NZAk baimena eman du Filipinetako drogen aurkako gerra ikertzeko

Auzitegiak uste du gizateriaren aurkako krimenen zantzuak daudela gobernuak narkotrafikoaren kontra bultzatutako operazioetan. Manilak esan du oztopoak jarriko dizkiela ikerlariei

Narkotrafikoaren kontrako polizia operazio bat, Filipinetako Valenzuela hirian, 2017an. MARK CRISTINO / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Filipinetako Gobernua gizateriaren kontrako krimenengatik ikertzeko modua eman du Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Ikerketari bide emateko eskatua zien fiskaltzak epaileei, eta azken horiek eskaria onartzea erabaki zuten atzo, fiskaltzak orain arte emandako informazioan oinarrituta. Herrialde horretan gobernuak narkotrafikoaren kontra bultzatutako operazioak «herritar zibilen aurkako eraso sistematikotzat» har litezkeela azaldu dute epaileek.

Ekainean egin zuen fiskaltzak ikerketa abiatzeko eskaria, eta, orain, onartuta, 2011ko azaroaren 1etik 2019ko martxoaren 16ra bitartean egindako operazioak ikertu ahalko ditu Karim Khan fiskala buru duen taldeak. Ez, ordea, data horretatik aurrera egindakoak, Filipinek NZAko estatu kide izateari eta Erromako Estatutuari —NZA sortzeko egindako estatutua—atxikita egoteari utzi baitzioten. Fiskalak kasuaz egindako deskribapenak dio balitekeela milaka lagun hil izana «ustez narkotrafikoan parte hartu zutelako edo droga ilegalak kontsumitu zituztelako», eta horietako hainbat taldeen arteko borroken ondorioz hil zirela zehazten duen arren, beste asko «operazio polizialetan egindako exekuzio estrajudizialen» biktima izan zirela pentsatzeko nahikoa zantzu badagoela uste du.

Horretan oinarrituta, auzitegiak nabarmendu zuen drogaren kontrako gerra deitu izan zaiona ezin dela ulertu legediaren ezarpen huts moduan, eta horren barruan egindako operazioak ezin direla hartu «zilegizkoa den operazio batean egindako gehiegikeria» gisa. Aitzitik, uste du badagoela nahikoa oinarri herritarren aurkako «eraso orokortu eta sistematiko bat» izan dela eta eraso horiek estatuak berak sustatu izan dituela pentsatzeko. Hilketak eta drogaren aurkako kanpaina lotzeko, Filipinetako Polizia Nazionalak Rodrigo Duterte presidenteak kargua hartu zuen egun berean zabaldutako ohar bat aipatu zuen auzitegiak. Hartan, drogaren aurkako operazioetan susmagarriak «neutralizatzeko» asmoa agertzen zen. Auzitegiak uste du hitz horrekin ustezko delitugileak hiltzea baimentzen zela. Gainera, azaldu zuen hainbat agenteren testigantzak ere badituela, zeinetan aitortzen duten gobernuaren aginduei jarraituz hil zituztela hainbat lagun narkotrafikoarekin lotutako operazioetan.

Frogatzat har litezke, halaber, Duterteren beraren hitzak, hainbatetan esan izan baitu, modu irekian, droga trafikoarekin lotutako hilketak babesten dituela. «Hilketak badaude, ni naizela esango dut. Drogaren kontrako gerran izandako edozein heriotzaren erantzule egin nazakezue», adierazi zuen iazko urrian, herrialdeko telebista kate batean egindako diskurtsoan. «Eraman nazazue auzitegira, espetxeratu nazaten. Nire herriaren alde jarduteagatik kartzelara eramaten banaute, gustu handiz joango naiz», gaineratu zuen.

Agintea hartu zuenetik, 7.000 lagun baino gehiago hil dira Poliziak narkotrafikoarekin lotuta egindako sarekadetan, Filipinetako agintarien arabera. Giza eskubideen hainbat elkartek, baina, uste dute hildakoak 30.000 inguru direla.

Subiranotasuna, argudio

Hagako auzitegiaren baimena jaso arren, oztopo nagusia ez dute gainditu auzitegiko ikerlari judizialek. Izan ere, Manilak iragarri zuen ez dela arituko elkarlanean NZArekin, eta auzitegi horretako kideei herrialdera sartzea galaraziko diela. «Atzerriko instituzio horrek ez dauka eta ez du inoiz izan eskumenik Filipinetako Errepublikako auzien eta hartako herritarren inguruan ezer ikertzeko», esan zuen Salvador Panelo Duterte presidentearen idazkariak. Panelok argudiatu du Filipinek bi urte igaro dituztela jada Erromako Estatututik kanpo, eta, hortaz, ez dagoela «NZAk ikertu beharreko auzirik».

Hagako auzitegiak herrialdearen subiranotasuna urratu nahi duela salatu izan du Dutertek, eta gidatzen duen herrialdearekiko «maitasunarekin» argudiatu izan du narkotrafikoaren aurkako kanpaina. Haren gobernuak sustatutako operazioek «krimena gutxitu» dutela eta «bakea eta ordena» ezartzen lagundu dutela azaldu zuen uztailean, eta horretan jarraitzeko asmoa berretsi zuen.

Hilabete lehenago, AI Amnesty Internationalek Nazio Batuen Erakundeari eskatu zion berehala zabaldu zezala Filipinetako presidentearen kanpainak eragindako «heriotza olatuari» buruzko ikerketa bat. Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, «drogarekin lotutako zerrenda batean dauden auzo txiroetako pertsonak» hiltzen ditu Poliziak, «inpunitate osoz». Nicholas Bequelin AIren Asia ekialdeko zuzendariaren esanetan, Poliziak norbait hiltzeko behar duen bakarra «drogen kontsumoarekin edo salerosketarekin lotutako eta frogarik gabeko akusazio bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.