Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

EAJk dio Madrilgo zazpigarren eserlekuaren bila doazela

Barakaldon egin dute kanpainako lehen mitina. «Fidatzeko moduko bakarrak» haiek direla esan, eta abstentzioaren «arriskuaz» ohartarazi dute

EAJren hautagaiak, atzo, Barakaldoko mitinean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Madrilen zazpigarren ordezkaria lortzea. Hori izan da EAJren EBBko buru Andoni Ortuzarrek Barakaldoko (Bizkaia) mitinean bildutako jeltzaleei botatako erronka. Eta ordezkari hori herritarrei aurkezteko ere baliatu du zita: «Jon Aiartza da, deriotarra, eta laugarrena da Bizkaiko zerrendan». Kanpainako bigarren egunean, Ortuzarrek ondoan izan ditu Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburua, Josune Gorospe Bizkaiko zerrendako hirugarrena eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Estebanek esan duenez, euskaldunen botoa Madrilen «erabilgarria» izan dadin, EAJri eman behar zaio botoa: «Erakutsi dugu Euskadirentzat gauzak egin daitezkeela Madrildik ere». Urkulluk azpimarratu du horretarako beharrezkoa dela han ere «talde indartsua» edukitzea. «Euskadiren nortasuna defendatu, eta aurrera egiten jarraitu behar dugu». Estebanek nabarmendu du Madrilen aurrean autogobernua babestu behar dela, eta hori EAJk soilik egiten duela. «Alderdi espainiarrak zentralizazio gogoarekin datoz», ohartarazi du.

Alderdi horien asmoak ere aipatu dituzte. Urkulluk ziurtatu du ez dituztela «konpromisoak betetzen», eta hemen dagoena «okertzen» saiatzen direla. «Katalunia eta Euskadi mezu ezkorrak zabaltzeko soilik aipatzen dituzte», zehaztu du Estebanek.

Proposamen argiak

Madrilen lortzen dituzten ordezkariek zer egingo duten ere azaldu diete Barakaldon bildutakoei. «Programa, proposamenak eta konponbideak dauzkagu, Euskaditik eta Euskadirentzat egindakoak», ziurtatu du Estebanek. Geroago, Urkulluk zehaztu du zer egin nahi duten: Gernikako Estatutua erabat garatu, ekonomia ituna defendatu, industriari laguntzeko neurriak bultzatu, AHTa, inbertsioak egin... Gaineratu du hori dela «pertsonen zerbitzura dagoen politika eraginkorra egitea». Ortuzarrek,berriz, proposamen horiek bete egingo dituztela ziurtatu du: «Guk agindutakoa betetzen dugu, baina ez dakigu beste alderdiek gauza bera esan dezaketen». Proposamen horiek betetzeko ez ezik, botoak beste hainbat ideiari aurre egiteko ere baliatuko dituztela ziurtatu du Estebanek: «Zuen botoa eskatzen dugu Riveraren oldarkortasunari eta Casadoren zentralizazioari aurre egiteko, baita Abascalen frankisten tolerantzia faltari eta fanatismoari ezetz esateko ere».

Hala ere, Ortuzarrek argi duabstentzioa dutela arerio nagusia: «Gure etsaiak ez dira beste alderdiak, abstentzioa baizik». Horretarako, haserre edo zalantzan daudenei eskatu die gertatzen ari denaren aurka «protestatzeko», EAJ bozkatzeko eta inor etxean ez geratzeko. «Fidatzeko moduko bakarrak gu gara, herritarrei ez diegulako huts egiten eta esandakoa betetzen dugulako», gaineratu du. «Urkulluk ere esan du abstentzioa «oso arriskutsua» dela, «Euskadi besteen esku» uztea delako; aldiz, parte hartzea «Euskadiren alde apustu egitea» dela ziurtatu du. «Azaroaren 10ean, ezin gara nahastu eta ezin dugu hutsik egin. Asko daukagu jokoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.