Irune Costumero. GASaren biktima

«Tratu txarren salaketa bat badago, ezin da eman zaintza partekatua»

Urteak daramatza epaitegietan Irune Costumerok, bere haurrak tratu txarrak jasaten dituela eta GASaren biktima dela salatzen. Bizkaiko Aldundiaren aurkako epaiketa du bihar, umea bidegabeki kentzeagatik.

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Maider Galardi
Igorre
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Epaiketaren bezperan «urduri» dago Irune Costumero (Santurtzi, Bizkaia, 1978). Auzitegietan bide luzea egin ostean, lortu baitu Bizkaiko Foru Aldundia eta bertako lau langile akusatuen aulkian esertzea —horietako bat da Sergio Murillo, egun Gizarte Ekintzako diputatua—. Bihar hasi eta asteazkenera bitarte izango da epaiketa, ebazteko ea foru aldundiak prebarikazioa, tratu txarrak eta lesio psikologikoak eragin dituen. Izan ere, duela ia lau urte haurra bidegabeki kendu ziotela azaldu du Costumerok. Ordutik, ez du adingabearen zaintza, eta aitak eragindako tratu txarrak salatzen segitzen du umeak. GAS gurasoen alienazio sindrome faltsuaren biktima da Costumero. Diputazioaren txostenetan ere alienazio hori jaso zuten teknikariek, alegia, haren haurra manipulatu zuela aitaren aurka. Sindrome delako hori auzibideetan erabiltzea, ordea, galarazita dago, eta hori frogatu nahi du bihar hasiko den epaiketan. Arazoa «sistemikoa» dela dio: «Gizartean, epaitegietan, gizarte zerbitzuetan... egitura guztietan dago patriarkatua».

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurkako epaiketa hasiko da bihar. Zer frogatu nahi duzu?

Frogatuko dugu legez kanpo eta modu oldarkorrean eraman zutela nire umea, eraman behar ez zutenean. Existitzen ez den sindrome bat egotzi zidaten, GASa; hau da, umea nire alde manipulatzea. 2017ko abuztuaren 4an gertatu zen hori.

Epaitegietako ibilbidea, ordea, ez da bihar hasiko. Haurragatik auzibidean egon aurretik zure bikotekide ohia salatu zenuen indarkeria matxistagatik.

Nire historia, eta, batez ere, alabaren historia oso krudela izan da. 23 hilabete zituela aitak eta haren gurasoek bahitu egin zuten. Eta bahiketa hori etorri zen nik aita indarkeria matxistagatik salatu eta epaileak askatu ostean, nahiz eta fiskalak bi urteko espetxe zigorra eta urruntze agindua eskatu zituen. Hor hasi zen amesgaiztoa. Ondoren, beste epaile batek ebatzi zuen zaintza partekatua ematea. Sexu abusuak eta tratu txarrak ezkutatzeko tresna bikaina da zaintza partekatuarena. Aurretik tratu txarren salaketa bat badago, ez litzateke eamn beharko zaintza partekatua, nahiz eta zigortuta ez egon. Kostatu egiten delako askotan indarkeria matxista epaitegietan frogatzea, eta zaintza partekatuaren bidez, biktimari mina egiten segitzen du erasotzaileak.

Osakidetzak hainbatetan abiarazi du tratu txarren protokoloa zure alabaren kasuan, ezta?

Hirutan ireki ditu txostenak, bai. Dokumentuak hor daude, frogak ere bai: haurrak zer esaten duen... Baina Osakidetzak ongi funtzionatu arren, hor daude epaitegiak eta administrazioa, eta hara ailegatzean, gu gara ama txarrak, histerikoak, geure haurrak manipulatzen ditugunak, geure umeei beren burua zauritzera behartzen ditugunak... Eta automatikoki fokua gugan jartzen da. Haurrak ausartak izan arren, beren testigantzak ez du ezertarako balio; hori da aldatu behar dena.

GASa deskribatzen ari zara. Asmatutako sindrome bat da, Osasunaren Mundu Erakundeak onartzen ez duena, baina, halere, erabili egiten da. Zure kasuan, eufemismorik gabe ere haurrak «amaren alienazio sindromea» zuela idatzi zuen Bizkaiko gizarte zerbitzuetako teknikari batek txostenean.

