EKOGRAFIAK

Martxoak 8

Amaia Garcia.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Ez naiz egunez nahastu, Martxoaren 8a atzo izan zen, baina gaur idatzi nahi dut horren inguruan. Egia esan niretzat gaur da Martxoaren 8a, baina bihar irakurriko duzue hau, martxoaren 9an. Egunkarietan idazten dugunok etorkizunera begira jarri behar dugu eta irakurleek testua noiz irakurriko duzuen kontuan hartu. Beraz, zuen egunean jarriko naiz, martxoaren 9an.

Atzoko egunak kolore morea txoko guztietara eraman zuen eta telebistan ere kolore hori ikusi genuen. Telebista saio berezi guztiak ikusteko denbora gutxi eduki genuen atzo. Gure eguneroko lanak amaitu ostean, gure ingurukoak ondo zeudela jakin eta gero, kalera irteteko denbora hartu genuen askok. Beste batzuk nekatuak egongo ziren eta etxeko sofatik kalean gaudenoi txalotzeko denbora gutxi izango zuten.

Eskerrak dena ez dela egun baterako geratzen. Leire Palaciosek aurkezten duen Ta bihar zer? saioa martxoaren 7an ikusteko aukera izan genuen. Hartan, arlo desberdinetako emakumeak ikusi genituen eta mugimendu feministaren gaur egungo aldarrikapenak azpimarratu ziren.

Saio berezi honetarako, formatua aldatu egin dute eta Leire Palacios ez dugu kalean ikusi galderak egiten. Horretarako, Leo Bueriberiren laguntza izan dute. Palacios platoaren barruan egon da, mahai ingurua aurrera eramaten. Bitartean musika, antzezlan txiki bat eta kalean filmatutako bideo informatiboak egon dira. Saioa oso gustura ikusi ostean, gehiago ikusi eta entzuteko gogoekin geratu naiz. Plato hartan emakume gehiago zeuden, agian publiko moduan joan dira, baina beren iritzi eta ahotsak entzuteko aukerarik ez da egon. Badakit telebistan denbora mugatua izaten dela, baina saio honen iraupena luzatzeko aukera faltak pena eman dit.

Parte hartzaile guztien hitzetan mezu berdina azpimarratzen da. Berdintasunaren aldeko mugimenduan asko egin da, baina oraindik asko dago egiteko. Terapia moduko saioa izan da eta emakume guztiek beren beldurrak plazaratu dituzte pantaila txikiaren aurrean. Beldur indibidualak kolektibo egin dituzte. Saioa martxoaren 7an emititu zen, atzo Martxoaren 8a izan zen eta gaur 9a da jada. Saioak galdera bikaina egiten digu: Ta bihar zer?. Bihartik aurrera feminismoan jarraituko dugu, borroka hau egunero egiten dugun zerbait delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.