Frantziako Tourreko lehen euskal ziklista (eta II)

Ahurtiko semea, eta Bokaleko ziklista

Dartigue lapurtarra izan zen Tourrean atera zen lehen euskal txirrindularia. Zantzuen arabera, Edouard Dartigue-Peyrou zuen izen osoa. Anaia Bokaleko belodromoko zuzendaria zuen, eta Gerra Handitik itzuli ondoren hil zen.

IRUDIAK: CC0 / BERRIA.
Mikel Rodriguez - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

Frantziako Tourrean izena eman eta parte hartu zuen Euskal Herriko lehenbiziko txirrindularia izan zen Bokaleko Dartigue, lehenbiziko bi aldietan (1903 eta 1904). Tourra sortu eta antolatu zuen L'Auto kirol egunkariak, eta lasterketaren lehenbiziko aldien berri eman zuten bertze kazetek ez zuten ziklisten izenak emateko ohiturarik; normalki, abizenekin baino ez zituzten identifikatzen. Lapurtarraren kasua zen hori. Gainera, Dartigue izeneko inoren garaipen edo emaitza gogoangarririk ezagutzen ez denez, erran daiteke ziklismoaren memorian arruntean ahantzia gelditu den izen bat dela. Hortaz, nor zen Dartigue, Euskal Herritik Frantziako Tourrera joan zen lehenbiziko txirrindularia? Zantzu gehienen arabera, litekeena da ziklista hura Edouard Dartigue-Peyrou izatea, 1877an Ahurtin (Lapurdi) sortua, eta 1918an Bokalen hila.

DATU BASEETAN

Azken urteetan Interneten erruz hedatu diren txirrindularitzako datu base erraldoi ezagunenetako batzuek badute bildua ziklista bat Edouard Dartigue izenekoa. Horien iturri nagusia txirrindularitzaren historian espezializatuta dagoen Belgikako Coups de Pedales aldizkaria da. 2018ko urtarril-otsaileko alean biografia motz bat argitaratu zuen efemerideen atal batean. Dartigue Peyroux idatzia du abizena biografia horretan. Funtsean, biltzen duena da Tourreko eta bertze lasterketa batzuetako parte hartzeei buruzko informazioa, eta Frantziako Defentsa Ministerioak I. Mundu Gerrari buruz duen Memoire des hommes webgunean eskuragarri dagoen agiri batean ageri diren datu biografikoak.

Hor ageri denez, Dartigue-Peyrou Ahurtin jaio zen, 1877ko azaroaren 7an, eta Bokalen zendu zen, 1918ko otsailaren 21ean. Heriotzaren motiboa ere biltzen du: «[Armadako] Jardunean larritutako gaitza, biriketako bazilosia». Alegia, I. Mundu Gerran hartu zuen eritasun baten ondorioz hil zen, etxean. Hori dela eta, Non Mort pour la France zehaztapena egin zioten, eta ez zioten borroka eremuan hil zirenen Mort pour la France (Frantziarengatik hila) estatusa eman. Soldaduskako belaunaldi urtea (1897), armadako unitatea (lurreko infanteriako 142. erregimentua) eta errekrutamenduaren tokia (Baiona) dira bertze datu nagusiak.

AHURTITIK BOKALERA

Dartigue Peyrouren biografiari buruz aitzinetik publikatua zegoen informazio mugatu horri bi agirik ematen diote sakontasuna: jaiotza agiriak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren artxibategiko armadako matrikulak. Agiri militarrean paratzen du azaroaren 8an sortu zela, baina, jaiotza agirian zehazten denez, erregistroa egun horretan egin bazen ere, haurra bezperan jaio zen. Bi dokumentuetan gurasoak ere identifikatu daitezke: Pierre Dartigue-Peyrou aita, «laboraria» ogibidez, eta Marie Apeztegi ama (dokumentuetan Aphesteguy, erdal grafian). Edouard Ahurtiko Sargue etxean jaio zen, familiaren bizitokian. L'Auto Frantziako Tourra sortu zuen egunkariak argitaratu zituen txirrindularien zerrendetan eta bertze kazetetakoetan, ordea, ez zen inon Ahurtiko Dartigue aipatzen, Bokalekoa baizik. Bi azalpen izan ditzake horrek.