GASa existitzen ez den sindrome bat da, baina epaitegiek eta administrazioek erabiltzen dute. Indarkeria matxistan aditua den Nazio Batuen Erakundeko errelatoreak Espainiari kontuak eskatu dizkio nire kasuagatik. Eufemismoak ere era guztietakoak dira, baina guztiak dira GASa. Garrantzitsua da azaltzea zergatik betikotzen den hau. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Balora deituriko tresna bat dago, umeen babesgabetasuna neurtzeko. Eta hor badago item bat: haurraren instrumentalizazioa. Diagnostiko hori bai ala bai egiten da, adibidez, Osakidetzak tratu txarren protokoloa aktibatzen duenean. Eta, bat-batean, gurpil zoro horretan zaude.

Gurpil horren buelta latzena izango zen orain dela lau urteko abuztukoa, ezta?

Ezinezkoa da une hori burutik kentzea. Bi egun lehenago deitu zidaten diputaziotik, eta inork ez zidan abisatu zertarako. Opor garaia zen, eta abokaturik gabe joan nintzen. Hara ailegatuta, hamar pertsona baino gehiago zeuden gure zain, eta inork ez zidan esan nor ziren. Polizia uniformatuta zegoen 5 urteko umearen aurrean. Eraman egin zuten, eta langileek diote pozik joan zela aita ikustean, baina grabaketek argi adierazten dute «aitarekin ez!» esan zuela alabak negarrez, behin eta berriro.

Mehatxu egin dizutela ere salatu izan duzu.

Bai. Askotan deitu didate esanaz zenbateko kostua eragiten ari naizen. Baina ez hori bakarrik. Umeen zerbitzuetara joateko deitu ninduten beste behin, kontuan hartuta, gainera, hori berriro biktimizatzea dela, bertan kendu zidatelako umea. Han mahai gainera bota zidaten artikulu bat, eta galdetu zidaten zertan ari nintzen hizketan; hitz egiten segitzen banuen, neurriak hartuko zituztela. Eta jasan nituen ondorioak, bai: ordura arte ostiraletan nituen bisita orduak murriztu zizkidaten. Alaba artatzen duen diputazioko psikologoak ere mehatxatu du umea: nirekin egon nahi duela esaten duenean, esaten dio aitarekin ez bada egoten nirekin ere ez dela egongo.

Bada denbora bat aipatutako hori salatzen ari zarela. Babesgabe sentitu zara?

Lotsa eta pena handiz diot Euskal Herriko ateak jotzen egon naizela, eta ez didatela arreta handiegirik eman. Esaten zidaten: «Nola ausartu zara aldundia salatzen? Zer egin duzu?». Bada, haurra kendu eta hamar egunera Madrilen nengoen laguntza bila. Uruguaira ere joan nintzen Nazio Batuen Erakundeko haur eta nerabeen idazkariarekin biltzeko... Gertatzen dena salatu behar dut, eta horretarako indarrak bildu.

Bide luzearen ostean, aldundiko gizarte zerbitzuetako lau teknikari akusatuen aulkian eseriko dira.

Jendeak jakin behar du umeen kontua nola dagoen, eta zer etekin ateratzen dituzten kontu honekin. Erabat pribatizatuta daude zerbitzu guztiak.

Azpimarratu duzu garrantzitsua dela bizitzen ari zaren hori guztia genero ikuspegitik aztertzea.

Genero ikuspegirik ez dago epaitegietan. Begirada hori ez da existitzen, eta guztiz beharrezkoa da, bertan dabiltzan langile guztiekformakuntza jasotzea ez ezik, kontzientzia hartzea ere. Erabili eta praktikan jarri behar dute. Ez soilik epaitegietan, baizik eta gizartean. Gizartea kontzientziatu behar da. Patriarkatua sistematikoki dago denean, eta jendeak jakin behar du hau gertatzen dela eta ikuspegia aldatu behar dela. Ez da posible oraindik entzuten ditugunak entzun behar izatea. Oso krudela da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.