«Adostasuna» eskatu du Ariel Henryk, Haitiko lehen ministro izendatu berriak

Henryk erronka nagusitzat jo du herrialdeak egun duen «era askotako krisiari» aurre egitea. Iragarri du bilera sorta bat abiatuko duela hauteskundeak egin ahal izateko

Ariel Henry Haitiko lehen ministroa. ORLANDO BARRIA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Gobernua estreinatu du Haitik, behin Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak dimisioa eman, eta aginterako lehia amaitu ostean. Core Group taldeak —Mendebaldeko hainbat herrialdetako enbaxadoreak, Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak etaAmerikako Estatuen Erakundekoak biltzen ditu— bizkarra eman izanak bultzatuta egin zuen atzera Josephek, eta Ariel Henryk hartu du hark utzitako kargua. Lanbidez neurozirujaua da, Inite alderdi sozialdemokratako kidea, eta Barne ministro izan da azken legealdian. Karguaren zina atzo goizaldean egin zuen —herenegun, Haitin—.

Aginte aldaketa irudikatu zuten Josephek eta biek, eta, horren ostean, Henryk hitza hartu zuen. Legealdiko lehen erronka Moiseren hilketa argitzea izango dela adierazi zuen, eta «zigor eredugarria» eskatu zuen egileentzat.

Bere gobernua «adostasunerako taldea» izatea nahi duela nabarmendu zuen Henryk, herrialdearen «era askotako krisiari» aurre egiteko. Egoera onbideratzea «lan neketsua eta zaila» izango dela ziurtatu zuen, eta «herrialdeko sektore guztiei» eskatu zien eginbehar horretan laguntzeko.

«Gatazkak konpontzeko», elkarrizketaren beharra azpimarratu zuen lehen ministroak, eta, aldi berean, instituzioen «ohiko funtzionamendua» berreskuratu beharra defendatu zuen: «Konfiantza berrezarri behar dugu, eta estatuaren agintea herrialdeko txoko guztietara zabaldu».

Halaber, datozen egunetan bilera sorta bat hasiko duela jakinarazi zuen, hauteskundeak antolatzeko akordio zabal bat lortzeko. «Parte hartzea masiboa» izatea nahi duela nabarmendu zuen. Hasieran, irailaren 26an zen egitekoa presidentetzarako eta parlamenturako bozen lehen itzulia, eta egun berean egin asmo zuten konstituzioa berritzeko galdeketa ere. Ikusteko dago horretarako modurik izango den, herrialdeko krisi politiko, sozial eta sanitarioa ikusirik.

Hemezortzi ministro izango ditu gobernu berriak; hiruk aurreko karguari eutsiko diote.

Beste hiru atxilotu

Bitartean, Moiseren hilketa guztiz argitu gabe dago oraindik. Herenegun, beste hiru lagun atxilotu zituzten: bi polizia agente eta zibil bat. Azken hori, Dominick Cauvin, «presidentearen hilketa prestatzeko» bilera guztietan egon zela azaldu zuen Leon Charles Haitiko Poliziaren zuzendari nagusiak. Bilera horiek Reynaldo Corvington agentearen etxean egin zituzten, zeina joan den asteazkenean atxilotu baitzuten.

Jhon Joel Joseph senatariari eta Joseph Felix Badio Justizia Ministerioko funtzionario izandakoari egozten die erasoa egin eta prestatu izana, eta haien bila ari dira.

Oraingoz, 26 lagun atxilotu dituzte Moiseren hilketarekin lotuta. Poliziak egiletzat jotzen dituenen etxeak ere miatu ditu, eta, horietan, 45 fusil eta hamalau pistola aurkitu dituzte, besteak beste. Horietako batzuk Poliziarenak direla zehaztu zuen Charlesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.