Alde batetik, L'Auto-k 1905eko Tourra hasi aitzinetik argitaratu zituen parte hartzaileen zerrendetan —non Bokaleko Dartigue agertzen zen—, zehazten zuen herriak ziklisten bizitokiak zirela. Horrek azaltzen du, baita ere, zer dela-eta aldatzen ziren txirrindulari batzuen herriak urte batetik bertzera: adibidez, François Lafourcade, Pirinioen historiako lehenbiziko etapan (1910) mendate guziak buruan pasatu zituen txirrindularia izateagatik ezagun dena, Biarnoko Lahontan herrikoa zen sortzez, baina lehiatu zen zazpi Tourretan Paris, Boulogne eta Baiona zituen zehaztuak herri gisa; 1904ko aldian Dartiguerekin batera izena eman zuen Michel Ducasse angeluarraren kasuan, 1906ko zerrendan baionar gisa ageri baitzen —ez zuen bakar batean ere parte hartu—.

Hain zuzen, Edouard Dartigue-Peyrouk, Ahurtin sortu arren, bizitokia Bokalera aldatu zuen, armadako matrikulan bi datu horiek ageri baitira. Eta, ematen duenez, Dartigue-Peyrou-Apeztegi sendiak bi herriekin zuen lotura; bertzeak bertze, Suzanne arreba zaharrena Bokalen jaio baitzen, 1860an —haren ezkontza agirian ageri denez (1883)—, baina Marie hirugarren arreba sortu zenerako (1865) Ahurtin zen familia —haren jaiotza eta ezkontza (1884) agirietan bilduta dagoenez—.

'EDOUARD DARTIGUE' TXIRRINDULARIA

Dena den, Edouard Dartigue-Peyrou bokales gisa har bazitekeen ere, nola lotu Tourreko Dartiguerekin? Badaude bi zantzu sendo. Bata, bazela Bokalen Edouard Dartigue izeneko txirrindulari bat. Garai hartako prentsan ohikoena zen ziklistei buruzko informazioetan soilik abizena ematea, baina ez beti. Hala, Le Patriote des Pyrénées egunkariaren 1902ko maiatzaren 21eko alean —Tourra sortu baino urtebete lehenago— «Baionako bizikleta lasterketen» emaitzetan «Edouard Dartigue» ageri da garaile «bi departamentuen arteko» mailan, «Dartignac»-en aitzinetik. Ez da datu gehiagorik ageri irabazleari buruz, baina ez zen Le Patriote des Pyrénées izan lasterketa horiez informatu zuen kazeta bakarra. Probak hilaren 19an jokatu zituzten, Baionako Glacis belodromoan, Mendekosteko astelehenarekin. Garai hartan, belodromoetako lasterketak hagitz kirol herrikoia ziren: ikusle anitz biltzen zituzten bai Euskal Herrian, baita Frantzian ere, eta prentsak sarri ematen zuen emaitzen berri. Udalerri anitzek zituzten belodromoak.

Baionako Glacisen ohituretako bat zen Mendekosteko astelehenetan probak antolatzea. L'Indépendant Biarrot astekariak Le Patriote des Pyrénées-en biharamunean eman zituen emaitzak, eta hor bi departamentuen arteko mailan «Dartigues» ageri zen garaile. Astekariak Le Patriote des Pyrénées-ek baino luzeago eman zuen Glaciseko proben berri, eta, nazioarteko mailako (txirrindulari guziei irekia) hirugarren serieko lasterketan, «Dartigues (Bokale)» kanporatuen artean gelditu zen. La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz (1902-V-23) eta Eskual Herria (1902-V-24) astekarietan, berriz, bi departamentuen mailako irabazlea «Dartigue» bertzerik ez zen. Hortaz, «Edouard Dartigue», «Dartigues», «Dartigues (Bokale)» eta «Dartigue» pertsona bera ziren.

Bertze ebidentzia bat, astebete geroago, protagonistaren herriko bestetan, Bokaleko belodromoan antolatu ziren lasterketetan: Le Vélo-k soilik «Dartigue» aipatu zuen sailkapenetan; L'Indépendant Biarrot-ek, berriz, birritan «Dartigue, Ed.». Eta urtebete geroago, berriz ere Baionako Mendekoste asteleheneko lasterketetan (ekainaren 1ean jokatu zituzten), Miarritzeko astekari berak bi departamentuko mailako lasterketa «M. E. Dartigue Bokalekoak» irabazi zuela argitaratu zuen —«M.», frantsesezko monsieur-en (jauna) laburdura—.

Ikusi gehiago:Edouard edo Maurice?

