gorka julio
IRLEN SAREA

Zaindu

2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Panglosa asmatu zuen Antoni Olivek zientzia fikzio espekulatiboko nobela batean, eta horri buruz hitz egiteko bildu gara Badalaben. Itzulpen teknologiek izugarri egin dute aurrera eta 5-10 urteko tartean gailu horren antzeko zerbait eduki dezakegula ikusita, zergatik ez aurreratu horrek sor ditzakeen egoeratara?

Panglosa itzulpen automatikorako gailu bat da. Gailu horrek, hitz egindako hizkuntza hartu eta automatikoki eta berehalakoan itzultzen du ahots tonu propioa erabiliz bigarren hizkuntza batera. Emititzen den ahots originala ezkutatzen du, bi ahots ez emititzeko. Hartzaileak, aldiz, nahi duen hizkuntzan jaso dezake mezua. Milaka egoera konbinazio sortzen ditu —hemen laburtzeko tarterik ez dut— tresna horren izate soilak; argitaratuko da saioaren laburpenik.

Orain ditugun teknologiekin jolastuz baina, itzultzaile automatikoak asko hobetu dira, eta ditugun hirutan egin nuen proba batek zer pentsa eman dit. Michel Foucaulten Surveiller et punir testua sartu nuen Google Translate-en, Elia.eus-en eta Itzuli itzultzaile neuronalean. Lehenak lehen hitza «jarraitu» itzuli zuen, beste biek «zaindu». Orain itzultzaile on batek «zelatatu eta zigortu» itzuliko luke euskarara, baina zaindu hitzak gurean izandako bidea ere erakusten digu horrek.

Orain, feminismoaren lanari esker, elkarri ematen dizkiogun zaintzei lotzen zaio gehiago «zaintza» hitza, baina duela gutxi arte zelatatze edo jarraipen gisa ere erabiltzen zen. Zaintza teknologikoa, adibidez: teknologian gertatzen diren berrikuntzak, datuak jaso eta ezagutza era sistematikoan kudeatzeari deitzen zitzaion. [Ertzaintza adibide moduan jartzeko tentazioari uko egin diot].

Argi dago zelatatu gabe zaindu daitekeela, eta bistan da: zelatatu daiteke, zaindu gabe. Hala ere, badira lausoak diren eremuak edo nahita lausotzen direnak. Zoritxarrez, zelatatzeak aurre hartu dio teknologiaren esparruan beste adierari, jendarte aldaketei muzin eginez. Kasurik hoberenean, bi adiera horiek bat egin dezakete etorkizunean.

Hala ere, amestu beharko genuke zelatatu gabe, zaintzen gaituzten teknologietan, eta borrokatu, zelatatu edo jarraitzen gaituzten teknologiak, zaintzeko erabiltzen ez direnean. Teknologiaren sorrera, erabilera eta sozializazioan erabakitzeko dugun ahalmenak egingo du hori posible edo ezinezko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.