KRITIKA. Dantza

Carmenen laranja

<em>Carmen</em> ikuskizuna.
Carmen ikuskizuna. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2019ko irailak 18

'Carmen'

Konpainia: Espainiako Dantza Konpainia Nazionala. Koreografia: Johan Inger. Musika: Rodion Shchedrin, Georges Bizet, Marc Alvarez. Jantziak: David Delfin. Dramaturgia: Gregor Acuña-Pohl. Eszenografia: Curt Allen Wilmer. Argiak: Tom Visser. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Data: Irailak 15.

Carmen operaren bertsio dantzatu batekin amaitu da aurtengo Dantza Maitaldia, eta Espainiako Dantza Konpainia Nazionalarena izan da azken emanaldia. Duatoren aroa bukatu zenetik, asko aldatu da ia fosilduta zegoen konpainiaren panorama: orain beste koreografo batzuen lanak hartzen dituzte, eta oraingo honetan Johan Inger suediarra arduratu da Espainiaren ustezko esentziak maisuki jaso zituen Bizeten musika era dantzatuan emateaz. Asko dira denboran zehar izandako bertsio dantzatuak, baina esan dezakegu Inger ondo moldatu dela erronkaren aurrean, eta Nederlands Dans Theater-en emandako urteak ez direla berarentzat ezerezean geratu.

Emaitza ikusita, argi dago Ingerrek ondo jakin duela norentzat ari zen —Madrilgo konpainia eta publikoarentzat— eta tentuz jokatu ditu esku artean zituen kartak, kontakizun ezagunaren narrazio hutsean jausteko zorian beti, baina dantzaren iradokitze gaitasunari aukera onak emanez, konpromiso zail baten aurrean balego bezala.

Eremu desolatu bat irudikatu du hasierako eszenografiak: panel metaliko bertikalez osatutako hesian tabako fabrikaren kanpoaldea ikusi dugu, baina gero panel berberekin osatu dira haren barnealdea, zezen-plaza, Sevillako karrikak eta askoz paisaia intimoagoak ere, tragediaren une dramatikoenak jaso behar izan direnean. Izan ere, eszenografiaren diseinu balioanitza eta jatorrizko partiturari emandako tratamendu aurreratua —zati batzuk aldatu gabe emanda, beste asko apur bat eraldatuta eta bakar batzuetan jatorrizko melodiaren aztarna batzuk baino ez utziz— izan dira lan honetatik hobekien gogoratuko ditugun gauzak, eta haiekin batera aipatu behar dira argien dramatismo neurtua eta jantzien diseinu aurreratua. Era berean, aipatu beharra dago koreografoak haur baten rola sortu duela egitate odoltsuen lekuko izan zedin, eta patua irudikatu duten izaki beltzek amodio-mezuak, laranja bat —Evaren sagarraren transposizioa— eta laban hilkorra eskaini dizkiotela Don Jose malapartatuari.

Gauzak horrela, koreografoa airos atera da ataka horretatik lehen zatian, gizon solisten eta bereziki Daan Vervoorten (Don Jose) maila bikainean oinarrituta, baina bera eta Sara Fernandezen (Carmen) arteko duoak akademizismoaren mugetan geratu dira. Bigarren zatian, gainera, areagotu egin dira lehen ataleko gabezia txikiak, nagusi bihurtu arte: sinbolismo merkeko irudiek errazkeriaren eremura hurbildu dute proposamena, Bizeten melodien artean txertatutako pasarteak betelan hutsezko kutsua hartu dute, eta gertakizunen lekuko izan behar zen haurraren rola hutsaren hurrengoa izan da, patuaren ordezkariek gehiegizko presentzia hartzen zuten bitartean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bisitari bat Bilboko Rekalde aretoak Agustin Ibarrola artistari eskainitako erakusketan ©Miguel Toña/Efe

Ibarrolaren unibertso artistikoak bete du Bilboko Rekalde aretoa

Iñigo Astiz

Agustin Ibarrola sortzailearen azken lau hamarkadetako 70 lan inguru biltzen ditu 'Agustin Ibarrola, naturalki' erakusketak, eta Jose Ibarrola seme eta artistak egin ditu komisario lanak

 ©KURSAAL ESZENA

«Maitatua eta sostengatua sentiarazten nau publikoak»

Ainhoa Larretxea Agirre

Hirugarren diskoa aurkezteko bira bertan behera utzi ondotik, Kursaalean izango da Izaro bihartik aurrera. Pandemiatik bizirik atera izana ospatzearekin «nahikoa» du, oraingoz.
<em>Ama Kuraia</em> antzezlaneko lantaldea, joan den otsailean Bilbon egindako aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Lander Garro idazlea ©Berria

Lander Garrok irabazi du nobelak idazten laguntzeko Agustin Zubikarai saria

Iñigo Astiz

Euskal Herriko giro nahasitik ihesi Bartzelonara doan Xabi Ugarte pertsonaiaren nondik norakoak ditu ardatz proiektuak, eta 'Faith' du behin-behineko izenburua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna