Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Nondik zatoz?

2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Etorkinen inguruko fikzioetan umorea aurkitzea oso zaila izaten da. Horregatik, bi faktore horiek betetzen dituzten telesailak aurkitzen ditudanean, asko eskertzen ditut. Hori bai, umore hori nondik datorren aztertu behar da lehenago. Nork egiten du barre? Etorkinak ala besteek? Telesaila arrazista al da? Mo (Netflix) telesailean Palestinako familia batek AEBetan bizitzeko dituen komeriak ikusiko ditugu. Familiaren ikuspuntutik dator umorea, eta umore hori drama gogor batetik dator. Telesail horrek umore oso berezia du, eta AEBetako burokrazian harrapatuta dauden pertsonen errealitatea erakusten du.

Familiako seme nagusia Mo da. Familia aurrera eramaten saiatzen da, AEBetako burokraziaren zain dauden bitartean. Asiloa aspaldi eskatu zuten, baina familia osoaren paperak geldirik daude eta egoera irregularrean aurkitzen dira. Burokraziaren zain dauden bitartean, dirua lortu behar dute egunerokoari aurre egiteko. Mok edozein lan eskaintza onartzen du. Kalean arropa eta erlojuak saltzen ditu. Egoera dramatikoa baldin bada ere, protagonistak umoreari tarte berezia egiten dio. Telesaila Texasko estatuan dagoen Houston hirian dago girotuta. Bertan Mexikoko migrante ugari daude, eta Moren neska laguna mexikarra da. Bien esperientzia oso desberdina da; bikotekidea egoera erregularrean dago eta bere negozioa aurrera darama. Bien arteko erlazioan dagoen oztopo nagusia Moren familia da. Moren amak ez du onartzen bere semearen bikotekidea musulmana ez izatea. Horrez gain, Moren itxurarengatik askok mexikarra dela pentsatzen dute eta askotan gazteleraz hitz egiten diote. Mok ingelesa badaki, gaztelera ikasten ari da. Telesail horretan erakusten denez, oso desberdina da AEBetako hegoaldean dauden herrietatik datozen pertsonen migrazio prozesua, Ekialde Hurbiletik datozenekin alderatua.

Mok Palestina aipatzen duenean, pertsona askok ez dute jakiten zertaz ari den eta batzuek israeldarra dela uste dute. Telesailean pertsonaia bakoitzaren jatorria zein den galdetzen dute guztien artean. Denak AEBetan bizi dira, baina inor ez da bertakoa. Paper baten zain dauden bitartean, bizitzarekin aurrera egiteko denetarik asmatzen dute. Bitartean, galdera berbera jasan behar dute, eta erantzuna ez da erraza. Nondik zatoz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.