ANAIA ZAHARRAREN PISTA

Identifikazioa zaildu dezakeen aspektu bat da Edouarden abizen konposatuaren bigarren zatia, Peyrou, ez dela inoiz aipatzen sailkapenetan, kroniketan eta zerrendetan. Esplikazioa izan dezake horrek, litekeena baita anaia zaharrak bezala jokatu izana. Bai, Edouardek bazuen hamar urte zaharragoa zen anaia bat: Jean Baptiste. Hamar urte lehenago egin zuen soldaduska (1887), hark ere Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxibategian duen matrikula militarrean ageri denez. Eta, dokumentu horretan, abizena «Dartigue» gisa du soilik, bigarren zatia gabe. Baina dudarik ez da Edouarden anaia dela, Jean Baptiste ere Ahurtin jaio baitzen, eta gurasoen izen berberak ageri baitira: Pierre (abizena zehaztu gabe) eta Marie Apeztegi.

«Peyrou patronimoa anai-arreba batzuek erabiltzen dute, eta bertze batzuek ez», zehaztu du Jean Pierre Cazaux Bokaleko historiagileak. Era berean, hark ere baieztatu du Jean Baptistek Edouard izeneko anaia bat zuela. Cazauxek Jean Baptiste Dartigueren berri zuen. Izan ere, Bokalen nahiko pertsonaia ospetsua izan zen bere garaian. Bertzeak bertze, herriko pilotalekuko zuzendaria izan zen —1902ko urtarrilaren 30eko L'Indépendant Biarrot-ek eta biharamuneko La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz-ek «J.-B. Dartigue jauna» aipatu zuten «pilotalekuko zuzendari bakar» gisa—, eta Bokale eta Baiona arteko lehenbiziko autobus zerbitzua sortu zuen 1912ko urtarrilean, Pyrénées & Océan egunkari sindikalak jakinarazi zuenez. Baina hara zein zen Jean Baptisteren famaren arrazoi nagusia: Bokaleko belodromoko zuzendaria izan zen.

1899ko maiatzaren 28an inauguratu zuen Aturriko belodromoa izenarekin, Marladot abizeneko bazkidearekin batera, prentsak bildu zuenez (bertzeak bertze, Le Courrier de Bayonne-k eta Le Mémorial des Pyrénées-ek). Ordutik hasi eta 1912ra arte gutxienean, hemeroteketan ugariak dira Jean Baptisteri buruzko aipamenak Bokaleko belodromoko zuzendari gisa, bai «J.-B. Dartigue» inizialekin, «Dartigue» soilik, edo «Dartigues» idatzita ere bai. Baina abizenaren bigarren zatirik, Peyrourik, ez. Horregatik guziagatik, litekeena da Edouard Dartigue-Peyrou Bokaleko txirrindularia Dartigue bezala ezaguna izatea, haren anaia, herriko belodromoko zuzendaria, ezaguna zen izen berarekin. Eta prentsan, bai batari zein bertzeari, maiz abizena gaizki idazten zieten frantsesez ahoskatzen ez den s bat gehituta.

ZORTZI URTEKO IBILBIDEA

Izan ere, abizena gaizki idaztearena nahiko ohikoa zela ikus daiteke. Errate baterako, ziklista ezagun baten kasuan, Jean-Baptiste Dortignacqenean, Dortignac, Dartignac, baita Dastignac ere idatzita agertu zen garai hartako prentsan. Dortignacq izar bat izan zen XX. mende hasieran: bigarren amaitu zuen 1904ko Tourra, hirugarren 1905ekoa, eta denera zazpi etapa irabazi zituen. Eta, hain zuzen, haren ibilbideari segituta topatu daiteke Dartigueren arrastoa, eta ondorioztatu bi ziklistek harremana izan behar zutela elkarrekin. Dortignacq Biarnoko Arudy herrian jaio zen, baina Landetako Peirahorada herrian bizi izan zen, Euskal Herritik hagitz hurbil. Bi txirrindulariak etengabe lehiatu ziren elkarren aurka Euskal Herriko eta inguruko belodromoetan, hemeroteketako sailkapenetan ageri denez, eta 1903ko eta 1904ko Tourretako zerrendetan elkarren segidan izena emanda ageri dira. Gainera, L'Auto-ren 1904ko zerrendan ageri denez, Dartigue eta Dortignacq izan ziren ziklista bakarrak Tour hartan Elvish markako bizikletak eta Soly etxearen pneumatikoak erabili zituztenak, Bordeleko Sylvainekin batera.

