markel Olanoren irribarrea, agertu zenean, ez zen horren zabala.

2018ko zerga bilketaren kontuak ixtea zen, berez, zeregin nagusia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Saila, hiru aldundiak eta Eudel biltzen dituen foroan. Gai ordenan, behintzat, ez zegoen Ekarpen Legearen ingurukorik. Nahiko argi zegoen, ordea, atzokoan hizpide inportanteena 2011. urtetik luzatuta dagoen lege hori izango zutela.

Gipuzkoako Aldundia gehiago, eta Arabakoa pixka bat gutxiago, aspalditik kexu dira Ekarpen Legeak ezartzen dituen koefiziente horizontalekin, zeintzuek zergetan bildutako dirutik lurralde bakoitzak kutxa komunean zenbat diru jarri behar duen zehazten duten. Hainbat irizpide kontuan hartu eta koefiziente horiek aldatzea nahi lukete Gipuzkoak eta Arabak, 2012. urtetik luzatuta dagoen legearen erreforma baliatuz.

Baina Jaurlaritzak eta aldundiek ez dute bete erreforma adosteko euren buruei ezarritako epea —2018 urtea—. Eta 2019. urtearen hasiera honetan ere, erreforma orokorra oso zail begitantzen zen. Horregatik, azken asteetan Olanoren apustua Egokitzapenerako Funtsa handitzea zen; hots, koefizienteen eta diru bilketen arteko desorekak berdintzeko xedez bere garaian eratutako diru zorroa handiagoa izatea. Hori izan zitekeen Jaurlaritzak eta Bizkaiak diru gehiago jartzeko bidea.

Besteak beste, berriz gerta zitekeelako 2018an jazo dena, Egokitzapenerako Funtsa ez dela nahikoa izan berdintzeko Arabak zein Gipuzkoak kutxa nagusira egin beharreko ekarpena eta egiaz zergetan bildutakoa.

Jaurlaritzak proposatua

Baina, azkenean, akordioa ez da hortik joan. Gipuzkoako diputatuak berak azaldu zuenez, Jaurlaritzaren proposamena izan zen adostutakoa. Horren arabera, Egokitzapen Funtsa ez da handituko eta zergetan bildutakoaren % 1a izango da orain ere erreferentzia hornidurarako —Jaurlaritzak %70 jarrita eta aldundiek %30—. Baina EgokitzapenerakoFuntsa ez denean nahikoa, lurralderen baten diru bilketa egin beharreko ekarpenaren azpitik gelditzen bada —koefizientearen %99 baino gutxiago bada—, Ezohiko Funtsa aktibatuko da. Funts hori diru baliabideen %0,45ekoa izango da (60 milioi inguru), Jaurlaritzak jarriko du diruaren erdia eta aldundiek beste erdia —koefiziente horizontalaren arabera—, eta ekitaldiaren likidazioan aplikatuko da.

2018ko ekitaldian, Araba eta Gipuzkoa %99 horretara irits daitezen, Jaurlaritzak eta Bizkaiak gehiago jarriko dute: 2,8 milioi bakoitzak. 1,6 milioi Arabarentzat izango dira, eta 4,04 milioi Gipuzkoarentzat.

Akordioa bera baino gehiago, akordio bat egin izana goraipatu zuten alde guztiek. Gipuzkoako ahaldun nagusia ere pozik agertu zen «negoziazio zintzoetatik» ateratako akordioarekin, «ezohiko funtsak leundu egingo dituelako lege zaharraren ondorio kaltegarriak» eta «neurri batean konponbidea emango diolako azken urteetako korapiloari». Arabako Ramiro Gonzalezek esan zuen ezin dela jakin etorkizunean zein lurraldek behar izango duen funts hori. Eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren arabera, akordioa «urratsa izan daiteke, «urgentzia gabe eta lasai» Ekarpen Legearen metodologia berritzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.