HILBERRIA. Antonio Fraguas 'Forges'

Egunerokoa, umorez eta kritikaz

Ainhoa Sarasola.
2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bi gizon, tabernako mahaian, telebistaren aurrean. «Beldur naiz ez ote goazen gizarte ezjakin, elkartasungabe eta ezgai baterantz», dio batek. «Gol», bestearen erantzuna. Halako eszenak ohikoak ziren Antonio Fraguas Forges irudigilearen zintetan. Herritar arrunten eguneroko egoerak eta elkarrizketak, umorez eta kritikaz bustiak. Bost hamarkada eman zituen langintza horretan, egunero zinta bat sortuz, eta atzo hil zen, Madrilen, 76 urterekin, minbiziaren eraginez.

Antonio Fraguas De Pablo Madrilen jaio zen, 1942an. Ama katalana zuen, eta aita galiziarra; bederatzi anai-arrebetan bigarrena zen. Aitari «txisteak serio marrazteko» nahia agertu zionean, hark gauza bakarra eskatu zion: originala izateko. Erraz identifikatzeko moduko estiloa garatu zuen: trazu lodiz marraztutako irudiekin, pertsonaia arrunt bezain identifikagarriekin, eta asmatutako bere hitz bereziekin, besteak beste, lortu zuen aitaren eskari hura betetzea.

Pueblo egunkarian 1964. urtean publikatu zuen bere lehen bineta, eta, haren ondotik, Informaciones, Diario 16 eta El Mundo egunkarietan nahiz hainbat aldizkaritan ateratakoak iritsi ziren. Baita 30 bat liburutan jasotakoak ere. Azken 23 urteotan El País egunkarian zinta bat atera zuen, egunero-egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.