Ikusi gehiago:Aitzindariak

Dartigueren arrastoa Dortignacqena baino lehenago ageri da lasterketen zirkuituan. Egunkari batzuek bildu zutenez, 1898ko maiatzaren 30ean egin zuen debuta belodromoetan; hain zuzen, Glaciseko Mendekoste astelehenetako proba tradizionaletan: La Petite Gironde-n «debut nabarmena Dartigues txirrindulariarena, Bokalekoa» (1898-V-31); Le Mémorial des Pyrénées-en «Bokaleko Dartiguesen debut aipagarria» (1898-VI-1); Eskualduna astekarian «Dartigues Bokaleko gaztearen debuta» (1898-VI-3)... Edouard Dartigue-Peyrouren jaiotza data kontuan hartuz gero, 20 urterekin egin izanen zukeen debuta. Pare bat aipamen zaharrago ere badira: Okzitaniako Tolosako La Dépêche egunkariak 1896ko maiatzaren 26an Baionako belodromoko proben emaitzak argitaratu zituen, eta amateurren lasterketako garaile «Dartigue» ageri da, baita «eskualdeko» probako gazte mailako parte hartzailetzat ere. Eta, hurrengo urtean, Eskualduna-k Glacisko Mendekoste astelehenetako proben berri ematean aipamen bat egin zuen: «Dartigues» erori egin zela.

Txirrindulari ttipia izanen zen, Dartigue-Peyrouren armadako datuen arabera, 1,62 metro neurtzen baitzuen. Errepidean, 1904ko Tolosa-Agen-Tolosa klasikoan bigarren izan zen Dortignacqen gibeletik (L'Écho de Paris, VI-27; eta L'Auto, VI-29), eta 1905eko udaberrian Paris-Roubaix eta Bordele-Paris klasikoen zerrendetan agertu zen. Paris-Roubaixko sailkapenetan eta kroniketan ez zen Dartigueren aipamenik argitaratu; Bordele-Parisen, berriz, pare bat kronikatan haren izena aipatu bazuten ere, azken sailkapenetan ez zen inon agertu, eta Le Petit Parisien egunkariak erretiratu egin zela aipatu zuen. Urriaren 8an Longages-Montrejeau-Longages 140 kilometrotako klasikoan bigarren tokian ageri da «Dartigue» bat (Les Sports egunkaria, X-11), eta, hortik aitzinera, hemeroteketatik desagertu egiten da. Hau da, Edouard Dartigue-Peyrouk 20 eta 28 urteen artean lehiatu izanen zukeen gorengo mailan.

PATU BELTZA

Hala ere, ondorengo urteetako bizitzaz badaude datu batzuk, baita eduki zuen patu beltzaz ere. Armadako matrikulan kontu bitxi bat ageri da: soldaduska egin ondoren erreserbara pasatu zen, eta agirian erreserbako xehetasunak aipatzeko dagoen atalean ohar bat dago idatzita, non erraten den 1907ko maiatzaren 2an Paueko Dei Auzitegiak berretsi egin zuela aitzinetik Baionakoak ezarritako behin betiko zigorra. Zigor hori sei eguneko espetxealdia zen, «nahita eragindako kolpeengatik eta zauriengatik». Baina misterio bat da ohar hori, hartzen dituen lau lerroak gainetik zirrimarratuta baitaude, hori egin zuenak idatzita dagoena zuzendu edo baliorik gabe utzi nahiko balu bezala.

40 urterekin zendu zen Dartigue-Peyrou, Bokaleko Marthe etxean, ondorengorik gabe. Eta heriotzara bere azken urteak markatu zituen gertakari batek eraman zuen: Gerra Handiak. Soldaduskako baldintzen arabera, armadarekin zuen lotura 1923an zen iraungitzekoa. Baina, erreserban zegoela, Alemaniak gerra deklaratu zion Frantziari 1914ko abuztuaren 3an. Ordurako, Frantziako Gobernuak egina zuen mobilizaziorako dekretua, eta, bertze milaka euskal herritar bezala, Dartigue-Peyrou gerrara eraman zuten.

Hiru urtez egon zen mobilizatuta, 1914ko abuztuaren 4tik 1917ko abuztuaren 22ra. Eta zer gertatu zitzaion ere bilduta dago armadaren matrikulan: 1916ko uztailaren 25ean obus baten metrailak zauritu egin zuen ezker belaunean, Sommeko bataila handian. Belauna tolesteko zailtasunak utzi zizkion zauri horrek, eta 200 liberako kalte ordain bat onartu zioten 1917ko abuztuan. Etxera bizirik itzuli zen, baina hilabete batzuen buruan zendu zen Frantziako Tourrean parte hartu zuen lehenbiziko euskal ziklista, 1918ko otsailaren 21ean.

Ikusi gehiago:Dartigue misteriotsua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.